Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Borja Mena, Oiartzungo Itsaslapurrak taldeko entrenatzailea

2015-03-11,10:00:00

Aiora Larrañaga Solaberrieta. Familiatik datorkio arraunarekiko grina Menari (Orio, 1992). Urteetan Orioko arraunlaria izan ondoren, 23 urterekin proiektu berri bati ekin dio herritik kanpo, Oiartzun aldean.


Nola sortu zitzaizun Itsaslapurrak taldeko entrenatzailea izateko aukera?
Ezustekoa izan zen. Taldeko lehendakariak nire lagun bat ezagutzen zuen, eta Itsaslapurrak taldeaz ari zirela, niri buruz hitz egin zion; Orion arraunean ibilitakoa nintzela eta gaztetxoak entrenatu nituela. Taldeko lehendakariak argi zuen entrenatzaile gaztea nahi zuela, ilusioarekin eta taldearekin batera ikasiko zuena. Deitu egin zidan, bildu ginen eta nire curriculum txikia aipatu nion. Taldea berria bazen eta inoiz arraunean ibili gabeko arraunlariak baziren, gustura entrenatuko nituzkeela aipatu nion, proiektu polita iruditu baizitzaidan. Lehendik arraunean jardundakoak izan balira, berriz, ez dut uste nire ezaugarrientzako moduko taldea izango litzatekeenik.


Lehendik entrenatzaile lanetan ibilia zara, beraz.
Iaz Orion 14 urteko gaztetxoen bi talde entrenatu nituen, neskak eta mutilak, aulki mugikorrean eta tostako arraunketan. Aulki mugikorrean arraunlarietako batek Espainiako Txapelketa irabaztea lortu genuen. Tostako arraunketan, berriz, Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu genuen bateletan.


Oiartzunen eta Orion arrauna desberdin bizitzen al da?
Oriotarrok arrauna txikitatik bizi dugu. Gainera, Orioko Arraunketa Elkarteak urte askotako esperientzia du; boluntario askok parte hartzen du elkartearen egunerokoan, eta horietako bakoitzak bere zeregina du: babesleak bilatu, arropa erosi edo ontziak garraiatzen dituen furgoneta gidatu, besteak beste. Oiartzunen, berriz, taldea hasiberria da, eta lehendakari, entrenatzaile edo arraunlari, denon artean banatzen ditugu arraun elkarte batean egon daitezkeen lan txiki guztiak. Pixkana taldea egiten ari gara eta guk ere elkarteko egunerkoan parte hartzen dugu. Pentsatzen dut Orioko Arraun Elkartea ere horrela hasiko zela. Gu gure ibilbidearen hasieran gaude, eta pixkanaka gure historia idazten saiatuko gara.


Zein da zuen ezaugarria?
Itsaslapurren ezaugarri nagusia ilusioa eta gogoa dira. Gizon eta emakumeen talde bana ditugu. Nik gizonezkoen taldea entrenatzen dut eta emakumezkoen taldea Juan Mari Etxabek zuzentzen du San Juango emakumezkoen traineruarekin batera. Arraunlariei ere esaten diet, beren ilusioa eta gogoa talde gutxitan ikusten dela. Oiartzunen ez da arraun talderik egon orain arte, eta uda honetan lehian parte hartzeak ilusio handia egiten die. Bide horretan, ikasteko gogo handia dute, gainera.


Entrenatzaile bezala zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Nire lehen urtean helburua ikastea da, neuk eta taldeak. Taldeak arraunean ikasi behar du: arraunaren diziplina, arraun entrenamenduak eta beste mila gauza ikasi behar dituzte. Nik ere entrenatzaile modura asko dut ikasteko, eta horretarako urtea izango da hau. Udako lehiari begira, ez ditugu helburu zehatzak markatu, ez baitugu erreferentziarik. Gehienek arraunean egiten duten lehen urtea dute hau, lan asko dugu egiteke eta ahal dugun maila txukunena ematen saiatuko gara.


Etxetik datorkizu arraunarekiko grina. Etxekoek gomendiorik eman al dizute ibilbide berrian?
Etxean proposamena komentatu nuenean animatu egin ninduten. Aitonak ilusioz hartu zuen proiektua, eta hasieratik esan zidan lasai onartzeko. Amak ere argi esan zidan, galtzeko ezer ez nuela eta ikasiko nuen guztia nire onerako izango zela. Babes handia dut etxekoen partetik, eta jakin badakit edozer zalantzaren aurrean edo laguntza behar dudanean bertan izango direla. Familiak urteetan arraunean jaso duen esperientzia eskura dut beti.


Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info