Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Izeta III.a, Iņigo Eizagirre eta Jagoba Otaegi, harri-jasotzaileak

2014-11-06,10:30:00

Aritz Mutiozabal. Astelehen arratsaldea da, eta Zarautz Kirol Elkarteko Iñigo Eizagirre (Zarautz, 1994), agoba Otaegi (Aizarna, Zestoa, 1993) eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a (Aia, 1974) harri-jasotzaileak entrenamendu saioa egiten ari dira Izetatarrek baserrian atonduta duten harrien gimnasioan. Aurrena harri batekin eta gero bestearekin, txandaka, hainbat bider jaso dituzte bizkairreraino. Hitzordu garrantzitsua dute igandean Aian –Harri Txikien Euskadiko Harri-Jasotze Txapelketa, alegia–, eta azkeneko testak egiten ari dira Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a entrenatzailea gidari dutela.


Orotara, sei lagun lehiatuko dira, bi kategoriatan banatuta; izan ere, absolutu mailaz gain, 80 kiloz azpikoa berreskuratu du federazioak aurten. Hiruna laguna ariko dira maila bakoitzean. Absolutuetan neurtuko dituzte indarrak Izeta III.a-k eta Eizagirrek, Inhar Urruzuno ondarrutarrarekin batera. 80 azpikoetan ariko da, berriz, Otaegi; Urtzi Telleria lasartearra eta Josetxo Urrutia etxauriarra izango ditu aurrez aurre.

 

Faboritoak faborito
Bakoitza bere mailan, baina ZKEko hiru kideek txapela dute amets, nahiz eta bakoitzak jakin badakien zein den bere muga. Izeta II.a-k argi du faborito nagusiak bere anaia eta Urruzuno direla. «Hark irabazi dezake, eta nik ere irabazi dezaket. Biok pareko ibiltzen gara», ez du gehiegi konfiatu nahi Izeta III.a-k. Hiruko multzoa Eizagirrek osatzen du: «Nire lana egiteko nire burua izango dut aurkari. Lehen aldia dut txapelketa honetan, eta mirari handirik ez dut espero».


Otaegik ere estreinakoz jokatuko du Harri Txikien Euskadiko Txapelketan, eta «etxean egindako lana egitera» joango dela nabarmendu du. «Ongi entrenatu dut eta uste dut paper txukuna egin dezakedala». Dena den, ez du bere burua faboritotzat jotzen. Bere iritziz, Telleria da 80 azpikoetako txapela janzteko hautagaia.
Aiako probalekuan jokatuko du­te, 18:00etatik aurrera, eta parte-hartzaileek honako harriak erabiliko dituzte: 125 kilo errektangularra, 125 kiloko zilindrikoa edo kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola, hurrenkera horretan. Harri bakoitzarekin 3 minutuko lana osatu beharko dute. Kilo gehien altxatzen dituena izango da txapeldun; altxaldiak harri bakoitzaren kilo kopuruarekin biderkatzen dira.


Hiru harri-jasotzaileek diote  «erregulartasunean» dagoela garapena eskuratzeko gakoa. «Lau harriekin lanik txukunena egiten duena izango da irabazle», aditzera eman du Izeta III.a-k: «Lehenengo harriarekin ezin duzu topera aritu, azkenengoarekin bukatu behar baituzu».


Jasoaldi askorik ez dutela egiten dio Otaegik, eta erritmo pausatu horretan harri guztiekin ongi moldatzen direla. Hala eta guztiz ere, beretzako zailena kubikoa dela aitortu du. Eizagirrek, aitzitik, koparekin izaten ditu lanak: «Gauza guztietan naiz aldrebesa, eta kubikoa dut nik harri gustukoena».

 

Hasiberriak eta beteranoak
Parte-hartzea bakarrik «pauso handia» dela Eizagirrerentzat. Halaxe azpimarratu du entrenatzaileak: «Duela bi urte hasi zen harri-jasotzen, eta irailean kintopeko txapelketa jokatu ondoren, harri txikiak jasotzen zituela eta, animatu egin da. Alde horretatik, meritu izugarria du, orain arte ez baita harri hauekin aritu. Hauekin ongi aritzeko denbora luzea behar da».


Izeta III.a-k makina bat aldiz hartu du parte harri txikien txapelketetan, eta aurten lortu du lehen aldiz Gipuzkoako txapela. Euskadin oraindik ez du jantzi. «Garaipen hark motibazio handiagoa eman zidan, baina Euskadin Gipuzkoan baino harri bat gehiago izaten da, eta horrek asko baldintzatzen du proba».


Oro har, arantza baduela dio, baina «orain arte irabazi ez badut, aurretik jende ona izan dudalako izan da». Aurten, Haimar Irigoien eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a ez dira izango, elkarren aurkako apusturako buru-belarri aritu direlako. Alde horretatik, txapela irabazteko lehia irekiagoa geratzen da gainerakoentzat.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Š Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info