Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Alex Uranga, bodyboarderra

2014-10-08,10:00:00

Gorka Zabaleta - Baleike. Ohi baino lehenago amaitu da aurten Munduko Bodyboard Zirkuitua, baina Alex Urangak (Zumaia, 1989) badu etxera pozik bueltatzeko arrazoirik, uda osoa munduko bazter batetik bestera ibili ostean: bosgarren amaitu du Munduko Bodyboard Zirkuitua. «Azterketak gainditzen direnean bezala, ondo egindako lanaren sentsazioa daukat, jarritako helburuak bete ditut». Portugaldik lehiaketaz asetuta bueltatu da, buruari atseden pixka bat emateko premiarekin, baina gorputzak itsasoa eskatzen dio, eta ezin olatuen deiari muzin egin. Elkarrizketarako hitzordua itsasgoraren arabera jarri du. Grabagailua itzali bezain pronto han sartu da, Itzurungo olatu artera.
 

Hirugarren denboraldia duzu maila gorenean, eta bosgarren postuan amaitu duzu urtea. Oso goian jarri duzu langa…
Denboraldi osoan oso erregularra izan naiz, aurten hori lortu dut. Lehenengo proban, Hawaiin, bosgarren sailkatu nintzen eta horri eusteko kapaz izan naiz. Zirkuituko azken txapelketara, Sintrara (Portugal), sailkapen nagusia irabazteko aukera txiki batekin iritsi nintzen, eta sentsazio hori oso polita izan da.

 

Aurreko negua oso berezia izan zen Euskal Herrian, olatuak nahi adina izan zenituzten entrenatzeko. Hori nabaritu al duzu?
Bai, neguan oso ondo prestatzeko aukera izan nuen, ikaragarria izan zen. Horrek lagundu zidan Zirkuituari indartsu heltzen, goian egoten. Eta horrek ikuspuntua erabat aldatzen dizu. Nire lehenengo bi urteetan maila gorenari eustea zen erronka, sailkapeneko azken postuei ihes egitea. Baina aurten, neure burua bost onenen artean ikusteak indartsuago egin nau. Energia gehiago ematen dizu, konfiantza duzu zure buruarengan, eta zure surfa seguruagoa da, edozein olatu hartzeko gai zara.

 

Otsailean Hawaiiko proba jokatu zenean, artean ez zegoen garbi Munduko Zirkuituak aurrera egingo ote zuen.
Arazoak egon dira, bai. Iaz arte IBA izeneko erakundeak antolatzen zuen, baina krisi ekonomikoak ez zuen batere lagundu, eta babesle asko galdu ziren. Azkenean, zorionez, bodyboardlari batzuek sortutako APB erakundeak hartu du ardura, eta lortu da gutxienez bost proba antolatzea eta zirkuitua osatzea. Datorren urterako hobetzea eta zabaltzea da asmoa. Tahitin, Malvina Uharteetan eta Frantzian probak antolatzeko aukera dago.

 

Hasieran egon ziren zalantza horiek medio, izen handia duten rider batzuek parte ez hartzea erabaki zuten txapelketan. Haien falta sumatu al duzue?
Dudarik ez. Australiarrak bota ditugu faltan batez ere: Dave Winchester, Jake Stone, Michael Novy… Haien partez brasildar gehiago sartu dira aurten, eta mailan nabaritu da. Txapelketak behar ditu, eta seguru datorren urtean bueltatuko direla.

 

Lehiaketa ohi baino lehen bukatu da. Zer gertatu da Frontoneko txapelketarekin?
Pena izan da Frontoneko (Kanariar Uharteak) txapelketa bertan behera gelditzea. Oso berezia zen denontzat, azken proba izanik, han erabakitzen zelako txapelduna, eta gainera bodyboarda zer den inon baino hobeto ikusten delako. Ikusgarria da. Zoritxarrez, probaren bultzatzaile eta babesle nagusia zena hil egin da, eta dena airean gelditu da. Bazuten maila apalagoan antolatzeko aukera, baina nahiago izan dute aurten bertan behera utzi. Ea hurrengorako martxan jartzen duten.

 

Hurrengo urterako zer helburu jarriko diozu zeure buruari? Akaso, Zirkuituko proba bat irabaztea?
Irabaztea beti da helburu, baina bai, bada garaipenen bat lortzeko garaia. Hala ere, ez da batere erraza. Zirkuituan badago jendea urte asko daramatzana, hirugarren amaitu izan duena sailkapen nagusian, eta oraindik probarik irabazi ez duena. Nik 2011n Reunion Irlan irabazi nuen, eta han zabaldu zitzaizkidan maila gorenerako ateak. Aurten Nazareko (Portugal) proba berezia irabazi nuen, eta horrek indar handia ematen dizu. Baina, bai, ea Munduko Zirkuituan beste garaipen bat lortzen dudan datorren denboraldian.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info