Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gaizka Zulaika, Zarautz Rugby Taldeko presidentea

2015-03-05,16:00:00

Nerea Uranga - Aritz Mutiozabal. «Historikoa» da denboraldi honetan Zarauzko Rugby Taldea egiten ari dena, hala dio Gaizka Zulaika (Getaria, 1977) errugbi taldeko presidenteak. «Bi urte dira igo ginela Espainiako Ohorezko B mailara, eta erdi mailan ibiliko ginela uste genuen. Baina, aurten, dagoeneko Igoera Fasea jokatzeko aukera lortuta dugu». Errugbiaz galdetuta, «bizitza» eman diola dio, 18 urterekin hasi zen jokatzen, eta gaur egun klubeko presidentea da. «Errugbian egin ditudan lagunek ez daukate preziorik; bizitza guztirako laguntasuna da irabazi dudana. Errugbia talde kirola da, eta kontaktukoa, gertutasuna ikaragarria da».


Eskualdeko errugbi talde bakarra da Zarauzkoa, baina historia handikoa, 1978an sortu zelako. Orokorrean, gaur egun zer moduz dago kluba?
Zarauzko Kirol Elkartearen barruan dago errugbi taldea, eta Zarauzko errugbi atalak 35 urte egin zituen iaz. Hasieran, orain beteranoak diren lagun koadrila bat aritzen zen errugbian, hondartzan hasi ziren, gero Malekoian eta beste toki batzuetan ere jokatu zuten. Azken urte hauetan Astiko zelaian gabiltza.


Gaur egun zenbat talde dituzue?
Azpiegitura aldetik motz gelditu zaigu Astiko hau, taldeak gehitzen ari direlako urtetik urtera. Nik jokatzen nuen garaian seniorretako taldea bakarrik zegoen, baina azken zazpi urteotan harrobia landu nahian ari gara lanean, lortzen ditugun diru iturriak batik bat horra bideratuz. Gaur egun 10 urtez, 12 urtez, 14 urtez, 16 urtez eta 18 urtez azpiko taldeak ditugu Zarautz Rugby Taldearen izenean. Gero, Lasarte-Oriako Beltzak taldearen laguntza ere badaukagu: gazte mailan errugbia lantzen dute,  eta gero, federatzen direnean, Zarauzko partaide izatera pasatzen dira. Beraz, gazteetan maila guztiak dauzkagu, seniorretan bigarren talde bat dugu, eta aurrenekoa Espainiako Ohorezko B mailan.


Beteranoen bat ere badaukazue.
Bai, beteranoen talde bat ere badago, baina aukeran hor jende gehixeago edukiko bagenu, hobeto. Gaur egun hamar bat elkartzen gara Astin. Ordea, jende asko errugbia uzten duenean desagertu bezala egiten da, pena da. Baina, ari gara beteranoen taldea aurrera atera nahian ere.


Emakumeen talderik ba al daukazue?
1995. urte inguruan egon zen emakumeen talde bat, hiru-lau bat denboralditan jokatu zuten. Talde indartsua zen, jokalari onak zituen. Selekzioan ere ibili ziren batzuk. Baina, jarraipen bat izatea zaila da, eta garai hartan bata eta bestea uzten joan ziren, eta azkenean taldea osatu ezinda gelditu ginen.


Orain harrobi lana egiten ari zaretela diozu, zer behar du batek errugbian jokatzera animatzeko?
Azkeneko urte hauetan zerbait gehiago entzuten da kalean errugbiaz; lehen, ni gaztea nintzenean, arrastorik ez genuen. Gaur egun edozein gazte etortzen da Astira errugbian aritzera. Guk kalean jartzen ditugun karteletan hala jartzen dugu: jokatzera etorri nahi duenak berdin duela altua, baxua, argala, gizena, azkarra... izatea. Denentzako tokia dago, postu bakoitzak gorpuzkera jakin bat eskatzen duelako. Taldean dauden jokalari onenetako batzuk txikiak eta argalak dira. Gainera, errugbiak badauka beste berezitasun bat: taldeko kirola da, fusionatu bezala egiten duena, erakargarria eta bertan katigatuta gelditzen zarena.


Jarraitzaile aldetik zer moduz zaudete?
Ondo, baina poliki-poliki goaz horretan ere. Zenbat eta goragoko mailan jardun, orduan eta zaletu gehiago erakartzen ditugu Astira. Horrez gain, herri mailan ere zenbaterainoko lana egiten duzun garrantzitsua da; kalean errugbiaz gehiago edo gutxiago entzuten den ere bai. Orain edozein partidatara 400 bat pertsona etortzen dira.


Jarraitzaileak Astira eramateko, ordea, harmaila estaliak eskatzen ari zarete.
Daukagun talde kopuruarekin nahiko justu gelditu dira Astiko azpiegiturak. Behin baino gehiagotan esan dugu, pena dela gauden mailan egonda harmailak estaligabeak izatea. Urte askotan ari gara harmailak estaltzeko eskatuz borrokan, baina ez dakit egunen batean lortuko dugun. Gipuzkoan belar naturaleko zelai onenetakoa daukagu Zarautzen, eta behar bezalako harmailarik ez daukagu. Esaterako, horrek asko mugatzen du hainbat kontutarako: adibidez, kanpotik partida bat ekartzeko muga bat da. Berdin gertatzen zaigu aldagelekin: orain dela 35 urtekoak ditugu, eta bi aldagela bakarrik dauzkagu. Azpiegitura hobea ez izatearen pena daukagu, baina horretan gabiltza.


Taldea ondo ibiltzeak ere jendea erakarriko du Astira, ezta?
Bai. Azkenean, igarri egiten da. Orain kalean jendeak ere galdetzen digu taldearen nondik norakoaz. Ondo ibiltzeak jendea erakarri egiten du, eta etorri egiten da. Ohorezko B mailara igo ginenetik sarrera kobratzen dugu, 3 euro dira, eta horrekin batera txorizo pintxo bat oparitzen dugu. Zaletua zaindu egin behar da eta.


Espainiako Ohorezko B mailan aurrenak zoazte, eta Igoera Fasea jokatzeko txartela lortu duzue.
Orain dela pare bat astetik gaude Igoera Fasea jokatzeko sailkatuta. Orain hiru partida gelditzen zaizkigu: etxean aurrenekoa; hurrengoa Galizian, eta azkena etxean, bigarren doan Durangoren kontra. Orain, pixka bat Igoera Fasean pentsatzen hasita gaude: jendea sasoiko joateko, lesio aldetik zainduz. Baina, hori bai, ezin dugu lasaitu, partidak irabaztera joan behar dugu; multzoan aurrenak geldituz gero, betiere aukera hobeak daudelako beste multzoko bigarrenaren kontra jokatzeko. Horregatik, gelditzen zaizkigun hirurak irabazi behar ditugu.


Igoera Fasea jokatzea taldearentzat ilusio bat izango da, ezta?
Ilusio ikaragarria da. Orain dela bi urte, Ohorezko B mailara igo ginenean, han ibili ginen Valentziara, Madrilera... joanez. Jokalarientzako esperientzia ikaragarria izan zen, beste maila batekoen kontra jokatzen hasi zirelako. Orain, beste maila batetan gaude, baina badaude talde batzuk aurreko denboraldian mailaz jaitsi zirenak, eta orain oso ondo dabiltzanak. Ea Igoera Fasean zein talde egokitzen zaizkigun, eta igotzeko aukerarik badugun.


Nolakoa da Igoera Fasea?
Espainia mailan Ohorezko B mailan hiru multzo daude: A, B eta C. Bakoitzetik bina talde sailkatuko dira fasea jokatzeko, sei denera. Gero, hiru hiruren kontrako ligaxka bat jokatzen da, eta hortik bina sailkatzen dira. Gero, horiek beste ligaxka bat jokatu, eta horko bi talde onenek finala jokatuko dute. Finala irabazten duena zuzenean Espainiako Ohorezko A mailara igoko da. Bigarren gelditzen denak goiko mailan azken bigarren gelditutakoaren kontra beste aukera bat jokatuko luke. Beraz, oraindik gora igotzeko bide luzea gelditzen da.


Zuen multzoak besteekin alderatuta nolako joko maila dauka?
Aurreko denboraldietan Euskal Herriko eta Kataluniako maila zerbait altuagoa izan da. Oraingo honetan, gure multzoa indartu egin da Galiziakoekin. Guk daukagun maila eta Kataluniakoena antzekoa da; baina, hor daude Sevillako talde bat eta Alcobendas, mailaz jaitsitako bi talde indartsu. Euskal Herrian maila oso ona izan da beti. Orain, gu itxura ona ematen ari gara, eta bigarrenari [Durango] 13 puntu ateratzea ez da oso ohikoa. Kirol aldetik itxaropenak baditugu, mutilak gogoz daude eta denak irabazi egingo dutela sinistuta daude. Hortik aurrera, hor sukaldeko lana dago: babesleekin hitzartu, udalari pixka bat gehiago eskatu, eta geuk ere mugitu egin beharko dugu dirua lortzeko zozketak eta abar eginez.


Batetik taldeak gora egiteko aukera lortzea dago, baina bestetik, errugbi taldeak berak Espainiako gorengo mailan jokatzeko baldintzak ba al ditu?
Esan behar da, klubak urte gutxian asko hobetu duela. Ni presidente jarri nintzenean Nazional mailara igo berriak ginen, gero Ohorezko B-ra igo ginen, eta orain Ohorezko A mailaren atean gaude. Beti zalantza eta beldur puntu bat eduki dugu gora egiteko. Hori eduki beharra dago, diru eta jokalari aldetik kontu eduki behar delako. Ohorezko B mailara igo ginenean ezusteko ona eman genuen, mantentzea zen gure helburua eta 3-4. postuetan ibili ginen.


Aurten, ordea, kanpoko jokalariak ere badituzue.
Entrenatzaileetako bat, Facundo Orive, argentinarra da, eta haren bitartez Lucas Panichelli argentinarra etorri da. Gero, Iker eta Santi Irazusta anaiak ere ari dira gurekin jokatzen. Argentinakoak dira, Orion egiten dute lan, baina urteetan hemen bizi dira; senideak ere Euskal Herrikoak dituzte hauek. Gero, zortea eduki dugu Jake Serexekin. Australiarra da, eta Zarauzko kanpinean udan lanean jardun du. Hemengo giroa gustatu eta bertan gelditu da lanean. Iaz Bartzelonako Santboianan jokatu zuen, goi mailan bigarren edo hirugarren dabilen taldea da. Gurekin jokatzeko aukeraz galdetu zigun, eta nola esango genion ba ezetz?


Beraz, zuek bila joan gabe etorri egiten zaizkizue jokalariak.
Bai, bai, noizik behin zorte pixka bat izatea ona da.


Bertako jokalariak ere egongo dira taldean, ezta?
Bai, bai. Seniorretan, aurreneko eta bigarrengo taldeen artean 50 fitxa dauzkagu. 5-6 dira kanpokoak, baina beste guztiak hemengoak dira: zarauztarrak asko, oriotarrak, zumaiarrak, getariarrak eta azkoitiarrak ere bai hiru bat.


Garagardo Azoka apirilaren 1etik 6ra da, hori prestatzeko lanean hasiak al zarete?
Urtea hastearekin batera hasten gara azoka prestatzen. Kartela aukeratu dugu, eta ari gara pausoak ematen. 15. urtea dugu aurten, eta aurretik zer lan egin behar dugun garbi izaten dugu.


Eskualdean Garagardo Azoka antolatzen aurrenekoak izan zineten errugbi taldekoak.
Garai hartan ez geneukan gaur egun daukagun babeslerik: Babyauto, Aiala, Sinergia...  Tabernek laguntzen ziguten: Kupelak, Ximutek, Tarinek... Baina, horiek eskaini dezaketenak muga bat dauka, orduan, buruaski izateko zerbait egin beharra genuen. Zozketak egiten genituen, baina horrekin ere ez zen nahikoa. Intxaurrondon garagardo azokak nola funtzionatzen zuen ikusi, eta probatzea pentsatu genuen. Hasieran jartzen genuen karpak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik, poliki-poliki funtzionatzen joan delako. Baina, egia da krisiak ere eragin digula, eta 2009-2010tik beherakada bat izan da. Hala ere, azokan gauza berriak gehitzen joan gara, eta ari gara.


Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info