Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jokin Aranburu, txirrindularia

2015-01-28,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Denboraldi oparoa osatu zuen iaz pistako txirrindularitzan Zarauztarra taldeko Jokin Aranburuk (Zarautz, 1997): Euskadiko txapeldun, Espainiako txapelketan lau domina eta Europako Txapelketan parte-hartzeko aukera. Aurten bigarren urtea du junior mailan, eskarmentu handiagoa, eta dagoeneko erakusten hasi da lehietan. Orain dela gutxi Gipuzkoa Saria lortu baitu.
 

Hasiera bikaina eman diozu urteari, neguko saria irabazita.
Aurreko urteetan ezin izan dut irabazi, eta aurten lortu dudala, oso pozik nago. Honakoa laugarren aldia izan da txapelketa honetan lehiatu naizena. Kadeteetako lehen urtean hirugarren sailkatu nintzen; kadeteetako bigarren urtean, bigarren; eta iaz, juniorretako lehen urtean, laugarren edo bosgarren izan nintzen. Iaz berandu heldu nion prestaketari eta urtea ez zen oso santu joan. Orain garaipena lortuta, konturatu naiz egindako lana bere fruituak ematen hasi dela; hots, neguan zehar sufritutako guztiak, osatutako entrenamenduak guztiak, bere emaitzak dakartzala. Horrek poz ikaragarria ematen du.

 

Hainbat probak osatzen dute txapelketa, eta guztietan lehen postuetan sailkatu zara jardunaldiz jardunaldi.
Bederatzi jardunaldi jokatu ditugu, eta jardunaldi bakoitzean hiru proba jokatu ditugu. Komeni da proba guztietan aurrealdean ibiltzea ahalik eta puntu gehien eskuratzeko, eta sailkapen orokorrean ongi kokatzeko. Alde horretatik, aurten erregularra izatea lortu dut, eta horrek saria lortzera eraman nau.

 

Zer aldatu da zugan aurreko denboraldietatik hona?
Aurten, hasieratik hasi naiz serio entrenatzen. Gainera, iaz pistan buru-belarri aritu nintzen, eta Europako Txapelketan lehiatu izanak esperientzia handia eman zidan. Azkenean, aurreko urteetan egindako lana baliagarria izan zait guztiz, eta, horrek guztiak ahalbidetu du txapelketa irabaztea.

 

Gipuzkoa Saria lortzea handia da, baina helburu garrantzitsuak ere izango dituzu, ezta?
Gipuzkoa Saria ez da aurtengo helburu nagusia, baina badu bere garrantzia, noski. Dena dela, eta zalantzarik gabe, nire helburu nagusia iaz bezala Europako Txapelketan parte-hartzea litzateke, eta aukera hori izango banu, ahalik eta emaitza txukunena lortzea. Ondoren, Espainiako Txapelketa jokatuko da, eta bertan iazko lorpenak berdindu nahiko nituzke.

 

Aurten bigarren urtea duzu junior mailan. Hori aldeko faktorea al da?
Urte bat gehiago izatea abantaila da, batik bat esperientzia aldetik.

 

Asteburu honetan Gipuzkoako Txapelketa izango duzue jokoan (urtarrilak 31, larunbata), Donostiako belodromoan. Gipuzkoa Saria zureganatuta, txapelketa irabazteko erantzukizunik ba al duzu?
Neguko saria irabazita presio apur bat sentitzen dut, baina tira! Ahalik eta ondoen ibiltzen saiatuko naiz, eta gero gerokoak. Zarauztarra taldeko Aratz Olaizola kidea ere oso ondo aritzen da pistan, eta ea biok podiumera igotzeko aukera dugun. Hori da nahiko nukeena.

 

Ondoren errepideko denboraldia hasiko litzateke?
Bai, otsailaren 1ean bukatuko dira Gipuzkoan pistako lehiak, eta jada martxoan errepideko denboraldiari ekingo digu, iraila bitartean iraungo duena. Errepidean lasterketa bat irabaztea gustatuko litzaidake, eta ahal bada Espainiako Txapelketan lehiatzea euskal selekzioarekin; eta hori gertatuz gero, lan txukuna egin talde bezala. Iazko denboraldia nahiko arraro joan zen, pistako Europako Txapelketa prestatzeko egun dezente pasatu nituelako Mallorcan (Herrialde Katalanak) Espainiako selekzioarekin. Joan-etorrian ibili nintzen, eta helburu nagusiak pistan nituenez, horretara jarri nintzen buru-belarri, errepidea alde batera utzita.

 

Egutegi nahiko aldrebesa dirudi. Beti izaten al da horrela?
Denboraldiko ekitaldi nagusienak udan jokatzen dira, txirrindularitza bera udarekin lotuta dagoelako nagusiki. Askotan errepideko lasterketak eta pistako txapelketak bat egiten dute, eta nire ustez hori ez da egokiena. Ezin duzu bi eremutan zure onenean egon aldi berean; gauza batean ondo bazaude, bestean ere ongi ariko zara, baina ez zure gorenean. Bietako bat hautatu behar duzu ezinbestean: bata prestatu ala bestea.

 

Eta zuk zeure burua zer duzu pistako ala errepideko txirrindulari bezala?
Bi modalitatetan ikusten dut nire burua. Hala ere, oraintxe bertan gehiago naiz pistako txirrindularia, batez ere azken urteetan izan dudan joeragatik, eta, aldi berean, oso gustuko dudalako. Egia esan, zaila egiten zait horri erantzutea.

 

Aurten azken urtea duzu junior mailan, eta datorren denboraldian seniorretara egingo duzu jauzi, afizionatuetara. Gehienek errepidera jotzen dute. Pistan ba al dago jarraipenik? Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizunera begira jarriko banintz, bizikleta uztea izango litzateke egokiena. Ezin naiz epe luzera begira jarri. Momentuaz gozatzen saiatzen naiz, besterik gabe. Bestetik, Euskal Herrian errepideko txirrindularitzak zaletu asko ditu, bistakoa baita Frantziako Tourrak zer-nolako ikusmina duen hemen. Txirrindulari gehienak errepidera begiratzen dute, baina nik uste dut pistan aukera gehiago daudela. Pistako txirrindularitza kirol olinpikoa da, eta beste kirol batzuetan baino beka gehiago bideratzen dira. Alde horretatik, Olinpiar Jokoetan edo dominaren bat lortuz gero, hurrengo lau urteak bermatuta dituzu.

 

Olinpiar Jokoak aipatu dituzu. Horrekin egiten al duzu amets?
Ametsa beti da amets, eta hori zure baitan dago. Oraingoz zaletasuna dut txirrindularitza, eta amets hori urruti ikusten dut. Egiten dudanaz gozatzen jarraitu nahi dut, eta ikusiko duzu zer gertatzen den ondoren.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info