Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Eneko Landa, Leihoak Zarautz taldeko entrenatzailea

2015-05-11,16:00:00

Talde osoa bezalaxe, pozez gainezka dago Eneko Landa ere. Duela hiru denboraldi EBA mailako txartela lortu zuen jokalari bezala, eta orain lorpen bera erdietsi du, baina entrenatzaile bezala. Leihoak Zarautz saskibaloi taldea ez zen faboritoen artean agertzen asteburuko Lauko Finalean, baina ezustekoa emanez, balentria handiko igoera lortu du.

 

Nola sentitzen zarete halako garaipena eta gero? Sorpresa izan al zen?
Denboraldiak joan-etorri ugari izan ditu. Lehendabiziko itzuli eder bat burutu ostean, bigarren itzulian erregulartasuna ez genuen mantendu, eta azken momentuan igoera fasetik at geratzeko zorian ere izan ginen. Hala ere, azken jardunaldi zoro baten ostean igoera fasera sailkatzeko txartela lortu genuen, denboraldi hasieran markatutako helburuak betez.

Asteburua hasi aurretik gurekin inork kontatzen ez zuenaren sentipena nuen, baina nire jokalariei begiratuta aukerak ikusten nizkion taldeari, nahiz eta horretarako gauzak oso ongi egin beharjakin. Bai finalerdian bai finalean faboritoak aurkariak ziren, eta alde horretatik esan daiteke ezustekoa eman dugula. Asteburu itzela izan da, eta taldeak emandako maila goraipatu beharra dago.



Nola joan ziren partidak? Finalerdikoa, esaterako?
Finalerdian Loiola Indautxu taldea izan genuen aurrez aurre. Orain dela bi urte Leihoak taldea zuzentzeko aukera eman zidatenetik lau aldiz lehiatu gara bilbotarren aurka, eta lauretan amore eman behar izan genuen. Egia esateko beldurra nuen datu horiek jokalariengan eragin negatiboa izango zuen ala ez. Neurketa hau oso ongi prestatu genuen aurkarien ezaugarriak kontuan hartuta, eta taldeak sentipen ikaragarriak izan ez bazituen ere, aurkariak baino gehiago izan ginen. Zailtasun orori erantzun egokia eman genion, eta azkenik 63-55 nagusitzea lortu genuen. Partida amaitu zen momentutik ulertu nuen nire jokalariak txapelketa irabaztera joan zirela Donostiara. Festa handiegirik ez zen izan eta denak finalean zuten burua.


Eta finala?
Igandean final handia etxean jokatzen zuen Atletico San Sebastianen aurka izan genuen. Zarauztik jende ugari gerturatu zen eta taldeak bere bertsiorik onena eman zuen. Partida hasieratik aurkariaren gainetik izan ginen eta joko alai bat proposatuz 85-75 irabaztea lortu genuen. Azken minutuetara aldea polit batekin iristea lortu genuen, eta horrek zaleekin gozatu eder bat izateko aukera eman zigun.



Denean asmatu zenutela dirudi?
Orain errezena denean asmatu genuela esatea izango litzateke, baina argi daukat gaizki eta ongi egindako gauzak. Nire buruarekin inorekin baino exijenteagoa naiz, eta etorkizun batean balio izango digulakoan, dena txukun-txukun karpetan apuntatuta geratuko da.



Honakoa ez da EBA mailarako txartela lortzen duzuen lehen aldia?
Duela 3 denboraldi ere EBA mailara igo ginen, kasu horretan jokalari gisa aritzen nintzen. Nola aldatu diren gauzak denbora gutxian... Nahiz eta igoera lortu, taldeak maila mantentzeko erabakia hartu zuen, arrazoi ekonomikoak zirela eta igoerak esfortzu handia suposatzen baitzuen klubarentzat .

Aurrerantzean, zer? Aurrera begirako asmoak zeintzuk dira? Posible izango da liga horretan jokatzea?
Aurtegoan denboraldi hasieran saskibaloi ataleko zuzendaritzatik mezu bat iritsi zitzaigun: igoera lortuz gero datorren urtean EBA mailan lehiatuko duzue. Jokalariak hori buruan dute eta igandeko ospakizunetan behin eta berriz errepikatzen zuten zuzendaritzak esandakoa. Guk gure lana egin dugu, orain beste batzuei tokatzen zaie liga honetan lehiatzeko errekurtsoak batzea.

Jokalari aldetik nik uste dut arazo handiegirik ez dela izango. Talde gaztea daukagu eta gehiengoak ilusioa dauka liga berri batean probatzeko eta esperientzia berriak izateko. Baina oraindik ez dakigu datorren urteko asmoak zein diren, zein jokalarik jarraituko duten, entrenatzaileok jarraituko dugun ala ez... Hala ere orain lortutakoaz gozatzeko momentua da, horretarako lan handia egin dugu eta merezi dugula uste dut.


Atzo harrera egin zizueten. Nola sentitu zineten?
Izugarria izan zen, denboraldi osoan zehar gure inguruan egon den jende hori gerturatu zen udaletxe aurrera. Omenaldi xume baina benetan hunkigarria izan zen. Etxe giro ederra eduki genuen eta honelako gauzekin saskibaloiak pixkanaka herrian bere tokia hartzea espero dugu.

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet urtean zehar gure ondoan egon diren zaleei. Beraiek gabe lortutakoa ezinezkoa izango litzateke. Asteburuan Donostian bizi izandakoa oso handia izan da, etxean bezala sentitu gara eta hori bizitza osorako geratuko zaigu.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info