Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gorka Eizmendi, auto-gidaria

2015-02-27,10:30:00

Aritz Mutiozabal. Eizmendi Rally Team sortu dute Gorka Eizmendik (Aia, 1987) eta bere taldeak. Auto lasterketetan arituko diren seigarren denboraldia da, eta ilusioz beteta abiatu dute erronka berria.

 

Lehenik eta behin, zer da Eizmendi Rally Team?
Ez da eskuderia edo lasterketa talde bat. Ni pilotu autonomo bezala aritzen naiz, eta nirekin lasterketetan aritzen diren lagun talde bat dut. Ni naiz lasterketetan parte hartzen duena, baina taldeari izen ofizial bat jarri diogu, irudi aldetik eta izapide aldetik gauzak errazagoak izan daitezen.

 

Zer aldatzen da aurreko urteetatik hona?
Aurreko urteetatik aldatu dena da profesionalizatzen edo semiprofesionalizatzen ari garela. Lan asko egiten ari gara babesleak lortzeko orduan. Gero eta baldintza hobeak ditugu, eta talde serioago bat osatzen ari gara pixkanaka-pixkanaka. Azken urteetako ibilbidearen poderioz, esperientzia zabalagoa dugu orain.

 

Jauzi kualitatibo bat al da?
Bai, nolabait esateko jauzi kualitatiboa da, profesionalizatze aldera. Jakina, gero bakoitzak geure lana dugu, honek ez baitu bizitzeko lain ematen. Hala ere, nahi dugu herritarrek ikustea ez goazela geure kabuz autoarekin buelta bat ematera. Itxurazko talde baten irudia eman nahi dugu, bai arropari dagokionez, bai asistentzia aldetik.

 

Irudi hori eskutik joango da ondoren lortu nahi dituzuen helburuekin, ezta? Anbizio gehiagorekin izango al zarete aurten?
Autoen munduak erlazio zuzena du diruarekin; hau da, auto oso ona edukitzeko diru asko izan behar duzu. Euskal Herri mailan, gurea ez da auto irabazle bat, baina bai lasterketa oro lehen hiru postuetan bukatzeko modukoa. Eizmendi Rally Team taldearen helburua erregularrak izatea da eta, hala, aukerarik badago, txapelketa bera irabazten saiatuko gara. Aurreko urteetan hartutako esperientzia, gainera, balio erantsia izango da guretzat. Bizitza honetan egunero ikasten da zerbait, eta aurreko urteetako lasterketek esperientzia eman digute aurrera jarraitzeko.

 

Ba al duzue irabazteko moduko probarik egutegian?
Lasterketa guztietan irteten gara irabaztera, dudarik gabe, baina egia da lasterketa batzuk egokiagoak direla autoarentzat beste batzuk baino. Batzuk ez dira izaten oso egokiak errepide motagatik, baina agian, beste auto batzuentzat primerakoak dira. Esaterako, denboraldi hasierako lasterketako errepideak zikin eta estu samarrak dira, eta justu samar ibiliko gara lehen hiru postu horietan sailkatzeko.

 

Zein dira lehen proba horiek?
Martxoaren 1ean, igandean abiatuko dugu denboraldia, eta Gabirikoa izango da lehen lasterketa. Martxoan beste bi lasterketa jokatuko ditugu; Goierriko Rallysprinta eta Hondarribikoa. Lehenengo hiru horietan pixka bat sufritzea tokatuko zaigu. Hortik aurrera, Azpeitikoa eta Alegikoa etorriko dira. Gure autoarentzat mesedegarriagoak izan daitezke; lasterketa bera irabazteko moduan izango gara. Denboraldi erditik aurrera Bizkaian murgilduko gara, eta txapelketa bukaerari indartsu heldu nahi diogu irabaztera joateko.

 

Rallyak, rallysprintak eta igoerak, denetik jokatuko duzue?
Rallyetan eta rallysprintetan lehiatuko gara Euskal Herri mailan. Aiako igoera bakarrik jokatuko dugu, etxean delako. Igoeretan kopilotu gabe aritzen gara pilotuok, eta lasterketek bestelako planteamendua izaten dute.

 

Euskal Herriko mugez harago lehiatzeko asmorik ba al duzue?
Urtero-urtero Espainiako bizpahiru lasterketara gonbidatzen gaituzte, talde nahikoa ikusgarria garelako. Kantabriatik, Soriatik, eta aurten, Bierzotik (Galizia) ere deitu digute. Azken bi horietara joateko asmoa dugu; Soriakora lagun batzuek antolatzen dutelako, eta Bierzokora, lehen aldia izango delako.

 

Diseinua goitik behera aldatuta, autoa lehengo bera al da?
Iaz urte amaieran auto berria erosi genuen, BMW M3a. Atze trakziodun autoa da, eta 300 zalditik gora ditu. Auto honek pilotuari asko transmititzen dio, eta ikusleentzat ere ikusgarria da; beraz, geuk eta publikoak, denok gozatuko dugu auto berriarekin. Orain arte bezala, Haritz Olasagasti Errota izango dut kopilotu, talde ona osatzen dugu, elkar ondo ezagutzen baitugu.

 

Aldaketekin eta ilusioz beteta abiatuko duzue, beraz, denboraldia.
Aurten jokatuko duguna seigarren denboraldia izango da, eta inoiz baino baldintza hobeak ditugu. Uste dugu aurretik egindako lanak denboraldian zehar emaitzak emango dituela. Apustu serioa egin dugu; babesleek ahalegin handia egin dute, eta orain guri tokatzen zaigu lan egitea. Lasterketaz lasterketa joan behar da horrelakoetan; ahal dugun lanik onena egingo dugu emaitzak iritsi daitezen.

 

Gorka Eizmendik eta Haritz Olasagastik ostiral iluntzean egin zuten rallyetarako autoaren aurkezpena, Orion.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info