Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Mario Azurza, surflaria

2015-01-23,11:30:00

Amaia Ventas-Aritz Mutiozabal. Ciruelo Europan zehar. Izen hori jarri dio Mario Azurza surflari zarauztarrak otsaila erdialdera hasiko duen bere lehenbiziko proiektu pertsonalari. Bere helburua da erakustea Europako olatuak surfeatzeaz gain, norberak jarritako erronkak bete daitezkeela. 9.000 kilometrotik gora egingo ditu zarauztarrak bere auto txikian, «asko jota» bi taularekin eta beste ezer gutxirekin. «Bere horretan abentura bat izatea nahi dut».

Duela urtebete hasi zen Azurza proiektu horri bueltak ematen. «Orain arte egin ditudan proiektu guztiak norbaitekin egin ditut, eta gogoa nuen proiektu pertsonal bat aurrera eramateko». «Zortea» izan du, eta txikitatik bidaiatu izan du munduan zehar. Beti Europatik kanpo, ordea. «Gogo handia daukat, batez ere Italia ezagutu eta bertako olatuak surfeatzeko». Orain «gertu dagoena» ezagutzeko baliatuko du, beraz, bidaia hori. Bidaia zehatz-mehatz noiz hasiko duen ez daki oraindik. Lehenbiziko geldialdia Bartzelonan (Herrialde Katalanak) egingo du, eta horren arabera jarriko du irteera eguna: «Mediterraneoa ez da Kantauri itsasoa bezala. Ez da olatu asko egoten. Hori dela-eta, itsasaldiren bat iritsi zain egon behar dut». Enbaten jarraipena egingo du, eta Mediterraneo itsasoa harrotzen hasi bezain pronto ekingo dio bidaiari. Bartzelonatik Italia aldera egingo du salto, Napolira. Eta hortik Europako beste lau hiritara: Alemaniako Zurichera, Munichera eta Berlinera eta Herbereetako Amsterdam ingurura. Berlin bisitatu egingo du, ez baita inoiz egon bertan. Zurichen, Munichen eta Amsterdamen surfeatu, surfeatuko du. Lehenbiziko bi hirietan ibaietan, gainera.

Herbehereetatik Eskoziara joko du ferry-an, Manchako itsasartearen bitartez. Handik Frantziara, eta etxera buelta. Guztira, 9.000 kilometrotik gora. Berlinez gain, beste zenbait hiri ere bisitatuko ditu: Cannes, Monaco, Erroma eta Milan, esaterako. Bidaiaren helburua ez baita surfa soilik. «Bidaia honekin pare bat gauza erakutsi nahi ditut. Batetik, Europan ere olatuak badaudela.


Horregatik, hainbat eratako olatuak nahi ditut surfeatu: Mediterraneokoak, ibaietakoak… Eta erakutsi, Europan ere surf kultura garrantzitsu bat dagoela». Beste asmoa, eta garrantzitsuena, helburuak betetzea posible dela erakustea da: «Erronka bat jarriz gero, ilusioarekin eta gogoarekin, lor daitekeela erakutsi nahi dut». Islatu nahi du «abentura izpiritu» hori.

 

Autoa, abenturaren osagai
Eta abentura betea izango denez, bere autoan egitea erabaki du. Lagun batek eman zion iaz; Mikel Landak. 1997koa da, eta Servicio Tecnico du izena. «Opel Corsa bat da, auto oso txikia. Ateetan Euskal Sofa- Servicio Tecnico jartzen du. Nola bada, sofentzat zerbitzu teknikoa? Nola auto txiki horrekin? Xelebrea da». Abenturaren beste zati bat izango da autoa bera. «Auto on batekin egingo banu, ez litzateke gauza bera izango». Oraindik autoa tailerrera eraman beharra dauka. «Oraingoz ongi dabil, baina lausotu egiten da. Zaharra da, eta lehenbiziko gauza hori kontrolatzea da. Ea bidaia osoa irauten didan», esan du. Lehenbiziko bi asteak lagun batekin emango ditu, lagunarekin eta haren kamerarekin. Borja Respaldizak Azurzaren abentura filmatuko du 15 egunez. Bost egunetik behin-edo, material pixka bat biltzen duenean bideo txiki bat egin eta bere blogean—elciruelosblog.com —argitaratzea da bere asmoa. Bideoetan surf mundua erakusteaz gain herrialde bakoitzeko gastronomia, kultura… islatuko ditu. Uretatik harago dagoena, alegia: «Normalean bidai- etako bideoak egiten ditugunean itsasoan gertatzen dena erakusten dugu. Hortik kanpo gertatzen dena ez da azaltzen». Eta zati hori asko gustatzen zaio surflari gazteari: «Helburua surfeatzea da, uretan gertatzen dena ondo dago, baina kanpoan gertatzen dena ere oso dibertigarria izaten da».

Gerora ere ez da bakarrik egongo: «Aritz (Aranburu), Gallo (Aitor Frantzesena), beste hainbat lagun… bidaian zehar etapa batzuk nirekin egitera etorriko dira». Horrez gain, leku guztietan lagunak ditu surflariak, Alemanian, Italian… «Leku guztietan lagun onak izatea garrantzitsua da». Asko jota bi taula eramateko asmoa du, eta «autoan kabitzen zaiona». Kanpin-denda bat ere hartuko du, badaezpada ere, eta baita lozakua ere. Hosteletan egingo du lo, eta gonbidatzen duten lekuetan. «Duela hilabete-edo eman nuen proiektuaren berri nire blogean. Eta Erromatik idatzi zidaten, han nagoenean euren etxera gonbidatuz».

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info