Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Iratxe Aranburu, korrikalaria eta Zarauzko kiroldegiko zuzendaria

2014-11-06,09:00:00

Nerea Uranga - Urola Kostako Hitza. Korrika egiteari inoiz ez dio utzi Iratxe Aranburuk (Zarautz, 1976), baina azken urteetan errendimendua helburu ez da ari lehian. Dena den, lehiaren arra barrenean berriro pizten ari zaiola aitortu du. Probak eta markak egiteko lehiatzen zuen garai hartan Behobia-Donostia bi urtez segidan irabazi zuen, eta beste bitan bigarren postuan egin zuen. Garai haietara jo du HITZAk Aranbururekin Zarauzko Kiroldegiko hitzaldi aretoan, Aranburu gaur egun Zarauzko Kiroldegiko zuzendaria baita; ardura horretaz ere aritu da.

 

Behobia-Donostiak aurten 50 urte beteko ditu. Zure ustez atleta bezala zer du probak?
Nagusiki, publikoa. Azkenean, kirol festa handi bat da: jendeak jendea biltzen du, eta jende masa horretan festa izugarria da, eta sentipen desberdinak bizitzeko aukera ematen du. Garai batean, atleta bezala, errendimendu mailan ez zuen ematen ez markak ez distantziak, kasik ezta antolaketak ere. Beste edozein txokotan antolaketa hobeak daudelako. Baina, festa horren parte izateak: txalo zaparradak, jendearen emozioak… Horrek beste era batera eragiten eta motibatzen ninduen, eta urte osoan bakarlanean nenbilenerako bultzada zen.

 

Behobiak aurten 50 urte betetzen ditu. Zuk 2002an eta 2003an irabazi zenuen. Gero, 2006an, bigarren postu batekin zure marka (01:13:35) egin zenuen. Zer oroitzapen dituzu?
Atzera egin behar dut, baina daukadan oroitzapen handiena, lehenengo aldiz irabazi nuenekoa da: 01:15:38 egin nuen. Koldo Olazabalekin batera egin nuen, oso erraz. Niretzako lasterketa berria zen, eta ibilbidea oso aldrebesa iruditu zitzaidan. Jendeak nola animatzen zuen harritu ninduen: jendeak solte uzten ditu bere sentimenduak, eta feedback-a zegoen. Amaierara arte ez nintzen jabetu irabaziko nuela, eta oso goreneko une bezala daukat gogoan, batez ere Koldorekin konpartitutako ibilbide bat izan zelako. Bigarren urtean ere irabazle izan nintzen, eta 01:13:42ra jaitsiz denbora. Ordukoak ere oso oroitzapen onak ditut, baina beste era batekoak: banekien zer gertatuko zen, bizi egin nuen, eta urte osorako berriz indartu ninduen. Gero, bigarren egin nuen beste bi urtez, eta orduan egin nuen nire marka. Baina, bietan lehenaren atzetik zazpi segundora egin nuen, eta amorratuta bezala hartu nuen: nola zitekeen Behobia oso batean zazpi segundotara iristea? Kirolaren alde onak eta hobetu beharrekoak daude hor.

 

Beste proba askotako txapelak ere badituzu, baina atletari izena ematen dion proba al da Behobia?
Bai, noski. Behobiak argi puntu fokua hor jartzen du. Nire denboraldirako prestakuntzaren hasierako proba zen, eta nire markak ekaina edo abuztu aldera zetozen: estatu mailako txapelketa batean, pistan, 5.000 metroan, 10.000koan, erdi maratoian… Horren berri ez dauka jendeak, baina bai Behobiakoa. Garai hartan beti esaten nuen hori elkarrizketetan. Baina, Behobiak denboraldi osoan hor jarduteko poz hori ematen zidan, barruko indar bat. Iraupeneko atleta izanik, ordu asko joaten dira bakarrik, eta Behobiak asko orekatzen zidan barruko motibazio hori.

 

Beraz, denboraldia ondo egiteko baliogarria zitzaizun?
Bai, baina Behobian parte hartzen oso berandu hasi nintzen. Urte batzutan parte hartzeko aukerak izan nituen, baina benetan buruz prest eta kilometro horiek egiteko gai ikusi nintzenera arte ez nuen egin apustu. Hor urte dezente joan ziren: 5, 8, 10 eta 15 kilometroko lasterketak egin nituen, eta izatez eta heldutasunez egiteko gai nintzela ikusitakoan egin nuen Behobia. Hortik aurrera,  erdi maratoiak etorri ziren, eta maratoirako saltoan gelditu nintzen. Hortxe, atarian!

 

2006an egin zenuen azkenekoz Behobia. Zergatik orduan azkena?
Behobiakoa hartzen duzue erreferente, baina Azkoitia-Azpeitia Erdi Maratoian nuen jomuga jarrita, eta hor ibili nintzen borrokan. Gero, adinagatik, amatasunean sartu nintzen eta beste mota bateko maratoian egon naiz urte hauetan. Haurdun nengoenean jarraituko nuela uste nuen, korrika oso erraz egin dudalako. Baina, ama izanda, lehentasunak zeharo erraz aldatu zitzaizkidan, eta errenditzea eta lehiakorra izatea ez zen nire lehentasuna.

 

Hala ere korrika egiten segitu duzu.
Korrika egitea edo aire zabalean zerbait egitea niretzako oreka lortzeko bide bat da. Beraz, hori izan zen, bada eta izango da nire bizitzako ardatza. Errendimendu mailak eskatzen duen horretan agian errenditzeko lain banaiz, baina publikotasun hori ez dut nahi izan. Elkarrizketa hau ere pixka bat muga hori gainditzea da.

 

Jendeak gehiago eskatuko dizunaren beldur al zara?
Ez, ez. Proba batzuk egin ditut: lehenengo alabarekin Lilatoia egin nuen eta iaz mendi lasterketa bat egin nuen emakume talde batekin, beste balore batzuren barruan. Dena ematen dut, daukatenarekin egiten dut, eta emaitzen inolako beldurrik ez daukat. Beste modu bateko planak eginez ibili naiz. Baina, egia da, barruan sentitzen hasi naizela lehiatzeko behar hori.

 

Profesionalki, berriz, orain Zarauzko Kiroldegiko zuzendaria zara. Erronka, ezta?
Ibilbide profesionala irakaskuntzan hasi nuen, gero Bergarako udaletxean kudeaketan, eta orain kirol teknikari postua dut Arrasateko Udalean. Orain bi hilabete,  lanpostu honetan aritzeko bi urterako eskaintza izan dut, eta egokitzen ari naiz. Zalantzarik gabe, erronka bat da. Gauza berriei beti heldu diet, baina oso errealista izanik: dagokidan edo ez dagokidan ikusiz, nahi dudan edo ez, eta horren arabera, aurrera. Beti izan naiz zabalera egitekoa, inoiz ez naiz leku batean gauza berak egiten gelditzekoa.

 

Zarauzko kiroldegiaren erronkak zeintzuk dira?
Zarauzko eta beste edozein herritako kirola izugarrizko garrantzia hartzen ari da. Kirola diogu, baina bere izenak beste era batekoa izan beharko luke: onura fisikoa, mentala, emozionala eta soziala duena delako. Udal bezala, gure helburuak herritar aktiboa sortzea izan beharko luke. Pertsona hori bere osasunaren eta buruaren jabe, eta osasuna hobetzen ari denaren ekintzaile izateko. Egun osasun arloa gainezka dago, eta kirola hori konpentsatzeko bide ari da bilakatzen. Kirol elkarteek izugarrizko sarea osatzen dute, baina kirola herritar mota orori zabaldu behar da. Herritar aktibo izateko eskaintza ondo bermatu behar da, eta gure erronka da ziurtatzea federatu eta ez federatu arteko mota guztietako jarduera fisikoaren promozio hori. Kiroldegia topagune bat da, baina Zarauzko herri osoan praktikatzen den kirolaren ikuspegia izan behar dugu. Zarautz federatu kopuru izugarria duen herri bat da; naturguneetan eta aisialdian praktika handia duen herria; eskola adinean praktika ikaragarria duena; kontzientzia handikoa; eskaintza handikoa; eta, parte hartzen duten emakume eta gizonen herri bat. Horregatik, arlo guztietako zehar lerroen bidez hori guztia josi behar da, eta denari arreta jarri.

 

Kirol azpiegiturak txiki gelditu dira. Horri erantzuteko asmorik ba al da?
Lantzen jardun dute, eta ari dira. Udalak kontzientzia osoa du kirola asetuko duen udal instalazioak falta direla. Egoera ez da erraza, baina horri erantzutera goaz, lanketa batzuk eginez. Horretan ari gara, gai hori hor dago, eta horri erantzun nahi zaio.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info