Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Eneko Llanos

2011-06-06,12:00:00

Zarauzko Triatloiak irabazle bat baldin badu, hori Eneko Llanos (Gasteiz, 1976) da. Hamar bider igo da probako podiumera: zortzi aldiz irabazi du –azkeneko bostak jarraian–, eta bigarren eta hirugarren ere izan da. Iraupen luzeko triatloi probetan espezialista da, eta palmares ikaragarria du; besteak beste, 2008an Hawaiko Ironman proban txapeldunorde izan zen eta 2010ean Iraupen Luzeko Triatloian Europako txapeldun. Nazioarteko triatleta onenetakoa da, berriki Texaseko (AEB) Ironmanean erakutsi duen bezala. Zarauzko herriarekin lotura estua du aspalditik, eta beretzat bertako triatloia denboraldiko ezinbesteko hitzordu bihurtu du.

Zarauzko Triatloian garaipen gehien duen triatleta izanda, ezinbestekoa izango al da XXV. urteurrenekoan ere irabaztea?

Zarauzko Triatloia beti da berezia. Aurten, agian, pixka bat gehiago, urtemuga kontuan hartuta. Edonola ere, niretzat betidanik izanda proba garrantzitsua, eta parte hartu izan dudan guztietan beti saiatu naiz ahalik eta ondoen egin eta, noski, garaipena lortzen. Aurten ikusiko dugu nola moldatzen naizen, baina helburu, zalantzarik gabe, irabaztea da.
Urteurrenean bederatzigarren txapela janztea izango litzateke hori; seigarrena jarraian, gainera.  Horrek Zarauzko proban aurkaririk ez duzula esan nahi al du?
Ez, aurkariak beti daude. Aurten, gainera, inoiz baino maila altuagoa egongo da. Beraz, inoiz baino zailagoa izango da garapena lortzea. Lasterketa egunean ikusiko dugu zer gertatzen den, baina inoizko lasterketarik gogorrena izango da. Aurreko urtetan baino zailagoa, alegia.
Horrek kezkatu egiten al zaitu?
Neure buruak nola erantzungo ote duen kezkatzen nau. Izan ere, duela bi aste Ironman proba jokatu eta irabazi nuen Texasen (AEB), eta Zarauzko probarako denbora tarte laburra izan dut atseden hartzeko.  Ondorioz, nola errekuperatzen naizen eta ze sasoi puntuan iristen naizen kezkatzen nau. Beraz, ehunko ehunean egotea zaila izango da. Aurkariei dagokienez, Timo Bratch alemaniarra oso indartsu etorriko da. Bera ere faborito nagusietako bat izango da. Era berean, Mikel Elgezabal gernikarra eta Mathias Hecht suitzarra ere ariko dira lehian. Parte-hartzaileen zerrenda ez dut behar bezala begiratu, baina punta-puntako hiruzpalau triatleta izango ditut alboan.
Aurten, urteurrenarekin batera, hainbat aldaketa egin dute ibilbidean; batez ere, bizikletako sektorean. Horrek eragin nabarmenik izango al du zure kasuan?
Egia esan, ez dakit ziur. Zirkuituak lehen bezain gogorra izaten jarraitzen du. Aiako igoera kendu dute antolatzaileek, baina haren ordez, bizikletako azken kilometrotan Garate gaina igo beharko dugu. Ez da Aiako igoera bezain gogorra, eta, alde horretatik, pixka bat bigundu dute. Dena dela, proba jokatzen ari zarenean, gogorra egiten zaizu edozein aldapa. Ez dakit aldaketak eraginik izango duen ala ez, baina beti bezain exigentea izaten jarraituko du. 
Aldaketak aldaketa, zortzi aldiz irabazi ondoren, probako ibilbidea buruz jakingo duzu, ezta?
Aurreko ibilbidea oso ongi ezagutzen nuen, bai. Aurtengoa, zertxobait ezberdina da, baina Zarautz eta bere ingurua ongi ezagutzen dut, eta urtero bezain ongi moldatzea espero dut larunbatean.
Zein da Zarauzko Triatloiko zure zatirik gustukoena?
Zarautzek duen politena, oro har, giroa da. Igeriketako zatia berezia da; autobusa hartzen dugu parte-hartzaile guztiok Getariara joateko eta hor, jada, triatleten artean sekulako giroa sortzen da. Horrekin batera, itsas zeharkaldia oso ikusgarria da. Baina herrian bertan topatzen dugun animazioa skulakoa da, eta uste dut hori dela Zarauzko probak duen bereizgarri nabarmenena.
Bereizgarri hori izan al da probaren jarraikortasunaren giltza?
Nik hala uste dut. Oso triatloi berezia da, eta Zarautzen sortzen den giroa eta jendearen etengabeko animoak nekez aurkitzen dira beste tokitan. Horrexegatik du oihartzuna, eta horrexegatik da parte-hartzaileen gustuko.
Zuri dagokiozunez, Zarauzko Triatloia denboraldiko helburuetako bat al da ala gerora jokatuko duzun beste proba baterako prestaketa?
Esan dezakegu Zarauzkoa ez dela denboraldiko helburu nagusienetariko bat. Izan ere, denboraldi hasiera Texaseko Ironman probara bideratu dut. Beraz, Zarauzko Triatloia ez datorkit urteko sasoirik egokienean. Edonola ere, urteko nire ohiko hitzorduetako bat da, eta beti nahi izaten dut erakustaldi ona eman bertan. Nahiz eta aurten nahi bezala ez dudan prestatu, beti da helburu. Zalantzarik gabe, podiumera igotzeko borrokatuko naiz.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info