Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Fermin Elosua, atleta ohia (Baleike.com)

2014-10-02,10:00:00

Gorka Zabaleta - Baleike.com. Fermin Elosuaren (Zumaia, 1938) izena ez da agertzen duela 50 urteko atletismo probetako palmaresetan, baina larunbatean Zakila Bira lasterketak omenaldia egingo dio, garai haietan kirolaren alde egindako lan isilagatik. «Ni klubeko antolaketa lanetan ibiltzen nintzen, zuzendaritzan, entrenamenduetan laguntzen… Probetan normalean ez nuen parte hartzen. Behin, Tolosan, taldeko bat falta zela eta, diskoa jaurtitzea egokitu zitzaidan. Oso urduri nengoen. Jaurti nuen diskoa eta epaileak nulo eman. Nik ez nuen ulertzen zergatik. Banekien jaurtiketa motza zela, baina horregatik ez zen izango bada! Gero azaldu zidan diskoa lurrera erori arte ezin nintzela borobiletik atera. Jaurti bezain pronto alde egin nuen nik handik…».

 

1950eko hamarkadan loraldi eder bezain laburra izan zuen atletismoak Zumaian. «Luistarrekin hasi ginen atletismoan, eta lagun talde batek pentsatu genuen kluba sortzea, Club Atletico de Zumaya (1960an). Ni zuzendaritza taldean sartu nintzen; han ziren Miguel Angel Uranga, Luis Mari Aizpurua, Juanito Linazisoro, Mariano Berastegi… Cantabrico tabernako jangelan egiten genituen bilerak». Orduan ez zegoen inolako baliabiderik, eta nola edo hala moldatu behar entrenamenduak antolatzeko. «Atletismo Español aldizkaria jasotzen genuen, eta handik ikasten genuen entrenamenduak nola prestatu; nik, batik bat, gaztetxoak entrenatzen nituen».

 

Forondako markesak zeukan zelaian egiten zituzten entrenamendu saioak. Entrenatzeko hesi gisara antxoa kaxetako egur meheak erabiltzen zituzten, bi kainaberarekin lotuta. Gimnasio entrenamenduak, berriz, Hotel Urangako garajean egiten zituzten, bertako seme Miguel Angel Uranga tartean: «Hoteleko eguzkitakoen oinarriekin egiten genuen pisu altxaketa… Bizikleta baten gurpilarekin arraunean egiteko makina ere prestatu genuen. Ahal genuen bezala moldatzen ginen».

 

Erotzat ere hartzen zituzten herrian korrika ikusten zituztenean, orduan ez baitzegoen ohiturarik. Baina ero haiek antolatzen zituzten erakustaldiek sekulako ikusmina pizten zuten herrian. «Orduan ezer gutxi zegoen herrian, eta ekitaldi jendetsuena izaten zen urtero antolatzen genuen atletismo jaialdia», gogoratu du Miguel Angel Urangak. Amaiako Plazan eta moilan egiten ziren probak. «Jauzietarako hondarra geuk ekartzen genuen Itzurundik, eta gero berriro jaso behar.

 

Lasterketerarako marrak pintatu… Geuk egiten genuen dena, antolatu eta gero parte hartu», jarraitu du Elosuak. «Erakustaldietara beste herrietako jendea gonbidatzen genuen. Gogoan daukat Benito Lertxundi kantariak ere hartu zuela parte, luzera jauzian, Orioko taldearekin».

 

Gipuzkoako txapelketetan ere izan ziren Zumaiako atletak. «Federazioan ikusi zutenean gero eta talde gehiago zeudela, orduan sortu zuten bigarren mailako txapelketa. Txapelketa hura bi urtez jarraian irabazi genuen», esan du Urangak. Baina klubak ez zuen jarraipenik izan. 1962ko denboraldia izan zen azkena. Bost hamarkada joan dira, eta orduz geroztik Zumaian ez da atletismo elkarterik izan, baina orduko lorpenak eta lan isilak gogoratzeko eta eskertzeko aukera izaten da urtero Zakila Birari esker.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info