Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Alex Odriozola, bodyboarderra

2014-11-27,16:00:00

Aritz Mutiozabal. Bigarren urtez jarraian Euskal Bodyboard Zirkuitua irabazi du Alex Odriozolak (Zumaia, 1994). Hiru probek osatu dute, eta hiruretan podium gainean bukatu du: Zurriolan irabazi egin zuen; Zumaian hirugarrena izan zen; eta Ereagan, azkenik, bigarrena. Erregulartasunak eman dio txapela, nahiz eta denboraldiari ez zion hasiera onik eman. Datorren urteari begira, Europako Zirkuitua osatu eta emaitza on bat lortu nahi du.


Euskal Zirkuitua irabaztera bideratu al duzu aurtengo urtea?
Aurtengorako ez neukan zehaztuta helburu garbirik. Hasiera batean Europako Txapelketako zirkuitua osatzeko asmoa nuen, baina lehenengo proban ez nuen emaitza onik atera, eta ondorioz, gainerakoetan ez nuen parte hartu. Uda aurretik jokatu nuen Arcachonen, eta pixka bat desilusionatu egin nintzen, gauza ez zitzaizkidalako ongi atera eta espero baino emaitza txarragoa lortu nuelako.


Azken urtetan Europan zehar ibili zara...
Duela bi urte bosgarren postuan bukatu nuen zirkuitua; Zumaiako proban hirugarren izanik. Iaz ez nintzen oso txukun ibili eta 10. postuan bukatu nuen; zirkuituko bi proba baino ez nituen egin, Zumaiakoa eta Frantziakoa, eta beste bietara, Marokora eta Portugalera, ez nintzen joan. Aurten, txapelketarik ez da egin Zumaian, eta beste behin ez nintzen joan Marokora eta Portugalera. Ez dakit datorren urtean nola izango den. Urtetik urtera aldatu egiten dute, aurrekontuen arabera.


Lortu berri duzun garaipenak urte hasierako arantza hori kentzen lagunduko al dizu?
Bai. Gainera, Alex Urangak irabazteko aukerak zituen, eta haren aurretik geratzeak beti ematen dizu poza. Aurten, gainera, bigarren urtez jarraian irabazi dut zirkuitua. Beraz, titulua berretsi dut.


Eta zer izan da zailagoa, lehena irabaztea ala bigarren urtean txapelari eustea?
Nik esango nuke aurtengoa irabaztea zailagoa izan dela. Iaz, esaterako, Alex Urangak ez zuen hartu parte, baina aurten jokoan sartu da, eta ez dizkit gauzak horren erraz utzi.


Hiru probek osatu dute zirkuitua, eta hiruretan goiko postuetan sailkatu zara. Presio gutxiagorekin aritu zarelako etorri dira emaitzak?
Zirkuituko txapelketak lasaitasun gehiagorekin hartzen dituzu beti. Jakina, Europako probetan maila handiagoa dago, eta, alde horretatik, gehiago urduritzen zara. Izan ere, bodyboarder on gehiago izan ohi da, eta edonork irabazi dezake.


Denboraldia bukatutzat jo duzu. Zer asmo duzu datorren urteari begira?
Datorren urtean Europako Zirkuitua jokatu nahiko nuke, eta emaitza on bat lortu. Ahal izanez gero, zirkuituko proba guztietan hartu nahi dut parte. Horrez gain, Munduko Zirkuituko Portugalgo proban lehiatzea dut helburu, Sintrako txapelketan, eta, nola ez, Euskal Bodyboard Zirkuitua ere bai.


Posible ikusten al duzu emaitza on hori lortzea Europa mailan?
Hala uste dut. Duela bi urte, 18 urterekin, bosgarren postuan bukatu nuen, eta iruditzen zait datorren urteari begira postu hori hobetu dezakedala.


Pentsatzen dut atzetik zatozten euskal bodyboarder guztiok Alex Uranga izango duzuela erreferente. Hark bezala, Munduko Zirkuituan aritzea amesten al duzu?
Oraingoz ez dut ikusten posible. Babesleen aldetik ez dut jasotzen laguntza ekonomikorik, eta sosik gabe ezinezkoa da Munduko Zirkuitua osatzea. Bidaia horiek egiteko diru asko behar da eta, oraingoz, ez dut hor ikusten nire burua. Pentsa, Europako Zirkuituan lehiatu ahal izateko, bidaiatzeko azken finean, geure poltsikotik jarri behar izaten dugu dirua.


Surflarien aldean babes gutxiago al duzue bodyboarderrok?
Niri materiala ematen didate babesleek, eta alde horretatik ez dut kexarik. Baina dirurik ez dut jasotzen.


Krisia ere antzematen da zuen kirolean, ezta?
Duela urte batzuk bodyboardean aritzen zen edonork lortzen zituen babesleak, materiala lortzeko. Gero, nabarmentzen zirenei diru-laguntzak ere ematen zizkieten. Gaur egun, ordea, babes ekonomiko horiek ia-ia desagertu egin dira, nahiz eta ongi ibili.


Eta erakundeen aldetik ez duzue laguntzarik jasotzen, beka moduan?
Adin jakin batetik aurrera zailagoa da. Promesa mailatik aurrera emaitza zehatz batzuk lortu behar dituzu; esaterako, Europako edo Munduko Zirkuituan laugarrena bukatu sailkapen orokorrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen ditu laguntza horiek, eta emateko orduan oso zorrotzak dira.


Zumaian sekulako harrobia duzue. Pentsatu al duzue aurrera jarraitu ahal izateko proiekturik sortzea?
Ez dugu halako proiekturik esku artean. Alex Urangak eta biok askotan hitz egin izan dugu horretaz guztiaz, eta zer zaila dagoen nazioarte mailan bodyboardean lehiatzea. Berak bosgarren postuan bukatu du aurtengo Munduko Zirkuitua, eta laguntzak bilatzeko zailtasunak izan ohi ditu. Beraz, haren atzetik gatozenentzat are zailagoa da.


Surfean ere antzeman da beherakada...
Bai, baina oraindik ere bodyboardean baino enpresa hobeek babesten dute. Bodyboardeko Munduko Zirkuituko probek ez dute ongi antolatutako webgunerik, eta tarteka ematen dituzte saioak zuzenean. Surfeko dinamika eta funtzionamendua askoz profesionalagoa da.


Oztopoak oztopo, jarraitzeko prest, ezta?
Jarraitu jarraituko dut bodyboardean, baina ez dakit zer mailetaraino heltzeko gai izango naizen.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info