Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Alberto Agirrezabalaga, eskubaloi jokalaria

2014-11-10,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Kapaxkotarren anaia gazteenak, Alberto Agirrezabalagak (Zarautz, 1988), Amenabar Zarautz herriko taldean ekin zion aurtengo denboraldiari, Hungarian jokatzen aritu ondoren. Baina bat bateko eskaintza batek maletak egitera eraman du: Frantziako lehen mailako Nimes taldera. Aurreko asteburuan azterketa medikua pasatu zuen eta asteburu honetan egin dezake debuta.


Hungariatik itzuli, herriko taldean entrenatzen eta jokatzen hasi, eta orain Nimes taldearekin fitxatu duzu. Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan duzula dirudi?
Ez, banekien denboraldia Zarautzen hasiko nuela, eta eskaintza interesgarriren bat edukiz gero, Zarauzko taldeak bazekien taldea lagako nuela. Orain, aukera hau agertu zait eta ezin nion ezetzik esan.

 

Nolabait esateko, eskaintza profesional serio baten zain al zeuden?
Bai, horrela da. Liga serio batean jokatzeko aukera suertatu zait, eta hori zen nolabait nire helburua. Liga honetan zehaztuta dauden legeekin ordaintzeko ziurtasuna bermatzen dizute. Gainera, Alemaniako ligarekin batera, munduko ligarik onena dela esan genezake. Ekonomikoki eskaintza onena ez izan arren, kirol arloan izan dudan onena da.

 

Eta zer gertatu zen Csurgo taldearekin, Hungariatik berriz etxera itzultzeko?
Ez nengoen batere gustura... Bizitzan pasa dudan esperientzia txarrenetakoa izan da. Batez ere azken hilabeteak, erabat aspergarriak izan zirela. Haiek geratzeko eskaintza oso ona egin bazidaten ere, argi neukan nire ibilbidea ez zela han gauzatuko.

 

Zure ibilbide profesionala bertan behera geratzeko arriskuan ikusi al duzu uneren batean?
Bada egia esan, bai. Oso zaila da talderen batek zugan arreta jartzea Espainiako bigarren mailan jokatzen baduzu. Gero eta denbora gehiago pasa Zarautzen, orduan eta zailagoa izango zen zerbait interesgarria aurkitzea.

 

Beno, orain lasaiago zaude, Nimes taldearekin fitxatuta. Nolako taldea da, zein helburu ditu eta zer moduz moldatu zara taldera?
Talde indartsua da, batez ere atzeko lerrotan. Helburu nagusia azkar mantentzea da, eta ahal bada lehenengo zortzietan sailkatzea. Oraindik goiz da: aste bakarra daramat eta moldaketa pixkanaka-pixkanaka doa.

 

Nola etorri da eskaintza? Aurretik harremanetan ari al zineten?
Haien eskuin hegaleko jokalaria lesionatua zegoen, eta ezin partidarik jokatuta zebilen. Haren baja urte osokoa izango zela argitaratu zutenean, taldea Frantziako agente batekin harremanetan jarri zen eta hark ni deitu ninduen.

 

Dena azkarra izan da: aurreko astean azterketa medikua pasa eta asteburu honetan debutatzeko prest. Ilusioz beteta?
Bai, ilusioz beterik iritsi naiz, baina behin hona iritsita, gauzak nahiko astun doazela lehen egunetan. Jada ohituta nengoen gurasoak etxean itxaroten edukitzea edo astebukaera guztiak koadrilarekin egotea.

 

Zure anaia Mikel ere antzeko egoera batean egon zen aurreko denboraldian, Alemaniara joan aurretik etxeko taldearekin entrenatzen. Krisiak bete-betean harrapatu du eskubaloia?
Bai, ez da gauza berria. Duela 4 urte hasi zen jokalarien kanporatzea, eta horrela jarraituko duela dirudi hurrengo urteetan ere.

 

Bi anaiak Europan zehar zabiltzate. Asobal Ligan ez dago aurrera jarraitzeko bermerik?
Nire anaia Mikel orain Leongo taldera itzuliu da, baina, bai, Europan dago batez ere gure ogia gaur egun.

 

Horregatik nahiago izan al duzu Zarautzen geratu eta Espainiako beste talderen batekin ez konprometitu?
Bai, hori izan da arrazoia. Orain arte ez nuen kirol arloan ilusioz asetzen ninduen eskaintzarik, eta ez nuen nahi zerbait edukitzeagatik edonora joan derrigorturik. Etxean itxaroteko aukera hartu nuen, eta eskaintzarik ez bazen iristen etxean geratuko nintzateke. Etxean oso gustura aritu naiz.

 

Zarautzen ibili zaren bi hilabete hauetan beste anaiarekin, Davidekin, bat egin duzu. Eskubaloiaz elkarrekin gozatzeko aukera bakarrenetakoa izango zen, ezta?
Bai, lehen aldiz izan da ofizialki, eta oso ondo ulertu gara. Oso gustura egon naiz berarekin taldean. Begirada batekin bagenekien zer egin behar genuen. Hurrengo pausoa hiru anaiok elkarrekin jokatzeko aukera izatea izango litzateke ametsa egi bihurtzeko. Euskal selekzioan, esaterako, aukera izan genuen eta egun aparta izan zen.

 

Zarautzen denboraldiaurrea eta denboraldi hasiera barrutik ezagutu duzula, iaz lortutakoa berdintzeko taldea duela uste al duzu?
Oso zaila dela uste dut. Garrantzitsuena pausoz pausoz joatea da, eta gero denborak bere lekuan jarriko du taldea. Lan aparta egiten ari dira, eta emaitzak iritsiko dira. Iaz talde xume bezala agertu zen kategorian, orain faborito moduan. Baliteke hori aurka edukitzea. Hala ere, talde sendoagoak daude aurten bigarren mailan, edo beste era batera esanda, maila parekatuagoa dago. Lehen puxtarriak lortzen dituztenean gora egingo dute, hori ziur eduki.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info