Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Ibon Huegun, Orio Arraunketa Elkarteko presidentea

2015-03-26,11:30:00

Nerea Uranga - Urola Kostako Hitza. 2011tik da Orio Arraunketa Elkarteko presidentea Huegun (Santio auzoa, Aia, 1972), eta klubak 50 urte bete dituen honetan, esan du kirol eta babesle aldetik sasoiko dagoela.


Aurten urte berezia du Orio Arraunketa Elkarteak, 50. urteurrena baitu. Nola doa urtea?
Orain artekoa ondo doa. Urtea bete samarra daukagu, baina urtero ez dira 50 urte egiten. Urte oso berezia da, ekitaldi askokoa. Batzuk pasatu dira: 8ko distantzia luzeko Euskal Herriko txapelketa antolatu genuen. Gero, Oriaren Jaitsiera ere bereziagoa izan da aurten, partaidetza ikaragarriarekin; 83 traineru etorri ziren, eta neguko proba garrantzitsu bat bihurtu da. Dena oso ondo atera zen, eta orain nazioarteko estropada dugu; eta, agian, hau izango da gure proba garrantzitsuena.


Azken urteetan ez da antolatu Orion nazioarteko estropada eta aurten berreskuratuko duzue.
Zorretan geunden aulki mugikorrarekin, Oriori asko eman diolako kirol diziplina honek. Azken bost-sei urteotan ez da antolatu, horrelako kirol ekitaldi bat antolatzeko baldintzak ez zeudelako; Arraunetxea obretan zegoen. Arantza bat bagenuen alde horretatik, eta ahalegin bat egin dugu. Ekitaldi oso bat egin nahi dugu aurtengoan, babesleak lortu ditugu eta ETBk ere zuzenean emango du estropada. Ilusio handiaren gaude, eta ea dena ondo ateratzen den.


Aulki mugikorra Orion zein egoeratan dago gaur egun?
Goraka egin dugula esango nuke. 1965ean sortu zen Club de Remo Olimpico de Orio; hor agertzen da aurreneko aldiz remo olimpico. Handik aurrera, Oriok bi diziplina lantzen ditu: aulki finkoa eta mugikorra. Historian zehar mugikorrean dugun sari zerrenda esanguratsua da, asko ditugu bai gizonezkoetan, bai emazkunezkoetan. Miguel Miralles hartu genuen 8ko seniorretako taldea entrenatzeko, eta iaz Espainiako Txapelketan zilarra atera genuen, zentesimal batzuen aldearekin. Horrek esan nahi du lan ikaragarria egin duela. Horrez gain, bi munduko txapeldun ditugu 8koan: Imanol Garmendia eta Ander Zabala. Hauek iaz Italian 23 urtez azpiko munduko txapelketa irabazi zuten. Gaur egun seniorretako 8koa oso indartsua daukagu.


Eta, emakumezkoetan?
Emakumezkoetan 4koa egiten da. Aulki mugikorra emakumeetan gazteen maila arte egiten da eta gero trainerura pasatzen dira. Baina, lehen ibili eta gaur egun Orion arraunean dabiltzanekin nazioarteko estropadarako talde bat osatu dugu.


Joan den astean egin zenuten Orio Arraunketa Elkartearen batzar orokorra. Nolako balantzea egin duzue?
Aurten laugarren urtea dugu zuzendaritzan; Oriok maila galdu zuenean sartu ginen. Handik hona, denak berri onak izan dira. TKEra igo ginen berriro, eta bi urte daramatzagu bertan, emaitza onekin. Gainera, azken bi urteetan Kontxako estropadan Ohorezko Txandan aritu gara bitan. Horrek esan nahi du, kirol aldetik ondo gaudela eta gauzak ondo egiten direla. Bestetik, babesle aldetik eta ekonomikoki nahiko ondo gaude. Lan handia egin behar izaten da, baina laguntza ikaragarria jasotzen dugu, ez garelako geldirik egoten. Iazko balantze ekonomikoa positiboa atera da. Beraz, berri onak.


Diru iturri berriak lortzeko bestelako proiektu batzuk egiten dituzue: garagardo azoka, denda, bazkidetza... Zein da balorazioa?
Zuzendaritza hartu genuenean ideia batzuk genituen, garai hartarako nahiko berriak. Sekula Orion ez da egon arrauneko elkartearen arropa denda bat, eta orain udararo irekitzen dugu, herritar batek utzitako lokal batean. Orio klub historikoa eta erreferentea da, eta dendan arropa asko saltzen da. Bazkide aldetik, berriz, 1.500 bazkide ditugu. Garagardo azoka ere ez zen inoiz egin Orion aurrez. Azoka txikia egiten dugu herriko plazan, baina sosa batzuk atera eta herria girotzeko ondo etortzen zaigu.


Nazioarteko estropada eta gero 50. urteurreneko beste ekitaldiren bat egiteko asmorik ba al daukazue?
Arraunketa elkartea sortu zela 50 urte ekainean beteko dira, eta orduan ekitaldi instituzional bat egin nahi da. Gero, arraun denboraldia hasiko da, eta burubelarri arraunera egongo gara. Baina, agian, urria aldera beste ekitaldiren bat egingo dugu.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info