Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Yusmeri Pacheco eta Diamela Fuentes, sofbol jokalariak

2015-06-04,09:30:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza . Bati baino gehiagori atentzioa emango zioten azken hilabeteetan Kubako selekzioko txandalarekin Orioko kaleetan barrena ibili diren bi emakumeek. Inguruan ezohikoa den erritmoan, lasai ibiltzen ziren biak ala biak, baina lasaitasun horren atzean nazioarteko txapelketa garrantzitsuenetan jokatzen duten goi mailako bi kirolari daude: Yusmeri Pacheco eta Diamela Fuentes. Kubatarrek astelehenean hartu zuten Kubara itzultzeko hegaldia, baina arrastoa utzi dute Orion; hiru hilabetez OBB talderekin Espainiako Ohorezko Liga jokatzen eta bide batez taldeari eta Euskal Selekzioari laguntzen aritu baitira.

Euskal Herrian ez bezala, Kuban kirol garrantzitsua da sofbola. «Beisbola da Kubako kirol nazionala, baina sofbola ere oso kirol ezaguna da. Telebistan ematen dituzte partidak, eta komunikabideek sofbol ligaren jarraipen zehatza egiten dute. Gu, esaterako, sofbol jokalari profesionalak gara, sofbolean jokatzetik bizi gara», azaldu dute jokalari kubatarrek. Pachecok eta Fuentesek Joko Olinpikoetan, mundu mailako txapelketetan, Erdialdeko Ameriketako Jokoetan nahiz Joko Panamerikanoetan parte hartu dute beren kirol ibilbidean zehar.

 

Sofbola, beren bizimodua
Sofbola da beren ogibidea, eta gainera, kirol arloan adituak dira. «Kuban Kirol eta Gorputz Kulturan lizentziatzen gara eliteko kirolari gehienok. Guk egunero bi aldiz entrenatzen dugu, eta zorrotz jarraitu behar ditugu elikadura eta atseden arauak. Beraz, ez dugu denborarik beste ezer ikasteko edo beste lanen bat egiteko». Beren kirol ibilbidea amaitzen denean, sofbolarekin erlazionatuta jarraituko dute, kirol arloko lizentziaturak aukera ematen baitie taldeak entrenatzen jarraitzeko.

Euskal Herriko Sofbol Selekzioak eta Kubakoak egindako hitzarmenari esker etorri dira Pacheco eta Fuentes Euskal Herrira. 2013an Sofboleko Euskal Selekzioak egonaldia egin zuen Kuban, eta bertako taldearekin entrenatzen aritu ziren. «Bi selekzioen artean harreman ona sortu zen, eta Euskal Herriko taldeak indartzeko hitzarmena egin zuten». Horrela etorri dira bi jokalariak Euskal Herrira; OBB taldearekin jokatu dute hiru hilabetez eta «taldeko jokalarien maila hobetzeko» balio izan du beren egonaldiak. OBB taldeko arduradun Ainara Larrazak uste du bi jokalariek «sofbola bizitzeko beste modu bat» erakutsi dietela bertako jokalariei eta sofbolean ikasten ari diren Orioko eta Aiako gaztetxoei. «Goi mailako jokalariak dira, hona etorri zirenean atentzioa eman zien guk sofbolean jokatzeaz gain, lan egiteak», azaldu du Larrazak. Orioko OBB taldeak astean bitan entrenatzen du; bi kubatarrek Orioko taldearekin entrenatu dute egun horietan, baina horretaz gain, Kubako entrenatzaileak jarritako entrenamendu fisiko eta teknikoak egiten jarraitu dute, zorrotz, gainontzeko egunetan. Astelehena izan da beren atseden eguna, aste osoa entrenatu eta igandean bi partida jokatuta, indarrak berreskuratzeko egun bat behar izan baitute bi kirolariek.

Partidak jokatzeaz gain, taldeko gazteenekin entrenatzen ere aritu dira kubatarrak, eta Larrazak uste du «hobekuntza nabarmena» antzeman dela. «Guk orain arte pilota jasotzerakoan aurreraka egiten genuen korrika; hauek, berriz, atzeraka mugitzen dira zelaian. Horrela, pilotak ibilbide luzeagoa egiten duenez, jokalariak denbora gehiago du hori jasotzeko». Larrazaren esanetan, «oso teknika ona» dute bi jokalari kubatarrek, «pilota jaurtitzerakoan kontrol ikaragarri dute, nahi duten tokira botatzen dute pilota», eta teknika hori erakutsi diete OBBko eta Euskal Selekzioko jokalariei ere. «Oso baliagarria izan da Pachecoren eta Fuentesen laguntza. Aurtengoa OBB taldearentzat trantsizio denboraldia izan da. Azken zazpi urteetan talde egonkorra izan dugu, talde sendoa eta esperientziaduna. Baina, ezer ez da betiko, eta aurten jokalari batzuk taldea utzi egin dute, eta gazteak etorri zaizkigu. Ziklo berri bat hasi dugu, eta jokalarientzat oso aberasgarria izan da kubatarren ezagutza».

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info