Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Erik Balentziaga, eskubaloi jokalaria

2015-06-08,12:30:00

Aritz Mutiozabal. Teucro taldearekin hitzartu du Erik Balentziagak (Zarautz, 1993), eta datorren bi denboraldiak Asobal ligan jokatuko du Pontevedrakoen (Galizia) elastikoarekin. Amenabar Zarautz etxeko taldea utzi eta Espainiako gorengo mailan jokatzeko aukerari helduko dio. Hori izan du baiezkoa emateko pizgarririk nagusiena.


Erabakia hartzea erraza ala zaila izan da? Konta ezazu nola etorri zaizun hau guztia.
Orain dela hiruzpalau aste deitu zidaten eskaintza eginez, eta egia esan ez dut gehiegi pentsatu. Eskaintza ona egin didate, eta iruditzen zait talde egokia dela aurrerapausoa emateko. Gurasoekin eta entrenatzailearekin gaiaz hitz egin nuen, eta halaxe hartu dut erabakia.


Beste eskaintzarik jaso al duzu?
Ez, ez. Hauxe izan da izan dudan bakarra.


Asobal ligan lehiatzeko gozokiak tentatu al zaitu gehien bat?
Bai. Azken finean, hori da nire baiezkoaren arrazoi nagusiena; hau da, Asobal ligan debuta egitea, eta goiko mailan joka dezakedan probatzea.


Beharbada, Teucro zure neurriko taldea da; batik bat, aurten lortu duelako igoera Asobalera.
Ohorezko Zilar Mailako aurtengo txapelduna izan da Teucro, eta aurkari izan dugu denboraldi osoan. Nik uste dut ligan jokatzen ikusi nautelako deitu didatela. Ez dakit errazagoa den halako talde batera jauzi egitea, baina jakin badakit jokatzeko aukera gehiago izan dezakedala Teucron, goialdeko beste talderen batean baino.


Minutu gehiago izan ditzakezula kantxan, alegia.
Tira, minutuak irabazi egin behar dira... Behintzat, talde berriak ezagutzen nau, badaki nola jokatzen dudan eta deitu baldin banaute, gustatzen natzaielako izango da.


Ezustean jaso al zenuen deia, ala susmorik ba al zenuen?
Ez nuen halakorik espero. Etxean nengoen arratsalde batez izan zen, zenbaki ezezagun baten deia jaso nuen eta hartzerakoan Teucroko entrenatzailea zela esan zidan. Datorren denboraldirako taldea osatzen ari zela, eta nirekin kontatzen zutela esan zidan.


Teucrok jada iragarri zaitu bere webgunean datorren denboraldirako lehen fitxaketa bezala.
Oraingoz ofizial egin duten lehena nirea izan da. Egia esan, ez dakit zenbat fitxaketa gehiago egitekotan diren, ez baitut horretaz hitz egin entrenatzailearekin. Edonola ere, nire fitxaketa behin betikoa da eta horren berri eman dute.


Orain artean, Amenabar Zarautzekin aurkari izan duzu Teucro. Zer nolako taldea da?
Ohorezko Zilar Mailan hiru denboralditan izan ditugu aurkari, eta aurten hirutan lehiatu gara elkarren aurka; hau da, ligako biak eta kopakoa. Gainera, Teucroko bi jokalarirekin bat egin nuen junior mailako Espainiako selekzioan orain dela pare bat urte. Oro har, talde ona dela iruditzen zait, talde gaztea, eta Asobal ligan maila eman dezakegula.


Noiz hasiko zara talde berriarekin lanean?
Oraindik ez dugu egutegiaz hitz egin. Haiek ere oraindik ez dute argi. Liga noiz hasten den zehazten dutenean erabakiko dute, baina pentsatzen dut uztaila bukaera aldean etorriko zaidala Pontevedrara abiatzeko unea.


Ez da makala Zarauztik hara dagoen bidaia. Honek aldaketa suposatuko du zure egunerokoan, ikasketetan?
Etxetik aterako naizen lehen aldia izango da, eta horrek aldaketa ekarriko du zalantzarik gabe. Goi-mailako administraritza zikloa ikasten ari naiz Zumaian, eta bigarren urtea falta zait ikaksetekin bukatzeko. Printzipioz, han matrikulatzeko asmoa dut. Entrenatzaileak arratsaldez entrenatuko dugula esan zidanez, goizetan ikasten jarraitzeko aukera izango dut.



Zarauzko beste jokalariek nola hartu dute berria?
Begi onez hartu dute. Joan den astera arte ez zekiten ezer, eta azken egunotan lagun eta gertuko guztiak zoriontzen ari zaizkit. Gozatzeko eta ikasteko esaten didate, eta ingurukoak oso pozik daude nire erabakiarekin. Benetan eskertzekoa da euren jarrera.


Azken finean, zure fitxaketa Zarauzko Eskubaloiaren lorpen bat gehiago da; izan ere, asko zarete goi mailara jauzi egin duzuen zarauztarrak. Harrobian gauzak ongi egiten diren seinale, ezta?
Jokalari bat gorengo mailara iristea talde eta elkarte osoaren lanaren emaitza da. Urte askotan landutakoaren fruitua, eta harrobi lanak bide beretik jarraitzen badu, ni bezala beste batzuk ere agertuko dira aurrerantzean.

 

Argazkia: Manu Iruretagoiena

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info