Elkarrizketa digitalak
Martin Larrañaga eta Araitz Urtiaga, Aiala Zarautz taldeko entrenatzailea eta jokalaria
2015-04-30,10:00:00
Aritz Mutiozabal. Ametsa partida batera dute, garapen bakar batera. Emakumezkoen Ohorezko Mailara igotzeko bidean azken mendatea garaitu beharra dauka Aiala Zarautzek, asteburuan Oviedon jokatuko den azken faseko finalerdietan nagusituz. Sporting La Rioja taldea izango du aurrez aurre, eta aurkaria garaituz gero, igandeko finalera sailkatzeaz gain, igoerako txartela lortuko luke zuzenean. Garrantzitsuena atariko partida da.
Erronka «izugarria» dela nabarmendu du taldeko jokalari eta kapitain Araitz Urtiagak: «Inoiz ez genuen pentsatu honaino iristea, eta edozer gerta daiteke». Denboraldi osoa 60 minututan laburbilduta geratuko dela dio Martin Larrañaga entrenatzaileak, eta horrek presio pixka bat eragiten diela.
Sporting La Rioja ongi ezagutzen dute zarauztarrek. Aialaren multzo berean jokatu du ligan. «Lehen neurketan, Zarautzen, 9 goleko aldearekin irabazi ziguten, eta bigarrenean, berdinketa lortu genuen haien etxean. Beraz, norgehiagoka irekia ikusten dut. Partida gogorra eta polita, dudarik gabe», aditzera eman du taldeko entrenatzaileak. «Beraz, hau guri irabaztea tokatzen zaigu», argi du Urtiagak.
Balentria, bigarrenez
Irabaziz gero, lorpen historikoa izango litzateke. Zarauzko Eskubaloiko emakumezkoek 1983an lortu zuten lehen aldiz eta azkenekoz Ohorezko Mailara igotzeko txartela; ondoren, denboraldi bakarra egin zuten gorengo mailan, eta azken urteetan Ohorezko Zilar Mailan egonkortu dira. Dena ongi bidean, duela hiru hamarkada lortutako balentria errepikatuko lukete, eta horrek Espainiako 14 talde onenen artean lehiatzeko aukera emango liekete; besteak beste, Donostiako Bera Bera taldearekin.
«Mailaz igoko bagina, ez dakit zer gertatuko litzateken», aitortzen du Aialako jokalariak: «Aintzat hartu beharreko faktore asko daude: diru kontuak, babesleak, jendea horrelako maila batean jokatzeko prest... Baina ikusiko dugu. Lehenik eta behin larunbateko partida jokatu behar dugu, eta gero gerokoak».
Zarauzkoa bezalako klub herrikoi batentzat, horren gora iristsita, meritua bikoitza da. «Egia esan, goiko mailako talde guztietan jokalariek kobratu egiten dute, baita gure mailako batzuek ere; esaterako, Sportingeko jokalari askok», taldeen artean dauden ezberdintasunak agerian utzi ditu Urtiagak. «Gu bezalako talde batentzat izugarria izango litzateke igotzea, gutako inork kobratzen ez duelako eta gure lanetatik edo ikasketetatik aparte egiten dugun zerbait delako».
Urteetako lanaren fruitua
Denboraldia bikaina izan da Aialarentzat, eta hori hala izateak sekreturik izan baldin badu, urte askoan Zarauzko Eskubaloitik egindako lana dela azpimarratu du kapitainak. «Txikitatik hasita mailaz maila egiten den lanaren emaitza da. Guri dagokionez, lan handia eta ahalegin berezia egin dugu denboraldi osoan, eta urte oso polita atera zaigu».
Entrenatzailea ere gustura dago jokalariek izan duten jarrerarekin: «Talde hau oso erraza da entrenatzeko, nahiz eta baldintzak ez diren errazak; izan ere, lanetik ateratakoan aritzen gara guztiok, 21:00etatik aurrera. Baina jokalari guztiek sekulako borondatea dute elkartzeko, ikasteko eta aurrera egiteko, eta horrek asko errazten du lana».
Jokalariak ilusioz gainezka daude, baina oinak lurrean dituzte. «Eguna iristen joan ahala urduritasunak areagotzen joango zaizkigula iruditzen zait. Oro har, gogotsu gaude eta jokatzeko prest. Partida polita egin nahi dugu, zaletuek eta guk geuk ere gozatzeko, eta sentipen horrekin geratzeko».
Faboritoen artean
Apirileko bigarren asteburuan igoera faseko lehen zatia jokatu zuten Zarautzen bertan, eta multzoko lehen postuan sailkatu zen, hiru norgehiagokak irabazita. Erakutsitako nagusitasunak faboritoen artean kokatu dituzte, baina Larrañagak ez du horren argi ikusten. Izan ere, «izenagatik Sporting da hautagai nagusia. Denboraldiko datuak hartuta, biok izan gaitezke. Aurreko fasean, multzoko lider izan ginen, eta haiek bigarrenak beraien multzoan. Ez dut uste horrenbesteko alderik dagoenik».
Beldurrik gabe eta ligako bigarren itzuliko partidako estrategia berarekin egingo diete aurre errioxarrei. Halaxe aurreratu du entrenatzaileak: «Partidari gaizki ekin genion, eta 7-1 jarri ginen atzetik. Baina ondoren berdintzea lortu genuen, joko ona erakutsiz, eta planteamendu horrekin atera behar dugu kantxara».
Urtiagak nahikoa du finalerdiko partida irabazi eta igoera lortzearekin. Larrañagak, aldiz, harago joan nahi du: «Finalera sailkatuz gero, irabaztera joan behar dugu. Dena ematera goaz».
Jarraitzaileen berotasuna, etxean bezala kanpoan ere
Sasoian boletina
Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?
Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.
Kirol Jardunaldiak
Eguna | Non | Kirola |
---|
Euskara Sasoian
Udalen Kirol Zerbitzuak
RSS jarioa