Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Idoia Etxeberria, harri-jasotzailea

2014-10-13,12:00:00

Aritz Mutiozabal. 100 kiloko harri kubikoa zortzi bider jaso zuen Idoia Etxeberriak (Orio, 1992), bost minutuko saioan, Donostiako Martutene auzoko jaietan. Aurreko marka ere berea zen, duela lau urte Aian lortutakoa. Orduan, ordea, sei aldiz gutxiago bizkarreratu zuen harria.


Marka hain nabarmen haustea aurreikusten al zenuen?
Duela lau urte marka jartzera plazara joan nintzenean, ez nuen nire lana behar bezala egin. Nerbioek pasada txarra igaroarazi zidaten, eta desastre samar ibili nintzen. Ez nuen nire egunik onena izan. Haren arantza kentze aldera, Martutenetik aukera luzatu zidatenean errekor horren bila joan naiz. Egia esan, azken unera arte ez nekien garbi zer harrirekin ariko nintzen. Aiakoa zintzilik lortutako marka izan zenez, hura hobetze aldera joan nintzen igandean. Aurretiko bi jasoaldi haiek hobetzea espero nuen, eta, egia esan, zortzi jasoaldirekin lan polita egin ahal izan nuen.


Martuteneko jaietakoek errekor saiakera bat nahi zuten zure aldetik, beraz.
Hori da, bai. Hori lortzen lagunduko nindutela esan zidaten; diru aldetik haiek antolatuko zutela, alegia. Baina zer errekor eta zer harrirekin, hori nik erabakitzeko. Alde horretatik, nahi nuen harriarekin lan egiteko aukera eskaini zidaten. Zer egingo nuen erabaki ezinik ibili naizenez, nahi baino entrenamendu gutxiago eginda atera nintzen plazara. Igandean zortzi aldiz lortu nuen altxatzea, baina bederatzigarren bat ere izan nuen, baliogabetuta geratu zena.


Denbora gehiago izanez gero, marka hobea lortuko zenukeen?
Ez dakit hobetuko nukeen, baina saiakeran agerikoa izan zen harria gora eramateko segurtasun faltarekin aritu nintzela. Harri kubikoak badu zailtasun hori. Harria eta lana menderatu nituen, baina urduri nengoen eta ez nintzen eroso sentitu lanean. Segurtasun faltaren kezka horrekin.


Hala eta guztiz ere, sekulako marka.
Bai, hala da. Jakina da segurtasun hori urteen poderioz zeureganatzen duzula. Jendeak “lortuko duzu” esaten dizu, baina gero plazara joan eta ez da horren erraza. Dena dela, lan txukuna egin nuen, eta oso pozik geratu naiz. Lana hobetzeko kezka hori beti geratzen zaizu, noski, baina gustura nago lortutakoarekin.


Epe laburrera edo luzera marka bera hobetzeko asmorik ba al duzu?
Momentuz, marka hobetu dut eta saiakera pasatu da. Gerora begira, bada pentsatzen dut ahaleginduko naizela lortu berri dudan marka hobetzen. Norbera garatzen doan heinean, ezarrita dauden markak hobetzen joatea garrantzitsua da zure ibilbidea zehazteko.


Eta ba al duzu halakorik edo txapelketarik buruan?
Ez daukat markarik hobetzeko ideiarik buruan, baina edonondik dei diezadakete erakustaldiren bat egiteko edo errekor berriren bat egiteko proposamenarekin. Eta halakorik gertatzen bada, beti prest egon behar duzu zure lana egiteko. Oraingo ez dut ezer esku artean.


Eta, emakumezkoetan, aurkaririk ba al duzu une honetan harria jasotzen?
Euskadiko Txapelketan Estitxu Almandoz animatu zen, eta hura ere erakustaldi batzuk ematen ibili da han eta hemen. Azaroan 100 kiloko kopa-formako harriarekin markaren bat jartzekoa dela uste dut, gainera. Ez gara asko harria jasotzen gabiltzanak, baina gaudenok erakustaldiak eskaintzen eta maila polita ematen ari gara, eta hori garrantzitsua da.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info