Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Mikel Etxeberria, txakur kros lasterkaria

2015-01-14,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Aurreko igandean Zumaiako Txakur Kros lasterketa irabazi zuen Mikel Etxeberriak (Zumaia, 1983 ), Duke txakurra bidaide harturik. Denboraldiko hirugarren garaipena du lasterkari zumaiarrak, eta gustura dago azken boladan erakusten ari den mailarekin. Asteburu honetan Comillasen (Kantabria, Espainia) izango da, Espainiako Kopako proba bat jokatzen.


Lasterketa ikusgarria izan zen Zumaiakoa, azkenera arte lehia estua izan zenutelako.
Lasterketa burua aldatzen joan zen uneoro, eta azken momentuan esprintean erabaki genuen garaipena. Lehia parekatua izan zen, oso estua, eta azkenean nik irabazi nuen, Joxe Felipe Larrazabalen aurretik. Iaz hark irabazi zidan, lau segundoko aldearekin, eta aurten ere hortxe ibiliko zela espero nuen. Banekien irabazteko aukerak neuzkala, baina nire dudekin, bera ere oso lasterkari ona baita.


Irteeran gorabehera batzuk izan zituen Larrazabalek, ezta?
Arazoak izan zituen eta txakurrak ihes egin zion. Ondorioz, atzean geratu zen, txakurra harrapatu behar izan zuelako. Hala ere, kilometro batzuk egin ondoren, atzetik geneukala ikusi nuen. Ez zuen denbora askorik galdu eta, beraz, bukaera arte lasterketa oso gogor joango zela ohartu nintzen. Anaiak (Pedro Etxeberria) ere aurrea hartzen zidan aldian-aldian, eta jarraian nik bera. Horrela, hirurok batera iritsi ginen azken kilometrora, eta esprintean bukatu genuen.


Iazko txapelduna azken txanpan mendean hartzea errebantxa moduko zerbait izan al da?
Pixka bat, bai. Aurtengoa lasterketaren laugarren aldia izan da: lehenengo bietan anaiak irabazi zuen, eta hirugarrena Larrazabalek. Iaz irabazteko itxaropena neukan, baina Larrazabalek kendu zidan, eta aurten poza sentitu dut alderantzizkoa gertatu denean.


Etxean irabazteak, gainera, bestelako poza emango du, ezta?
Bai, hala da. Guk antolatzen dugun lasterketa bat da, eta poza ematen du bertan irabazteak. Podiuma osatu genuen hiru lasterkariok Canun taldeko kideak gara, eta elkarren aurka aritzen gara lehian toki guztietan, baina etxean geuk irabazi nahi genuen.


Orioko Txakur Krosa ere irabazi zenuen...
Aurtengo denboraldian hiru proba irabazi ditut: Oriokoaz eta Zumaiakoaz gain, Etxabarrikoa ere bai. Beste bietan, Orion eta Etxabarrin, anaiak eta Larrazabalek ez zuten hartu parte, Espainiako Kopako probak jokatzera joan zirelako. Ni, berriki aita izan naizenez, etxe aldetik geratu nintzen, eta hemengo probatan irteteko aprobetxatu nuen. Egia esan, nahiko erraz irabazi nuen horietan, nahiz eta Orion azken bi kilometrotara arte aurkaria orpoz orpo izan nuen. Bestalde, Euskadiko Txapelketan bigarren izan nintzen seniorretan, Bergarako Gorlan, azaro erdialdean.


Espainiako Txapelketan laugarren ere izan zinen abenduan.
Han aurkari gehiago ginen, eta laugarren sailkatu nintzen. Krosetan ia profesional gisa aritzen diren Galiziako bi lagunek hartu zuten, eta haien aurka aritzea ezinezkoa da, kilometroa hiru minutu azpitik korritzen dutelako. Hirugarren postuaren bila joan nintzen, baina Burgosko batek kendu zidan bost segundogatik. Bi egunetan jokatu genuen: larunbatean bi segundo atera nizkion nik, eta igandean hark niri zazpi segundo.


Europako Txapelketan lehiatzeko asmorik ba al duzu?
Aurten ez naiz joan, baina agian datorren urtean joateko aukerak izan ditzaket. Oso zaila da bertan irabaztea, maila benetan handia dagoelako; besteak beste, frantsesen eta belgikarren artean. Aurten, anaiak hartu du parte, eta zortzigarren postuan bukatu du.


Zure anaiak makina bat garaipen erdietsi ditu azken urteetan. Orain, zu ere topera zabiltza. Nolabait esateko, itzala egiten hasi al zara berari?
Beno, iaz anaiak eta biok senior mailan lehiatu genuen, baina aurten berak beteranoetan korritzen du, 40 urtetik gorakoetan. Egia esan, postu asko jan dizkiot azken urtean. Aldapa gorakoetan bera nagusitzen da normalean, urte gehiago daramatzalako modalitatean, baina gainerakoetan irabazi egiten diot, esprint gehiago dudalako. Hori litzateke bion arteko gakoa.


Bistakoa da urte batetik bestera jauzi kualitatibo bat egin duzula.
Iaztik hona hobetu egin dut. Urtetik urtera errekorrak jartzen ari naiz, eta maila handiagoa dut. Aurten, Zumaiako probako marka lau segundogatik ezin izan dut hobetu, baina lehiatu ginen guztiok sekulako maila eman genuen.

 

Argazkia: Gorka Zabaleta-Baleike

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info