Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jon Ertzilla, Playeruak aplikazioaren sortzailea

2015-01-22,10:00:00

Amaia Ventas-Aritz Mutiozabal. Zarauzko 71. Hondartzako Futbol Txapelketako lehen fasea jokatuta, erabaki dira gizonezkoen zein taldek jokatuko duten Liga, eta zeinek Kopa. Bigarren faseari igande honetan emango diote hasiera, txapelketa bakoitzaren lehen jardunaldiarekin. Haiekin batera, emakumezkoek zortzigarren jardunaldia izango dute jokoan, 13:00etatik aurrera. Informazio hori guztia eta gehiago aurki daiteke Playeruak aplikazioan. Jon Ertzilla ingeniari informatiko zarauztarrak sortu du, eta dagoeneko eskuragarri dago, doan, Smartphone eta tabletetarako.

Nondik sortu zitzaizun ideia?
Urritik nabil ni autonomo moduan aplikazioak sortzen tablet eta sakeleko telefonoetarako. Eta, horrez gain, zortzi urte daramatzat plaieroetara jokatzen. Taldeko batek zirikatu egin ninduen, eta hortik hasi zen guztia. Hasieran gure taldearen inguruko aplikazio bat egitea zen ideia, baina laburregia iruditu zitzaidan. Atalak gehitzen joan ziren heinean, txapelketa osoari buruzko aplikazioa egitea posible zela ikusi nuen.

 
Zer aurki dezake erabiltzaileak Playeruak aplikazioan?
Era askotako atalak ditu. Menu nagusi bat du, beste bat Berriak izenekoa, hondartzako futbol txapelketari buruz komunikabideetan jasotako albisteei buruz, eta azkenengoa jardunaldien ingurukoa da. Bertan, begirada azkar batean, azken jardunaldiko emaitzak eta hurrengo partidak noiz diren agertzen da. Menu nagusiak azpiatalak ditu, era berean. Batetik, sailkapena dago; txapelketan neskak zein mutilak zein postutan dauden zehazten du. Bestetik, hurrengo jardunaldien informazio zehatza aurki daiteke: zein eremutan jokatzen duen talde bakoitzak, nori dagokion joko eremua markatzea eta eguraldiaren iragarpena, besteak beste. Horrekin batera, txapelketako egutegi osoa izango du erabiltzaileak eskura. Laugarren atalean talde guztien inguruko informazioa aurki daiteke: argazkiak, historia, elastikoa eta jokalarien zerrenda, kasu.

Atal gehiago ditu gainera, ezta?
Gainontzekoak Hondartzako Futbol Txapelketarekin zerikusia duten hainbat atal dira. Plaieroek jende asko mugitzen dute, eguraldi ona egiten duenean argazki eta bideo ugari ateratzen dituzte… Hori guztia sartu dut zenbait galeriatan. Horiek astero eguneratzen joaten naiz, eta argazkilarien informazioa ere aurki daiteke bertan. Halaber, Arraio irratiko Izerditan blai saioko podcast-a gehitu dut. Azken atalean, informazio gehigarria dago, zein bertsio den eta nirekin nola jarri harremanetan, besteak beste.

Zer moduzko harrera izan du?
Berrehun pertsonatik gorak jaitsi dute dagoeneko. Kontentu nago, duela gutxi atera baitzen. Lehenbiziko bertsioa abendu erdialdean kaleratu nuen, garapenari dagokionez. Eguneraketa, ordea, ez da amaitzen. Astero sartzen ditut datu berriak aplikazioa bizirik egoteko eta informazio berria eskaintzeko. Izan ere, aplikazioa ez da denboraldi honetarako bakarrik; etorkizunean talde berriak-eta sortzen direnean aplikazioak martxan jarraituko du.

Ez da, beraz, lana bukatu. Aplikazioa gehiago garatzea aurreikusi al duzu?
Oraingoz hala utziko dut, datorren denboraldira arte ez diot atalik gehituko. Baina, aurrera begira, Arraio irratikoek egiten duten kiniela sartzea ere pentsatzen dut. Orain buruari bueltak eman behar dizkiot, ondo funtziona dezan.Galeria tematikoak gehitzea ere pentsatu nuen. Gaiaren arabera, hainbat atal gehitzea: izan finaletako irudiekin, izan argazki historikoekin… Hori da beste aukera posible bat.

Ideiarik ez zaizu falta.
Hau hasiera besterik ez da. Ikusi beharra dago jendeak zenbateraino erabiliko duen eta zer iruditzen zaion. Horregatik, erabiltzaileek beldurrik gabe euren iritzia ematea eta ekarpenak egitea nahiko nuke, aplikazioa hobetzen joateko.

Ezaugarri garbi bat du, gainera: euskara hutsean dago.
Bai, hori garbi izan dut hasieratik. Herriko jendearentzat delako, hemen euskara ia guztiok erabiltzen dugulako… Gaztelaniaz ere egin nezakeen, baina kontuan izanda aplikazio gehienak erdaraz direla eta euskaraz ezer gutxi dagoela, euskara hutsean egitea pentsatu nuen.

Eta, herrikoa izanik, izena ere hizkera herrikoian jarri diozu: Playeruak.
Badakit ez dela oso euskara jatorra, baina mundu guztiak hala deitzen dionez… Hala egin nuen.

Proiektu gehiago ere egin duzu.
Urritik ari naiz autonomo gisa lanean, eta ordutik hiru sistema eragile nagusientzako egin dudan bigarren proiektu borobila da hau. Bestea San Prudentzio Hotelerako egin nuen, bertako bezeroek hotelaren inguruko informazio osoa eskura zezaten. Hori lau hizkuntzatan egin nuen, bezeroak kanpotik etor daitezkeelako. Hori ere eguneratzen joaten naiz.

Autonomo izan aurretik ere landu dituzu aplikazioak, ordea.
Aurrez ere egin ditut beste hainbat, bai, baina amateur moduan.  Skapa batzordearen eta Lou Topet musika taldearen aplikazioak, esaterako. Skapakoek festetako egitarauaren inguruko aplikazio bat egin nahi zuten. Orduan ez nuen hainbeste kontrolatzen. Hori eraldatu egin nahi dut, aplikazio txukun eta bizia egin, urteko hamar egunetan soilik erabili ordez urte osorakoa izan dadin.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info