Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Joseba Unanue, dardo jokalaria

2014-10-24,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Kasinoen eta neoizko argien hirira abiatuko da astelehenean Joseba Unanue (Orio, 1978). Inoiz lorik egiten ez duen Las Vegas hirira (AEB), hain zuzen ere. Bertan jokatuko da aurtengo Munduko Dardo Txapelketa, eta Unar taldeko kideak laugarrenez hartuko du parte bertan; lau probetan ariko da urriaren 31tik azaroaren 2ra. Aurreko aldietan baino denbora gutxiago prestatu bada ere, ilusioz betera doa txapelketara. Las Vegasek “beste xarma bat” duelako.


Honakoa Munduko Txapelketa batean parte hartuko duzun laugarren aldia da. Zer aldarterekin zoaz oraingo honetan?

Egia esan, aurreneko txanda gainditzea izaten da nire lehen helburua nazioarteko txapelketa batera joaten naizenean. Eta behin hori gaindituta, top32an sailkatzea. Gutxi gorabehera 250-300 partaide aritzen dira maila bakoitzean, eta kanporaketako lehiak zozketa bidez erabakitzen dira. Alde horretatik, zozketak garrantzitsuak izaten dira, aurkariak eta aurkariak baitaude.


Horrek asko baldintzatuko du, ezta?

Guk geure artean elkar ezagutzen dugu, baina urtetik urtera beti dator berriren bat indartsu. Edonork utz zaitzakeela lehiatik kanpo, alegia. Beraz, lehen kanporaketa gainditzea ez da gutxi, eta printzipioz lehen 32 postuetan sailkatzeko asmoz joaten naiz. Lehen 32 horien artean, gutxienez ere 20k elkar ezagutzen dugu. Hor jada xehetasun txikiek baldintzatzen dute aurrera jarraitzea edo kanpoan geratzea.


Zein modalitatetan hartuko duzu parte?

Master mailan, bi modalitatetan lehiatuko naiz: 501 jokoan eta Cricket-ean, hain zuzen ere. Bietan bakarka eta bikoteka jokatuko dut. Beraz, lau txapelketa jokatuko ditut. Binakakoan Sergio Ibañez valentziarra izango dut bikotekide.


2010ean txapeldunorde izan zinen...

Hala da, bai. Birritan izan nintzen txapeldunorde; hau da, bakarka Cricket-ean eta binaka 501 jokoan.


Lehen 32 postuetan sailkatzeaz hitz egin duzu lehen. Duela lau urteko lorpena berrestea zail ikusten al duzu bada?

Duela bost hilabete aita izan nintzen, eta bizitza guztiz aldatu zait. Nire lehentasun mailak asko aldatu dira, eta jada ez naiz lehen bezainbeste aritzen. Hala ere, saiatu naiz denbora urri horretan entrenatzen.


Eta aurten Las Vegasera.

Egia esan, ilusioz noa, aurtengo txapelketa Las Vegasen (AEB) jokatzen delako. 2006an jokatu nuen lehen aldiz Munduko Txapelketa batean, Chicagon (AEB), eta 2008an, bigarrenez hartu nuen parte. Hasiera batean, Las Vegasen jokatzeko zen, baina bospasei hilabete lehenago atzera bota ziren, eta Chicagon antolatu zuten berriro ere.


Nolabait esateko, Las Vegasen jokatzeko gogo horrekin geratu zinela.

Hori da. Arantza horrekin geratu nintzen. Las Vegasek, hiriaren izenak berak, glamour gehiago du beste edozein hirik baino. 2010ean, Yokohaman eta Tokion (Japonia) izan nintzen, eta zalantzarik gabe, momentuz, nire esperientziarik politena bizi izan nuen. Dena dela, Las Vegasek beste xarma bat dut: hotelak, argiak, jokoak... Iaz, adibidez, Frantzian izan zen Munduko Txapelketa, eta niretzat, behintzat, ez zeukan hainbesteko erakargarritasunik, hemen alboan baitugu.


Nola lortu zenuen Munduko Txapelketan aritzeko txartela?

Munduko Txapelketan lehiatu ahal izateko bi aukera daude: Espainiako Txapelketa irabazita edo, bestela, Europako Txapelketa irabazita. Duela laur urte, Algarven (Portugalen) irabazi behar izan nuen Japonera joan izateko, eta aurten Las Vegasera joateko txartela iaz lortu nuen Alacanten (Herrialde Katalanak) Espainiako txapeldun izanda; binakakoan erdietsi nuen garaipena, Sergio Ibañezekin, 501 jokoan. Modalitate bakarrean txapeldun izanez gero, aukera duzu Munduko Txapelketan nahi adina modalitatetan jokatzeko.


Astelehenean zarete abiatzekoak. Noiztik nora jokatuko da txapelketa?

Riviera hotel mitikoan jokatuko da, urriaren 31n eta azaroaren 1ean eta 2an. Beraz, hara iritsi eta egun batzuk izango ditugu txapelketa prestatzeko, nahiz eta hemendik harako bidaian egun oso bat galduko dugun.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info