Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Eduardo Larrañaga, golf jokalaria

2014-10-17,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Alps Tour 2014 zirkuituko azkenaurreko proba irabazi zuen Eduardo Larrañaga (Zarautz, 1986) golf jokalariak asteburuan, Frantziako Pont-Royal zelaian. Lehen eguneko erakustaldi bikainari esker, txapelketaren buruan kokatu zen hasieratik bukaeraraino. Garaipenak konfiantza eman dio, eta gaurtik igandea bitartean (urriaren 17tik 19ra) guztia emango du Abruzzoko Irekian (Italia), zirkuituko azken proban.


Frantziakoa izan al da zure ibilbide profesionaleko lorpenik handiena?
Inportanteena da momentuz, bai. Iaz Euskadiko Txapelketa irabazi nuen, baina hura bi egunetan jokatu genuen, eta oraingoa, berriz, lau egunetan. Alde horretatik, konplexuagoa da eta, ondorioz, garrantzitsuagoa. Kontuan izan behar da, gainera, nazioarteko txapelketa bat zela, Alps Tour zirkuitukoa. Italiarrak, frantsesak, espainiarrak, belgikarrak... golf jokalari ugarik hartzen du parte, eta maila handia dago. Esan genezake Europa mailan jokatzen den profesionaletako hirugarren mailako zirkuitua dela; lehena European Tour da eta bigarrena Challenge Tour.


Masters 13 txapelketan hasieratik bukaeraraino agindu zenuen, lau egunetan buruan izanda.
Normalean zirkuituko proba gehienak hiru errondatara jokatzen dira, hiru egunetan, baina Frantziako proba honetan sari ekonomiko handiagoak zeudenez, lau egunetara jokatu zen. Lehen erronda edo itzulia bikaina atera zitzaidan, 65 kolpetan osatu bainuen; hau da, zazpi kolpe par azpitik. Zelaia zaila zen eta horren kolpe gutxirekin osatzea, egia esan, oso ongi dago. Oker ez banago txapelketako itzulirik onena izan zen.


Abantailz baliatuta eta erregulartasuna mantenduta, txapelketa etxera, ezta?
Hala da, bai. Lehen egunetik lauzpabost kolpeko abantaila atera nien gainerako lehiakideei, eta horri ezker, txapelketa hasieratik bukaeraraino lidergoan kokatu nintzen.


Espero al zenuen garaipena eskuratzea?
Aurrez jokatutako txapelketak ez zaizkit nahi bezala atera. Urtea nahiko txarra izan da, eta nahiko gaizki sentitzen nintzen. Baina golfean inoiz ez dakizu zer gertatuko den, gauzak etengabe aldatzen baitira. Konfiantza gutxirekin ekin nion Frantziako probari, baina lehen eguneko joko bikainak asko motibatu ninduen. Konfiantza berreskuratzen joan nintzen, eta azkenean irabaztea lortu nuen.


Estreinako aldia al duzu Alps Tour zirkuituan?
Ez, aurtengoa nire bigarren urtea da zirkuituan. Garaipena lortuta, jada iaz baino hobeto bukatuko dut aurten sailkapenean. Aurretik 90. postuan nengoen kokatuta, eta orain 28. posturaino igo naiz. Garaipen batekin berehala igotzen zara zerrendan.


Garaipenak hor goian egon zaitezkeela sinesten lagunduko al dizu?
Nik uste dut baietz. Lorpen honi esker jabetu naiz txapelketak irabazi ditzakedala. Konfiantza handia hartu dut, eta bide horretatik jarraitu behar dut aurrerantzean.


Eta asteburu honetan Italian jokatuko duzue azken proba...
Asteazkenean abiatu nintzen hara, Erromatik pare bat ordutara dagoen toki batean jokatuko dugu, Abruzzoko Irekian. Honako hau hiru egunetara jokatukok da, eta ni motibatuta joango naiz.


Akaso faboritoetako bat bezala?
Ez, ez dut nire burua faboritotzat jotzen. Hala ere, orain beste lehiakideek badakite ni neu ere hor nagoela eta irabazi dezakedala. Ni guztiak ematera joango naiz, dudarik gabe.


Egun batetik bestera gorabehera handiak izaten al dituzue zelaian?
Bolada askoko kirola da golfa. Egun batean ongi moldatzen zara, baina hurrengoa erabat gaizki. Hori horrela, patxada handiarekin hartu beharra dago. Konfiantza ezinbestekoa da golfean txukun-txukun aritzeko.


Orain, 28. postuan zaudela azaldu duzu. Zein da zure helburua? Nola bukatu nahiko zenuke zirkuitua?
Sailkapen orokorrean lehen 25en artean bukatuko banu, emaitza benetan ona izango litzateke. Iaz 48. postuan bukatu nuen, beraz, jada hobetu dut nire lana. Lehenengo bospasei postuetan sailkatzen direnak Challenge Tour zirkuiturako txartela lortzen dute, baina niretzako aurten jada ezinezkoa da jomuga hori. Ea datorren urtean posible dudan.


Zirkuituarekin amaitutzat emango al duzu denboraldia?
Txapelketa honen ondoren, bi aste barru Gipuzkoako Txapelketa izango dugu Andoainen, eta gero, Euskadiko Txapelketa Bilbon. Bi lehia horiekin bukatutzat joko dut denboraldia.


Profesional mailan ez daramazu denbora asko, baina zaletasun aspaldikoa duzu.
Aurtengoa profesional mailan jokatzen aritu naizen bigarren urtea dut. Unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean profesionaletara jauzi egin nuen. Aurretik, ordea, golfean buru-belarri ibilitakoa naiz. 15 urterekin Blume Errendimendu Handiko Zentrora joan nintzen, Madrilera, eta hiru urtez izan nintzen bertan. Zaila zen guztia bateratzea, golfa eta ikasketak aldi berean egitea. Nik garbi neukan ikasten jarraitu nahi nuela, eta etxera itzuli nintzen. Behin ikasi beharrekoak ikasita, berriro heldu diot golfari.


Zeure kasa entrenatzen al duzu?
Bai, nolabait esateko. Iñaki Alustiza jokalari zarauztarrarekin batera entrenatzen naiz, eta hark gomendioak ematen dizkit. Beraz, nire kasa, baina Alustizak laguntzen dit.


Lehen mailara igotzearekin egiten al duzu amets?
Ametsa hori da, baina golf jokalari asko dago oso ongi jokatzen duena eta pausoz pauso joan beharra dago, lan asko eginez. Hori bai, amets hori galdu gabe.


Jokalari bezala, zein da zure bertute handiena?
Nik nahiko indartsu jotzen diot pilotari. Normalean, golf jokalari gehienek 250-260 metrotara bidaltzen dute pilota, eta ni 280-290 metrotara iristen naiz. Hori askotan sekulako abantaila izaten da. Izan ere, zuzen-zuzenean green-era iristen naiz.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info