Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Idoia Etxeberria, harri-jasotzailea

2014-12-04,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Egun batetik bestera, marka ahalegin bikoitza egingo du Idoia Etxeberria (Orio, 1992) harri-jasotzaile oriotarrak. Bihar, 112,5 kiloko harri kubikoarekin ariko da Orioko plazan, herriko jaien barruan, 20:00etatik aurrera; hiru minutuko txanda bakarrean ahalik eta jasoaldi gehien ematen saiatuko da. Etzi, berriz, Mendaroko Goiñati frontoian izango da: bost minutuko bi txandetan 100 kiloko harri zilindriko berriarekin. Saioa 18:30etik aurrera izango da.


Egun bateko tartean, bi marka ahalegin egingo dituzu. Nola sortu zitzaizkizun bi aukerak elkarrengandik horren jarrai?
Lehenengo Oriokoa sortu zen. Marka jartzeko ahalegina proposatzeko zidaten, eta elkarrekin bildu ondoren, baiezkoa eman nien. Bileratik atera eta handik bi ordura, hain justu, Mendarotik deitu zidaten, eta Oriokoaren hurrengo egunean beste marka ahalegin bat egiteko aukera eman. Hasieran zalantzak izan banituen ere, entrenamendu saio batzuk egin nituen, eta bi saiakerak bideragarriak zirela ikusi nuen. Hala, bietara animatu naiz.


Bi harri eta lan ezberdin izango dira. Prestaketa ere ezberdina egin behar izan al duzu?

Bateratzeko modukoa izan da prestaketa. Bi harriekin entrenatu behar izan dut aldi berean, bi saiakerak elkarren segidan direlako, eta, beraz, bietara moldatu behar izan ditugu entrenamenduak. Ez da erraza izan, baina ahal izan dut eta ikusiko dugu zer moduz ateratzen zaizkidan bi lanak.


Lan batek bestean eragin dezaken kezkarik izango duzu, ezta?

Nik uste dut horregatik dela berezia marka hausteko bi erronkak 24 ordu barruan. Lehena ongi ateratzen baldin bada, buruak ere ongi erantzungo dio bigarrenari. Baina lehenengoan kale eginez gero, bigarrengorako ere moralki prestatuta egon beharra dago. Lanak aurretik prestatuta daude, baina egunean bertan edozer gerta daiteke. Beraz, horren aurrean burua hotz mantendu behar da, eta ahalik eta lanik txukunena egin batean zein bestean.


Orain arteko markak zeintzuk dira?

100 kiloko kubikoarekin nik neuk daukat marka, zortzi jasoaldirekin, urrian Martutenen lortua. Baina 112,5 kiloko kubikoarekin ez dago oraindik errekor ofizialik dagoen segurantziarik, ezta 100 kiloko koparekin ere. Beraz, altxaldi bakarrarekin jada marka jarriko nuke bi erronketan. Altxaldi hori lortzeaz gain, lan polita egin nahiko nuke bi ahaleginetan.


Animatuta al zaude?

Bai, bestela ez dago horrelako erronkei baietz esaterik. Buruak eta fisikoak ongi egon behar dute horrelako erabakiak hartzeko. Entrenamenduetan eroso sentitu naiz, pixkanaka hobetuz joan naizela ikusi dut, eta horregatik esan diegu baietz bi aukerei. Urduritasuna beti agertzen da halakoetan. Konfiantza izan behar duzu zeure buruarengan, baina kezka puntu hori beharrezkoa da erne egoteko.


Bi saiakera hauetan marka jarriz gero, urtea hiru errekorrekin bukatuko zenuke.

Bai, hiru errekorrekin eta Euskadiko Txapelketako txapelarekin. Ona izango litzake, ezta? Iazko urtea nahiko kaskarra izan zen, besteak beste, nire prestatzailea zendu zelako. Dena dela, egoerari buelta eman ahal izan diogu, eta hori guztia lortzea kristorena izango litzateke. Egunerokotasuneko lanaren fruitua, nolabait esateko, eta nire inguruko guztiak poztuko liratekeela.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info