Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Patxi Frances, Zumaiako entrenatzailea

2014-09-16,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Getariak eta Zumaiak TKE Ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute asteburuan Bermeon eta Portugaleten, erlojupeko estropadetan. Txartel bakarra dago jokoan, eta haiekin batera, Meira eta Amegrove ariko dira lehian. Patxi Francesek (Donostia, 1958) Meira ikusten du igoera lortzeko hautagi nagusi. Hori horrela, Zumaiak bere arraunketa egiten eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko da,  jokoan dagoen txartela eskuratzeko. (Argazkia: Baleike.com)

 

Zer moduz doaz igoera kanporaketako prestaketa lanak?
Ditugun zailtasunak kontuan hartuta, ahalik eta ondoen prestatzen ari gara. Arraunlariak ilusio handiz ari dira entrenatzen eta kanporaketak jokatzeko gogoz gaude.


Zailtasunak aurreikusten dituzuela diozu.  Lehia handia espero al duzu?
Kanporaketa konplexua espero dugu, bai. Ligan gure aurretik geratu den Getaria bezalako ontzi lehiakorra izango dugu aurkari zuzen, baita Meira galiziarrak ere. Kontxako sailkatze proban Meirakoek 17 segundoko aldea atera ziguten, eta hori denbora tarte handia da. Beraz, jakin badakigu gauzak oso ongi egin beharko ditugula igoera lortu ahal izateko.


Kontxakoa izan daitekenaren aurrerapen bat izan zela uste al duzu?
Igoera jokatuko dugun traineruen arteko neurketa moduko bat izan zen. Ez genekien galiziarrak zer moduz ibiliko ziren, ezta zer-nolako maila emango zuten ere. Bagenekien Meirak irabazi zuela Galiziako Liga eta talde benetan indartsua zuela, eta kontxako sailkatze proban halaxe erakutsi zuten. Ondorioz, badakigu oso zaila izango dugula, baina igoerarako txartela lortu dugu eta azken paladara arte borrokatuko dugu.


Denboraldi itzela osatu duzue, nahiz eta azkenean Getaria lortu duen  izan den KAE1 Liga irabaztea.
Parekatsu samar gaude bi ontziak, baina Meira gu baino pittin bat hobeto dago. Gainera, gu biok baino talde sendoagoa duela iruditzen zait. Guk gure arraunketa egiten ahaleginduko gara, ahalik eta ondoen, eta getariarrek ere beste horrenbeste egingo dute, euren moduan. Hala ere, faborito nagusia Meira izango da.


Iaz maila galdu zenutela kontuan izanda, igoera lortzeko halako  presiorik nabari duzue?
Printzipioz, ez dugu halako sentipenik. Gainera, hau ez zen gure aurtengo helburua: traineru bat San Miguel Ligatik KAE1 Ligara jaisten denean, normalean arraunlariak beste talde batzuetara joaten dira eta taldeak desagertzeko joera izan ohi du, eta, ondorioz, asko kostatzen zaio kategoria berrira egitea. Adibidez asko daude, Castro, Arkote edo Laredo bezala. Denboraldi honetako gure asmoa taldea mantentzea zen, eta hori lortuta ohorezko txandara sartzea. Behin hori lortuta, lau bandera erdietsi ditugu, eta nik uste dut denboraldiko helburuak ongi bete ditugula. Igoera jokatzeko aukera izatea ez zen gure hasierako aurreikuspenetan sartzen. Beraz, oso pozik gaude egindako lanarekin, eta ez dugu inolako presiorik sentitzen, ez klubaren aldetik, ezta zaletuen aldetik ere. Arraunlariek gauzak txukun egin dituzte, eta hor egotea irabazi dute. Horrexegatik, disfrutatzera aterako gara asteburu honetan.


Dena dela, ez litzateke txarra izango urtea igoerarekin biribiltzea, ezta?
Jakina, ederra izango litzateke. Denboraldi onari ginga jartzeko modu egokiena igoera lortzea litzateke, baina oso konplexua izango da. Gogoan izan behar dugu denboraldi hasieran ez genuela begiz jota, baizik eta talde bat osatzea eta egonkortzea. Datorren urteari begirako zerbait bezala ikusten genuen igoera borrokatzea, baina aurten etorri da, eta mokadutxoa aurrean jarri digutenez, kosk egiten ahaleginduko gara.


Txartel bakarra dago  jokoan. Astillero kanporaketatik kanpo geratzeak kalte egiten dizue gainerakooi?
Beti dago aukera gehiago bost ontziren artean bi txartel banatzerakoan, lau ontziren artean txartel bakarra banatzerakoan baino. Zentzu horretan, probabilitate gehiago daude bi txartel jokoan daudenean, nahiz eta Astillero traineru oso indartsua izan. Baina dagoena dago, eta kontu horri ez diogu buelta gehiegirik eman nahi. Igoera lortzeko lehen postuan sailkatu beharra dago, eta horrela izan dadin saiatuko gara. Eta lortzen ez badugu, gure arraunlariak txalotzen jarraituko dugu denboraldi bikaina osatu dutelako. 

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info