Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Axi Muniain, surflaria

2015-02-17,10:00:00

Amaia Ventas-Aritz Mutiozabal. Axi Muniain nekaezina da,  beti dago erronka berriei heltzeko prest. Dela Marokon gauez surfeatzeko, dela kosta gordeak miatzeko, dela gertuko zein urrutiko olatu beldurgarriak hartzeko…  Eta, hori guztia, beti irribarre bat ahoan duela. Azken zortzi urteetan Europan zehar esploratzaile lanetan jardun du. Azken denboraldian Galiziako kosta ezkututan ibili da, olatu ezezagunak ehizatzen eta horiek dokumentatzen. Material ikusgarri horrekin dokumental bat ari da prestatzen zarauztarra: Costa da Morte. Muturreko surfaren azken muga du izena.


Ez du halamoduz egin nahi, ordea. «Profesionalki landu nahi dut, lantalde bat antolatu eta indar handiko lan bat egin. Ez dut nahi urte hauetako dokumentazio grafiko hori guztia halamoduz erretzerik». Udaberrirako kaleratu ahalko luke, badauka materiala lan borobil bat egiteko, baina harago nahi du joan: «Lan hau lur hark eskaini didanaren ordaina izatea nahi dut. Ni maitemindu nauen hori mundura zabaldu nahi dut».

Hori dela-eta, Galiziako kultura, gastronomia, aberastasuna… erakusteko asmoa dauka. «Lurralde hura oso aberatsa da natura aldetik. Sekulako ibaiak, lakuak… ditu, eta horiek sortzen dituzten harea bankuak oso oparoak izaten dira ekaitz handietan babesean olatu handiak surfeatzeko. Hainbat faktore du, eta horregatik oso aberatsa da Galizia kirol jakin batzuk praktikatzeko». Hori guztia «internazionalizatu» nahi du Muniainek.

Proiektu honen jatorria Irlandara egindako bidaia batean dago. Mikel Larrañagarekin, Pablo Garciarekin eta Iñigo Idigorasekin batera negu gordinean bidaiatu zuen bertara. «Sekulako giro kaskarra eta arazo tekniko ugari» pairatu behar izan zituzten han. Eta, sufritze horretan, amesten hasi ziren lau surflariak. «Pentsatzen hasi ginen zeinen eroso egongo ginatekeen ekaitzaren lehen lerroan geure beharretara egokitutako kamioi edo autobus bat izanez gero. Horrek ere emango ligukeela aukera gune jakin batean surfeatu eta hurrengo goizean berriz ere uretaratzeko, bertan indarberritu eta gero».

Irlandatik bueltan, autobusen eta kamioien eskaintza aztertu zuten, bateren bat erosi eta egokitzeko asmoarekin. Uda iritsi bezala, ordea, neguko «berotu» hura pasatu egin zen. Haren kideek euren egunerokoari heldu zioten, eta Muniain bakarrik geratu zen «ideia ero harekin». Kamioi egokia topatu bezain pronto heldu zion proiektuari. Zergatik? Europan zehar bidaiatzen jarraitu nahi zuelako olatu erraldoien bila, logistika eta erosotasun guztia soinean eramanda.

 

Kosta ezkutuen aurkitzaile
Urte eta erdiz kamioia moldatu ostean, etxetik ahalik eta gertuen erronka berrien bila hasi zen. Geologo eta ozeanografo talde batekin ongi aztertu ondoren, ikusi zuen Galiziak bazuela potentziala zentzu horretan. «Lurmutur bat da, itsaso zabalera irekita. Norabide ezberdinetatik sekulako itsasaldiak sartzen dira bertara», azaldu du zarauztarrak. Hori dela-eta, ez ditu une «samurrak» bizi izan: «Kosta hori oso maltzurra da, oso malkartsua. Sakonerak bat-batekoak dira, eta hor sortzen diren korronte eta mutazioak bestelakoak dira gu ohituta gauden itsasoaren irakurketarekin alderatuz». Bortitza da, hitz bakar batean esanda. Baina, txanponak baditu bi alde. Galizia, aldi berean, oso purua delako, birjina. Eta horrek lotu du Muniain.

Zerbait berria topatzeko bilaketa horretan, kostalde berri bat miatu du Muniainek, Costa da Morte deritzona, bere ispilua den Jerome Sahyoun marokoarra bidelagun hartuta. Eta dokumentatzen joan dira bitartean. Horregatik, askotan itsasaldi handiak sakrifikatu behar izan dituzte ezagutzen ez dituzten beste olatuak deskubritzeko. «Prezioa garestia da, baina badu bere ordaina».

Hain zuzen, kostalde guztiko olatu bortitzena topatu baitu, uretako motoen laguntzarekin. Eta aurkitzaile on bezala, izena jarri dio. «Hango haitz multzoak A Tremosa du izena, baina jendeak hasiera batean surfeatu genituen olatuak ez kokatzeko izenak jarri genizkien. Nik bati nire neskalagunaren izena jarri nion, nire erokeria guztiak babesteagatik: Eli’s».

«Horren alboan beste urautsi bat zegoen, eta esan nien kideei izugarrizko munstrotzarra altxako zela itsasaldi handi bat sartzen zenean. Hasieran Ali’s jarri genion». Saharan, desertuaren erdian bi osagai elkartu eta izugarrizko menuak egiten dituen sukaldariaren omenez izendatu zuten hala. Gerora, kideek Axi’s deitu zioten olatu horri, berak aurrez esandakoa bete baitzen. «Itsasaldia sartu zenean, izugarrizko eskuin olatua esnatu zen urautsi hartan».

 

Surfaren alde ezkutua
Muniain ez da olatuetara soilik mugatu, surfaren alde ezezaguna erakutsi nahi baitu dokumentalarekin. Lurralde hartako magia, jendea eta aberastasuna aireratzeaz gain, teknologia berrien abantailak eta desabantailak nabarmentzeko asmoa du surflariak.

Sare sozialek eskatzen duten berehalakotasun horren eta kalitatezko lan baten arteko talka erakutsi, esaterako: «Askotan garrantzia handiagoa du, nahiz eta kalitate gehiegi ez izan, berria emateak, kalitatezko lana bera egiteak baino. Horrek eragozpen asko sortzen ditu, eta horren inguruan kontzientziatu nahi dugu jendea».

Dagoeneko zabaldu dute Interneten Galiziako esperientziaren aurrerapen bideo bat. Dokumentala egiteko, ordea, denbora beharko du. Ate joka ari da orain, babes bila dokumentazio lan hori guztia modu profesionalean eskaintzeko.

 

Surflari estralurtarrak
Erronka berriak topatzeko bide horretan, surfaren munduan jorratu gabeko beste ildo nabarmen bat eskaintzeko helburuarekin abiatu zuten Sahyounek eta Muniainek Invasion lana, iaz: gaueko surfaldiak erakustekoa, alegia. «Ikusi genuen hor sekulako potentziala zegoela, izugarrizko irudiak ateratzeko aukera zegoela». Pukasen taula argitsuak Marokora eraman, eta Safiko portu inguruan hamabi bat dorre argiztatu jarri zituzten surf saio berezi bat egiteko.  Mundakaren kontrakoa deitzen dioten eskuineko olatuan egin zuten saio berezia, munduko olatu onenetariko batean.

 

Zerbait berria eskaintzeaz gain, euren marka nahi zuten finkatu. Esperimentu horrek emaitza onak eman eta film labur friki bat sortzea erabaki zuen. «Jerome eta biak humanoide batzuk gara, eta ikaragarri gustuko dugu surfa. Abantaila bereziak ditugu, argia eta denbora menderatzeko gaitasuna. Saio batez gozatzen ari garenean bateria bukatzen zaie taulei, eta espaziontzi inudeari deitzen diogu, bateriak kargatzeko».

 

Oihartzun handia izan du lan horrek, 700.000 bisita izan ditu, eta «oso kontentu» daude. Hori dela-eta, bide horretatik jarraitu nahi dute, gauez olatu garrantzitsuak ehizatzen Maroko aldean. Inbasioa zabaltzeko asmoa ere badute, eta Kantauriko kostara ere heldu nahi du Muniainek, eta bertan olatu handien saio bat egin, gauez. Orain horri forma ematen ari dira, eta datorren negurako prest izango dela aurreratu du, Donostia 2016rako.

Muniaini ez zaio gustatzen «bustitzea» olatuen neurria ematerako orduan, baina urtarrilaren 9an Planeixan hartutakoa «benetan handia» zela nabarmendu du  (Jabi Iraizoz).


XXL olaturik ez dio ihes egiten
Urtarrilaren 9an hartu zuen Muniainek Planeixa inguruan XXL Big Wave Award olatu handien lehiaketakorako izendatu duten olatua. Egun horretako itsasaldia ez zen oso trinkoa, serie handiak sartzen ziren, baina oso urriak ziren. «Aukera gutxi izanda, banekien bai ala bai ehizatu beharra nuela etortzen zen olatua. Horregatik, oso erabakiorra zen nire kokapena». Olatua hartzeko unean olatua oso altxata zegoela azaldu du Muniainek, eta ez zekiela nola jaitsi ahalko zuen. «Baina, kolpe bortitzena libratzeko aukera eman zidan, eta ongi joan zen».


Sasoian egotea, norbere burua ongi ezagutzea, autokontrola, odol hotza izatea… Horiek dira urezko hormen aurrean izan behar diren ezaugarriak Muniainen ustez. Baina, baita odol beroa ere. «Odol hotzarekin soilik hotz gera zaitezke, eta olatuak ihes egin diezakezu. Bestelako puntu bat ere izan behar da: uste osoa, eta konfiantza. Saiatzeko orduan, dena eman behar da».

Martxora arte aurkeztu ahal dira lehiaketara hautagaitzak. Gero, epaimahai batek material guztia aztertu eta martxo amaierarako finaleko bost hautagaiak zehaztuko ditu. Los Angelesen  (AEB) da jaialdia, eta bertan jakinaraziko dute irabazlea zein den.

Zarauztarra bost aldiz izan da XXL Big Wave Award-eko finalista, eta «oso harro» sentitzen da horretaz, are gehiago etxean hartu duelako olatu handia. Baina, badu arantza bat ere: urteren batean etxera txapela ekartzekoa, hain zuzen. «Ea aurten posible den».


Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info