Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Tibur Etxeberria, pala jokalaria

2015-01-07,12:00:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza . Abenduaren 28an jokatu zuen Tibur Etxeberriak (Orio, 1969) bere azken partida ofiziala. 20 urte baino gehiago aritu da larruzko paletan jokatzen, eta 2014 bukaeran erretiroa hartzea erabaki zuen oriotarrak. Gainera, Gipuzkoako Pilota Elkarteak 2014ko Gipuzkoako Kirolari Onena Sarirako proposatu zuen. Saria irabaztea lortu ez bazuen ere, gustura dago Etxeberria.

2014ko Gipuzkoako kirolari onena izendatzeko proposatu zintuen Gipuzkoako Pilota Federazioak. Ohorea izan al da zuretzat?
Hainbeste pilotariren artean ni aukeratu izana ohorea da. Kirol ibilbideagatik hautatu naute, eta erregulartasunagatik aukeratua izatea niretzat oso garrantzitsua da. Gainera, oraintsu utzi dut pilota, eta ilusio handia eman dit aitortza horrek.

20 urte inguru daramazu pilotan jokatzen. Urte asko dira. Zer eman dizu pilotak hainbeste urtetan jarraitzeko?
20 urte baino gehiago dira. 1991n hasi nintzen pilotan. Pilotak gauza asko eman dizkit. Alde batetik, heziketa eman dit. Lehen ere banuen, baina pilotak lagunarekiko eta arerioarekiko errespetua eman dit, ezagun asko eta lagun batzuk. Bestetik, pilotagatik izan ez balitz, inoiz ezagutuko ez nituzkeen herrialdeak ere ezagutu ditut. Euskal Selekzioarekin Espainiatik kanpo ibili naiz, eta niretzat benetan aberasgarria izan da pilotak eman didana.

Zer balorazio egiten duzu zure pilotari ibilbideaz?
Txapel asko irabazi ditut urte hauetan zehar, baina pilotan hasi nintzenean ez nuen pentsatu ere egiten honaino iritsiko nintzenik. Pilota gustatzen zitzaidalako hasi nintzen pilotan jokatzen; eta gauza batek bestea ekarri du. Ikusi nuen maila nahiko txukuna nuela, neure buruari gehiago eskatu nion eta sekula pentsatuko ez nituzkeen gauzak lortzera iritsi naiz. Hasieran ez zen hori niri helburua.

 

Nolatan hasi zinen palaz jokatzen?
Gure etxean pilotarekiko zaletasuna genuen. Gure aita zena pilotazale amorratua zen, eta Orioko frontoian hasi nintzen eskuz jokatzen. Hala ere, nik eskuetatik asko sufritzen nuen, eta 14 urte ingururekin gomazko pilotarekin palaz jokatzen hasi nintzen herri mailan. 20 urte ingururekin larruzko pilota probatzen hasi nintzen, eta hortik aurrera larruzko pilotan murgildu nintzen serio-serio; eta gaur arte.

20 urteko ibilbidean erritmo desberdinean jokatuko zenuen. Nola gogoratzen dituzu garai onak?
Orain 45 urte ditut, eta azken lau urteetan lehen baino txapelketa gutxiago jokatu ditut. Bolada oso fuertea izan nuen 30 urte inguru nituenean. Sasoiko nengoen. Txapelketa gehienetan izena eman eta parte hartzen genuen. Maila ona genuenez, txapelketa horietan nahiko gora iristen ginen, eta txapelketa eta partida gehiago sortzen zitzaizkigun. Osasunak laguntzen zidan, eta gorputzak ere eusten zidan. Gustura sentitzen ginen.

Zer dela-eta erabaki duzu pilota uztea?
Hasieran nuen ilusio, motibazio eta gogo bera dut. Dena dela, fisikoki antzematen dut nekea. Bizkarretik eta gerritik gaizki ibiltzen naiz. Orain, entrenamendu bat egin edo partida bat jokatu, eta hurrengo egunean min izaten dut. Hiru-lau urte daramat sentipen horrekin, eta azkenean uztea erabaki dut.

20 urtetan zehar txapelketak eta entrenamenduak izan dituzu. Hala ere, ez zara pilotatik bizi izan, ezta?
Ez, pilota afizioa da, ez ofizioa. Askok ez dute sinesten, baina guk pilotan jokatzeagatik dirua galdu egiten dugu. Guretzat afizioa da,  beste batzuentzat ehiza izan daitekeen bezala. Zorionez, lana badut, eta horrek afizioa ordaintzeko aukera ematen dit. Dirua galduko dugu, baina osasuna irabazten dugu.


Nola ikusten duzu gaur egun pilota?

Pilota asko aldatu da ni gaztea nintzenetik. Orion, esaterako, ni gaztea nintzenean oso zaila izaten zen iluntze partean frontoian jokatzeko ordua hartzea; beteta egoten zen beti. Orain iluntzeko 19:00etan etorri, eta askotan hutsik izaten da. Astean zehar ordu gehiago egongo da hutsik beteta baino. Hau ez da Orion bakarrik gertatu, Euskal Herri osoan lehen baino gutxiago jokatzen da pilotan. Lehen kirol gutxi egiteko aukera zegoen, eta orain, berriz, eskaintza askoz handiagoa da. Pena da, baina ez dugu jakin pilotaren xarma gazteei zabaltzen.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info