Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Iñaki Bidegain

2011-06-22,12:00:00

Neurologoa da Iñaki Bidegain (Donostia, 1950), Azterketa eta Diagnosi Zerbitzuko buru eta sendagile zuzendaria Gipuzkoako Aspacen. Horrez gain, idazlea eta pilotazale amorratua ere bada. Ogibidea eta zaletasunak uztartzeko gaitasuna duela erakutsi zuen duela lau urte, Banaka liburua argitaratu zuenean. Orain, Lauterdi. Final mitikoaren anatomia plazaratu berri du; joan den ostiralean aurkeztu zuen Zazpi Kultur Etxean. Aurreko lana bezala, honako hau ere gaztelaniaz idatzi du, eta Jexus Zufiria zarauztarrak itzuli du euskarara.


Lehenik eta behin, zein da  lau t'erdiko final mitiko hura?
Gehienentzat, ez baldin bada guztiontzat, Julian Retegik eta Augusto Ibañez Titinek 1997an elkarren aurka jokatu zutena, Gasteizko Ogeta frontoian. Nik, behintzat, hala bizi izan nuen eta horregatik jarri diot izenburu hori. Segun aski, gainera, jende asko ados egongo da nirekin.  


Eta zergatik da mitikoa?
Alde batetik, Titin gaztea zelako eta indar askorekin zetorrelako, eta, bestetik, Julianek 43 urte zituelako. Guztiok konbentzituta geunden gazteak mendean hartuko zuela, baina, era berean, geure zalantzak genituen. Retegik beti egiten zituen gauza zailak, ongi entrenatzen zen, gorputza oso indartsu zuen oraindik... eta, nola ez, itxaropen txiki bat bazegoen.


Zalantzak ez ziren alferrekoak izan.
Partida abian jarri eta erdialdean, dudak gutxituz joan ziren. Titin aurretik joan zen uneoro markagailuan: 15-10, 20-15 eta 21-17, hain zuzen ere. Une horretan, guztiok pentsatzen genuen azken tantoa izango zela. Retegik bakarrik pentsatzen zuen partida ez zela hor amaituko, eta Titinen azken sakean oso kontzentratuta egon zen. Tanto hura oso justu irabazi zuen arren, Retegik ez zuen atsedenik hartu eta erritmo bizi jarri zuen. Eta, beti bezala, txapeldunek duten zortearekin finala irabazi egin zuen.

 

Liburuak kirol gertakariari egindako omenaldi bat dirudi.
Pilotazale naizen aldetik, liburu hau omenaldi bat da. Omenaldi bat da Retegiri eta Titini, baita edadeari eta jakinduriari ere. Gaur egun neurozientzian esaten den bezala, edadearekin jakinduria luzatu egiten da. Beraz, jakinduria hori aprobetxatu egin behar dugu.


Finalaren kronika hutsa da ala neurozientziaren ikuspegitik ere aztertu duzu?
Neurozientziaren ikuspegitik dago aztertuta lau t’erdiko partida hau. Azken finean, pilota jokoan gauza asko hartu behar dira kontuan. Horien artean, pertsona bera, bere burua, sentimentuak eta emozioak, eta alberdi horien guztien kudeaketak, kontrolak edo ongi bideratzeak dakarren arrakasta. Momentu kritikoetan, eliteko kirol batean, gauza horiek guztiak oso agerikoak ziren Retegiren jokaeran eta jokoan. Eta are nabarmenago egiten zen, berak gauza horiek guztiak 43 urterekin adierazten zituelako. Beraz, nik pentsatzen nuen hori guztia liburu batean jaso behar nuela, hor gelditzeko, eta, bide batez, omenaldi bat egiteko.


Aurretik ere argitara eman zenuen antzeko libururik. Zertan dira berdin?
Aurretik argitaratu nuen Banaka liburuan ere azterketa bera egin nuen. Orduan ere zentzu nahiz ikuspegi bera eman nahi izan nion Julian Retegiren eta Ladis Galarzaren arteko banakako finalari. Kasu horretan ere, gaia gutxi gorabehera antzekoa izan zen, nahiz eta buruz buruko hura askoz ere epikoagoa eta gogorragoa izan zen. Izan ere, bi final galdu ondoren, Galarzari irabazteko gai izan zen Retegi 37 urterekin. Abiapuntua bera izan da bi liburutan: nola moldatu irabazteko. Lauterdin, ordea, Retegi lesionatuta iritsi zen finalera, eta partida bukaera oso estua izan zen; Titinek arnasa ezin hartuta bukatzen duelako, baina Julianek izterreko minez eta herrenka.


Hemeroteka lana, pertsonaiei elkarrizketak eginez... Nola moldatu zara liburua osatzeko?
Prozesua nahiko ausarta izan da. Lehenik eta behin, nire burutik ateratzen zen guztia idatzi nuen; hau da, gogoratzen nuen guztia jaso nuen. Nolabait esateko, liburua bi ataletan dago banatuta. Lehenengo atalean Retegiren sentimenduak bildu ditut eta haren bidetik, Titinenak; besteak beste, entrenamenduetan eta finalean zituzten sentipenak. Bigarren atalean, berriz, tantoz tanto partidaren kronika egiten dut, zer gertatu zen kontatuz.


Liburua idatzi ondoren, pilotariei eman al zenien irakurtzeko?
Behin idatzita, Retegiri pasatu nion irakurtzeko. Beti bere buruan sartzen naizela esan zidan, baita bere burua berak baino hobeto ezagutzen dudala eta hori ez zaiola  asko gustatzen esan ere.


Horrek beldurtu egiten al du?
Bai zera! Retegi ez da beldurtzen ezertxorekin. Hala ere, ezusteko txiki bat sentitzen du, kanpotik norbait bere burura sartu eta asaltatu dezakeela ikusten duenean. Horrekin txantxak eta barreak egiten ditu. Esan bezala, hori liburuaren lehen zatia izango da. Horrez gain, Banaka liburuan bezala, hitzaurrea eta epilogoa pilotariei beraiei eskatu diet idazteko; hala, Retegiren hitzak irakur daitezke liburuaren hasieran, eta Titinenak bukaeran.


Bai Banakan bai Laurtedin Julian Retegi da protagonista. Pilotari nafarrarekiko miresmenaren isla al da?
Segur aski. Zentzu horretan, jende askoren artean zaletu bat gehiago naiz. Nik bezala askok ikusten dute Retegi pilotari handi moduan. Bi lanetan Retegi protagonista da, baina lehen liburuan Ladisek ere toki handia hartzen du eta bigarren honetan ere, Titinek pisu handia du. Oraingo honetan, liburuaren azalean Julian agertzen da, baina kontrazalean Titin dago. Azken batean, atzeko aldeak beste azal bat dirudi, azal bikoitza izango balu bezala.


Trilogia osatzeko hirugarren libururik izango al da?
Ez dakit. Banaka idatzi nuenean ez nuen uste bigarren bat etorriko zenik. Orduan, Errioxako irrati batetik deitu zidaten elkarrizketatzeko, eta ea zergatik ez nuen lau t’erdiko final hau aukeratu komentatu zidaten. Nik hasieran ezetz erantzun nuen, baina ez nuen aterik itxi. Eta, azkenean, liburu batean bihurtu da.


Zu neurologoa zara izatez. Alde horretatik, gainerako ikusleek baino abantaila handiagoa al duzu partida bat jarraitzeko orduan?
Horrelako liburu bat idazteko abantaila pixka bat izan dut. Azken finean, nire eguneroko lana beste esparru batera bideratzea, aztertzea eta sakontzea izan da. Egia esan, pilota partidak modu horretara ikusten ditut askotan; adibidez, Retegiren semea jokoan ikusten dudanean. Oso pilotari ona da, ezker ederrekoa, baina lasaiagoa dela ikusten zaio. Ez du bere aitaren nerbio hori. Hala ere, ezaugarri hori landu eta bilatu egin behar du.


Baina berdin gozatzen al duzu partidekin ala uneoro aztertzen ari zaren sentipena duzu?
Nik uste dut gehiago gozatzen dudala hori guztia ikusten eta aztertzenari naizenean. Beharbada, nebulosa batetik kanpo jarraitzen ditut tantoak, baina talai  batetik izaten da eta hor goitik hobeto ikusten da guztia.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info