Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Joxe Makazaga, ZAEko sortzaile eta presidente ohia (Urola Kostako Hitzak iaz eginiko elkarrizketa)

2014-11-20,10:00:00

Amaia Ventas - Urola Kostako Hitza (2013/06/20). Joxe Makazagak (Zarautz, 1935) bizitza osoa egin du arraun munduan murgilduta. Hasieran arraunlari bezala, gerora ZAEko zuzendaritzako kide gisa, baita presidente bezala ere, lau urtez.  65 urterekin dena uztea erabaki zuen, baina arrauna ez du inoiz baztertu. Bere ibilbideaz zein gaur egungo arraunaz jardun dio Urola Kostako Hitza-ri.

Nondik datorkizu arraunarekiko zaletasuna?
Nik umetatik izan dut arraunarekin lotura. Aita zenarekin ikasi nuen, eta halako gogo berezia sortu zitzaidan gerora. Garai haietan gazte jendeak moilan ikasten zuen arraunean. Egungo eta orduko moilako bizimodua oso bestelakoak dira. Lehen moila arraundun ontziz josita zegoen; bakar batzuk izaten ziren motordunak. Neu ere mundu horretan sartzen joan nintzen pixkanaka.

Nolakoak ziren hasierako garai haiek?
Asko ibiltzen ginen moilan, txibiak-eta harrapatzen. Eta hala hasi ginen arraunean ere. Zarauzko moila oso arriskutsua da, ordea. Oroitzen dut nola behin barealdian moilatik irten ginen. Bat-batean olatu mordozka bat iritsi zen. Alle Punta inguruan egoten zen begiraleak agindua gaizki eman, bi olatu sartu, eta ezin izan genun moilara itzuli. Getarira joan behar izan genuen. Biotopoan ere ibiltzen ginen arraunean. Hala ere, Zarautz entrenatzeko oso leku aldrebesa da, oso zaila da behar bezala aritzea.

1961ean oriotarrak beren artean gorabeherak izan zituzten. Halako eztabaida sortu zen, eta bitan banandu zen taldea. Batzuk Sarikola aldekoak ziren, eta besteak herrikoak. Lehenbizikoak Tolosakoekin elkartu ziren, eta herrikoak ontzia osatu ezinik geratu ziren. Alvaro Azpeitiak hitzarmen bat sinatu zuen haiekin orduan, zarauztarrak eta oriotarrak elkarrekin aritzeko. Lau joaten ginen Zarauztik entrenatzera, eta Donostiako estropadetan bitan jokatu genuen hala. Ni bakarrik lehiatu nintzen Zarautzen izenean.

Kontxako estropada hura izan zen nire azken proba. Gerora ere jarraitu nuen arraunean, baina lagun artean, beste modu batera. Hala ere lehia gogorra izaten genuen elkarren artean.

 

Gerora ZAE sortu zuten.
1983an sortu zuten ZAE Zarautz Arraun Elkartea , duela ia 30 urte. Talde bat elkartu zen, Luis Sanchez tartean, eta bertan parte hartzera deitu ninduten. Buru- belarri sartu nintzen zuzendaritzan, hala. Ordutik buelta ugari eman ditugu. Hasieran Araba kalean genuen lokala, gerora malekoian. Bizilagunak kexatu egin ziren. Trabak jarri, eta nola hala Orion lokal bat lortu genuen, Arin & Enbil enpresaren pabiloi zaharrean. Orain ederki dago, ureta sartzeko pantalekin eta. Bere garaian, berriz, lokatzetan ibiltzen ginen.

Lokal hori eskuratuta, lasaitu ginen, baina, hala ere, alukeria galanta zen hura. Izan ere, beste edozein herritako arraunlarik baino ordubete gehiago behar zuten zarauztarrek entrenatzeko. Herrian bertan entrenatu ezin denez, Oriora joan-etorria egin behar da gaur egun ere.

 

Zer moduzkoak izan ziren ZAEren hasierako garaiak?
Zuzendaritzan ginenean lan izugarria egitea tokatu zitzaigun. Mutil pila batek eman zuen izena hasieran, baina gero askok utzi egin zuten. Guk artean ez genekien desapuntatzea zer zen ere! Segitu ere batzuk segitu zuten. Eta gero gazteak etorri ziren, baita emaitza onak ere. 1989an Getarian jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa. Infantil, kadete eta juniorretan lehenbiziko postuan sailkatu ginen zarauztarrok, eta seniorretan bigarren. Hura izan zen gazteentzat urte onena. Ordutik asko aldatu da guztia. Orduan ez zitzaigun burutik pasatu ere egin inoiz kadeteak edota infantilak mugikorrean ibiliko zirenik. Orain, ordea, guztiak ibiltzen dira zortzikoan.

 

Zaila al da arraunean jarraitzea?
Behin 18 urte beteta, adin kontuagatik eta entrenamenduak gogorragoak direlako, askok utzi egiten dute. Zarautzen arrauna nola ikusten den, horrek ere badu eragina. Adibide bat jartzearren: 18 urterekin zarauztar batek arrauna uztea erabakitzen badu, familia osoa gustura egongo da. Orion horrelako zerbait gertatuz gero, ordea, sesioa izango dute etxean. Orion arrauna bihotzarekin bizi dute, zarauztarrek, berriz, ez. Eta ez dago horri buelta ematerik.

Hala ere, arraunlari onak atera dira Zarauztik. Anjel Odriozola, esaterako. Hori da nire iritziz Zarautzen sortu den arraunlari onena. Berezkoa zuen, nabarmena zen. Oriora joan zen Odriozola, eta talde horrekin bostpasei Kontxa irabazi zituen.

Hura bezala, egun ere bada kanpoko taldeetan dabiltzan punta-puntako hainbat zarauztar:  Orion Jon Albizu eta Andoni Peña, Hondarribin Garikoitz Uranga, San Pedron Hegoi Intxauspe eta Mikel Zapirain eta Bersaitz Azkue Portugaleten. Urdaibaien dabil, berriz, egungo patroi onena, Gorka Aramendi zarauztarra.

Horrek ematen dit niri pena izugarria: Zarautzen halako arraunlariak izan eta kanpoko taldeetara joan behar izateak, etxean ez geratzeak. Bihotz-bihotzean sentitzen dut hori.

 

Zer iritzi duzu larunbatean aurkeztu zituzten arraunlarien gainean?
Arraunean oso ondo egiten dute, baina, nire iritzirako, mutilak gorputzez ez dira iristen; oso arinak dira. Traineruan watt-ak behar dira, indarra.


Neskena, berriz, izugarrizko berritasuna da. Neskak gogo eta grina horrekin ikustea berria da niretzat. Orain ondo ikasi, eta segida eman behar diote; hori da haien lana. Hori da falta dena, jarraipena izatea.

 

Nolakoa uste duzu izango dela aurtengo arraun denboraldia?
Izugarrizko estropadak ikusiko ahalko dira, ziur. Oriotarrak oso ongi hasi dira, maila erakusten ari dira. Duela bi urte gauzak okertu eta mailaz jaitsi ziren. Iaz, berriz, bigarren mailan emaitza onak izan zituzten, eta aurten gora egiteko prest daude, beraz. Hori dela eta, estropada ikusgarriak izango dira aurten. Hala ere denetarik gerta liteke, itsasoarekin ez baitago jakiterik. Une batetik bestera eguraldi aldatu, eta goitik behera alda daiteke egoera.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info