Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Adur Letamendia, surflaria

2014-12-11,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Urria erdialdean zabaldu zuten Getxoko Punta Galea Challenge olatu handien txapelketa jokatzeko epealdia. Alerta berdea, ordea, astelehenean piztu zuten, proba bihar (abenduak 11) jokatuko dela iragarriz. Parte hartuko duten 24 surflarien artean Adur Letamendia (Zarautz, 1982) ariko da, olatu handien nazioarteko zirkuituan lehian dabilen euskal surflari bakarra.


Luze egin al zaizu itxaronaldia?
Horretan gehiegi ez pentsatzea da onena, eta unea iristean prest egotea. Itsasoa tartean dagoenean ezin duzu zure aldetik ezer egin; itxaron, besterik ez. Itsasoa pizten denean orduan jartzen zara urduri.  Pena izaten da halako txapelketa bat antolatu, eta negu osoa pasa ondoren jokatu gabe geratzea. Batzuetan abenduan etortzen da itsasaldia, eta besteetan urtarrilean. Inoiz ez da jakiten. Beraz, prest egon beharra da­go, baina uneoro horretan pentsatu gabe.

Zer moduz aurkitzen zara?
Ondo. Olatu handitan aritzeko batez ere esperientzia behar izaten da. Gero eta gehiago ibili, orduan eta eskarmentu handiagoa zeureganatzen duzu. Nik 31 urte ditut, eta 16 urte ingururekin hasi nintzen olatu handiak hartzen. Beraz, badaramat urte mordoxka bat bizipen latzak eta ez horren latzak izaten. Esperientziaz gain, bi  gauza izan behar dira kontuan: batetik, fisikoki ongi egotea, eta, bestetik, burua bare. Niri dagokionez, fisikoki ongi aurkitzen naiz, nahiz eta ez dudan nahi adina surf egin azkenaldian. Burua beti lasai edukitzen saiatzen naiz, eta hori lortzen badut uretan ongi moldatuko naiz.

Ez zara txapelketan ariko den zarauztar bakarra, ezta?
Hasiera batean, Indar Unanue, Aritz Aranburu eta hirurok parte hartzekoak ginen, baina Aranburu ez da izango, une honetan Hawaiin dabilelako lehian. Beraz, Gipuzkoatik Unanue eta biok izango gara Punta Galean.

Eta nola ikusten duzu laguna?
Niri iruditzen zait Unanue ni baino surflari hobea dela. Asko entrenatzen du, eta txapelketatik kanpo ere beti dabil uretan. Oso surflari trebea da, gainera.  Bestalde, bion artean oso gauza kuriosoa sortu da: azken bost urtetan biok elkarrekin joan gara auto berean Punta Galeako txapelketara, eta urte horietan guztietan sariren bat lortuta itzuli gara etxera. Beraz, ohikoak gara lehia horretan.

Sariak aipatu dituzu...
Bai, duela bost urte berak irabazi zuen, eta duela lau ere sariren bat lortu zuen. Orain dela hiru urte txapelketako olatu hoberena hartu nuen nik, eta hurrengo urtean finalera iritsi nintzen, hirugarren sailkatuz. Iaz ere finalera heldu nintzen, eta txapelketako euskal surflari onena izan nintzen.

Zer duzue talisman modukoa?
Badirudi baietz. Olatu handiko txapelketa askorik ez dago, eta honako honetan antolatzaileen lana azpimarratu behar da, beti pauso bat aurrera egiten saiatzen direlako. Oraintxe bertan ASP nazioarteko surf elkartearen barruan dago, eta hori guretzat oso garrantzitsua da, uretan profesionalekin zaudelako. Hawaii, Hego Afrika eta Australiako espezialistak datoz, surflari oso onak. Era berean, haien ondoan guk geuk ere ikasi egiten du­gu, eta guk ikasten badugu, gure ondorengoei irakatsiko ahal izango diegu. Nazioarteko txapelketak norbere lurraldean izatea oso aberasgarriak dira.

Aurten estreinakoz barneratu al da ASPko zirkuituan?
Iaz zirkuiturako puntuagarria zen proba gisa hartu zuten, nahiz eta zirkuituaren barruan ez sartu. Aurten jada zirkuituan barneratu dute. Denboraldiko bira sei probak osatzen dute: hego hemisferioan, Peru, Txile eta Hego Afrikak, eta ipar hemisferioan, Mexiko, Hawaii eta Euskal Herriak. Beraz, Getxokoa nazioarteko zirkuituko txapelketetako bat da. Horregatik da garratzitsua aurtengo ekitaldia, inoizko mailarik handiena izango duelako.

Zirkuituari dagokionez, bertan ari zara lehian. Nola sortu zen aukera?
Iaz Punta Galeako proba ASPrako baliagarria zen, eta ni finalera iritsi nintzen, laugarren postuan bukatuz. Ondorioz, urte hasierako munduko sailkapenean 13. postuan kokatu nintzen ia-ia oharkabean. Zirkuituko probetan sailkapeneko lehen hamabi sailkatuek hartzen dute parte, baina surflariren batek kale egingo balu, lesioagatik edo beste edozerengatik, niri ematen didate haren partez lehiatzeko aukera, sailkapenean hurrengoa naizelako. Modu horretan, Peruko Pico Alton aritu naiz lehian aurten. Beraz, urte osoa nago erne, batera edo bestera surf egitera joateko.
 
Nolako esperientzia izaten ari da?
Oso ona, baina aldi berean arraroa. Nik nire lana dut, eta ez naiz surfa praktikatzeagatik bizi. Orduan, bat-batean halako gauza batean ibiltzea sekulako ohorea da. Hala ere, nire lehentasunak lana eta familia dira, eta honako hau opari polit bat da.

Olatu handietako lehietan zer hartu behar izaten da kontuan?
Itsasaldi handiko surfaldietan zortea eragile garrantzitsua izaten da. Jakina, eremua ongi ezagutzeak aldeko jokatzen du.  Dena dela, iaz Aritz Aranburu eta Axi Muniain lehenengo kanporaketan joan ziren kalera Punta Galean, eta sekulako surflariak dira. Horrelakoetan, askotan, naturarekin bat egin behar duzu, eta lotura hori lortzen ez baduzu kalera zoaz. Izan ere, 45 minututan bi olatu on hartu behar dituzu. Beraz, hainbat eragile daude olatu handitako probetan: trebetasuna, zortea, itsasoa ongi irakurtzea... Hori guztia oso polita da.

Bederatzi metroko olatuak iragarri dituzte biharko txapelketarako.
Olatuak zehatz neurtzea oso zaila izaten da, itsasoa mugikorra eta aldakorra delako; gero, buia batzuk beste batzuk baino gehiago tamaina handiagokoa dela erregistratzen dute. Azkenean, bertatik bertara ikustea da egokiena. Oro har, sentipen kontuak izaten dira.

Zu kontziente al zara halako olatu bat hartzera zoazenean zer-nolako horma duzun atzean?
Horrelako txapelketa batean taula gainean egoten zara olatua noiz etorri zain, eta hartu behar duzun olatua aurrean duzunean polita izateaz gain oso arrskutsua izaten da. Une horretan, zuk uste baino gehiago itxaron behar duzu arraunean hasi aurretik, bestela gainean lehertzen zaizu. Beraz, itxaroten duzun momentu horretan badirudi olatua gainera eroriko zaizula, eta zazpi metroko olatu bat denean sekulako errespetua ematen dizu. Uretako motorrekin olatua hartzen duzunean ez zara jabetzen olatu horrek hartzen duen dimentsioaz; aitzitik, arraunean erabat jakitun zara.

Ibon Amatriain, Axi Muniain, Indar Unanue, Aritz Aranburu eta zu zeu. Zer gertatzen zaizue Zarauzko surflarioi olatu erraldoiekin?
Askotan galdetu izan digute hori. Egia esan, guztiok lagunak gara eta surfa bakarkako kirola bada ere, beti dituzu lagunak aldamenean. Horretaz aparte, Amatriain beti izan da erreferentzi bat edo lider bat gu guztiontzat. Beste belaunaldi batekoa da, eta beti bakarrik aritu izan da gu umeak ginen bitartean. Nolabait esateko, ateak ireki zizkigun ondoren gentozen guztioi. Horrelako normait herrian duzunean beregandik ikasten duzu, eta hori gurpil bat bezala da.  Hori dela eta, niri gustatuko litzaidake belaunaldi berriak olatu handietara animatzea.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info