Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Mikel Orbañanos, Hondarribiako entrenatzailea

2014-09-24,16:30:00

Aritz Mutiozabal. Zortzi urte geroago, Hondarribiako traineruarentzat izan da San Miguel Liga. Aurreko larunbatean Bermeon jokatu zuten azkenaurreko estropada, eta bertan irabazita erdietsi dute Mikel Orbañanosen (Orio, 1973) mutilek aurtengo titulua.

 


Azken asteburura arte itxaron behar izan duzue, Bermeoko garaipenarekin, San Miguel Liga ofizialki ospatzeko?
Hala izan da, bai. Liga lehiatua izan da, eta bagenekien azkenera arte eutsi beharko geniola mailari. Bermeon estropada on bat jokatzen baldin bagenuen, ez genuen liga azken estropadarako utzi beharko, eta horretan saiatu ginen. Kontxa pasatu ondoren ere gogo berezi bat mantendu dugu taldean, liga ongi bukatu nahi genuelako, eta, zalantzarik gabe, Bermeoko estropada arrakastatsua suertatu zitzaigun.

 


Titulua irabazteko hautagai nagusiak zineten, batez ere Liga erditik aurrera. Alde horretatik, erosoa izan al da denboraldi bukaera?
Bai, batik bat liga amaierara indartsu eta gogotsu iritsi garelako. Arraunlariak fisikoki ongi zeuden, eta hori estropadetan antzeman egiten zen. Uste dut bete-betean asmatu dugula.

 

Zuek noiz hasi zineten sinesten txapeldun izan zintezketela?
Urte hasieran zehaztutako helburua ohorezko txandan aritzea izan zen. Behin hori lortuta, traineru bakoitza nola arituko zen ikusi behar genuen, baita guk zer-nolako maila eman genezaken ere. Uda aurrera joan ahala, aurreko traineru horiekin lehiatzeko gai ginela konturatu genuen, eta, nolabait esateko, orduan hasi ginen pixka bat sinisten. Nahiz eta arraunlari aldaketa asko egin, denboraldi bukaerara puntuan iritsiko ginela aurreikusten genuen. Datuek esaten ziguten liga irabazteko lehia horretan aurkari zuzenak izango ginela.

 

Hala eta guztiz ere, liga hasiera ez zen espero bezalako izan?
Bartzelonakoa ez zen gure estropadarik onena izan, baina txanda irabaztea lortu genuen. Gainera, alde handiak egon ziren txanda batetik bestera. Gero, Galiziako bi hitzordutan, taldeko arraunlari guztiek parte hartu zutela kontuan izanda, bi hirugarren postu lortu genituen. Hori guretzako garaipen bat bezala izan zen. Hortik aurrera, erregulartasuna mantendu dugu, eta horixe izan da liga irabazteko gakoetako bat. Baita momentu zehatzetan maila oso ona eman dugulako eta garaipenak lortu ditugulako ere.

 


Lortu berri duzuena Hondarribiaren bigarren liga da. Zer-nolako zaporea du honek, lehena duela zortzi urte irabazi zenutela kontuan izanda?
Egungoa beste belaunaldi bateko arraunlariz osatutako taldea da, eta guretzako oso garrantzitsua zen liga lortzea. Eskura edukita, txapeldun izateko gogo biziak genituen. Oso pozik gaude garaipen hau talde lanean lortutakoa delako.

 


Konparatu al daiteke duela zortzi urtekoa oraingoarekin?
Ez dut oso gustuko konparaketak egitea. Orduko gauza onekin geratzen naiz, eta egun oraingo gauza onekin. Belaunaldi bakoitzari bere garrantzia eman behar zaio, besterik gabe.

 

Eta egungo belaunaldia, egungo arraunlarien lana, nola baloratuko zenuke?
Gazte onak dira, eta lana txukuna egin dute. Badakite gure lan egiteko modua zein den, eta hori ongi barneratuta dute. Alde horretatik, entrenatzaile batentzat oso gustukoa da. Arraunlariek beraiek ere garaipenak lortzeko gose handia dute, eta guztion artean funtzionamendu egokiarekin asmatzen jakin izan dugu.

  P { margin-bottom: 0.21cm; }

Zortzi urte pasatu diren arren, Hondarribia beti ibili da ohorezko txandako postuetan. Urtez urte hor goian mantentzeko sekretua zein izan da?

Lana, gogoa eta ilusioa, eta horiez gain, pazientzia. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka eta pazientziarekin jardunez gero, lanak bere fruituak ematen ditu. Orokorrean, talde osoaren lan ona izan da hor goian borrokatzen jarraitu ahal izateko sekretua.


Joseba Amunarriz patroiak Berriari eskainitako elkarrizketan zera esan zuen zutaz: “Munduko entrenatzaile onena da. Urtetik urtera gehiago ematen du”.

Hemen guztiok ikasten ditugu egunero gauzak. Egia da nik ikasten dudan guztia erakusten saiatzen naizela. Horretaz gain, arraunlariek beraiek ere asko estimatzen naute, Josebak bereziki, eta azkenean elkarren artean halako maitasun bat sortzen da. Horrek guztiak erraztu egiten du gure lana, eta hortik datoz guganako hitz horiek. Elkar maite dugulako, azken finean.


Hamahirugarren denboraldia osatu duzu Hondarribiarekin, eta bi denboraldi gehiagorako kontratua duzu, 2016ra arte. Errenkadan talde berdinarekin horrenbeste urtez jardutea gutxi batzuk egiten dute. Nahiko arraroa da, ezta?

Ez da ohikoena, egia esan. Elkarte honetan jende oso onarekin egin dut topo, eta harreman ona sortu da elkarren artean. Egoera horretan eroso eta gustura sentitzen naiz lan egiterakoan. Elkarlanak ongi funtzionatzen duelako. Azkenekoz, lau urte hitzarmen bat egin genuen, baina urtero-urtero hitz egitekotan geratu ginen, bi aldeok gustura geunden jakiteko. Gorabeherarik ez dugunez, elkarlanak aurrera jarraituko du.


Denboraldia bukatu berria da, baina datorren urtean garaipena berresteko moduan izango zaretela uste al duzu?

Bai. Belaunaldi honetako arraunlariekin garaipen garrantzitsuak lortu ditugu azken urteetan –Estatuko Txapelketa, Kontxa eta San Miguel Liga–, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu lanean, baina inolako presiorik gabe. Zalantzarik gabe, hemendik aurrera lortzen dugun guztia ongi etorria izango da.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info