Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Carlos Peña, igerilaria

2015-07-07,16:00:00

Aritz Mutiozabal. Uretara Piratekin elkartasun jaialdia antolatu du igerilari tolosarrak eta Aspanogi elkarteak, Orion; 24 orduz egingo du igerian Oria ibaian, larunbateko 16:30ean hasita.


Muturreko zeharkaldietan bereizituta dagoen igerilaria zara zu. Zenbat daramatzazu jada?
Iaz 25 urte bete nituen halako erronkak egiten hasi nintzenetik. Guztira 55 zeharkaldi egin ditut mundu osoan; batzuk kirol erronka pertsonalak izan dira, eta beste asko elkartasun jarduera gisa osatu ditut. Orion egingo dudana bezalako 24 orduko proba bat sekulako jipoia da. Kontua galdua dut, baina 2005ean egin nuen estreinakoz Tolosan eta harrezkero beste zazpi edo osatu ditut.



Asteburuan Orion izango zara. Lehen aldiz egingo al duzu paraje hauetan?
Orion lehen aldiz egingo dut, bai. Horrelako egitasmo bat antolatzea ez da batere erraza. Ideia izatez nire izan zen. Nire lankide baten semeak minbizia du, eta beti jendea nola lagundu pentsatzen ari naizenez, zeharkaldi berri bat egin nezakeela pentsatu nuen. Horrelako saioak solidarioak izaten dira, eta beti musutruk egiten ditut. Hori argi utzi nahi dut. Baina zaila izaten da non eta zer egitea; izan ere, itsasoan ez batere erraza. Oria ibaian entrenatzen dudala kontuan izanda, alde batetik besterako kilometroak kalkulatzen hasi nintzen, baita mareen gorabeherak aztertzen ere. Halaxe zehaztu dut zirkuitua.



Eta zein izango da diseinatu duzun zirkuitu hori?
Ibaia itsasoratzen den tokitik Aginagako zubia pasata dagoenera 12 kilometro inguru daude; betiere, itsasbeherak eta itsasgorak ekar ditzaketen aldaketak kontuan izanda. 24 ordutan 54 kilometro inguru osatuko ditudala aurreikusten dut. Orioko Udalarekin oso ongi konpondu gara, eta arraunetxeak azpiegitura oso onak ditu. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearekin harremana dut, hainbat egitasmo egin ditugulako elkarrekin, eta haiekin batera atondu dugu astebukareko jaialdi hau. Arrisku gutxien duen zirkuitu ikusgarri bat zehaztu dugu, jendeak bertatik bertara jarraitzeko modukoa.



Aipatu eremua beraz ezaguna duzu: Oria ibaia.
Tolosan, bertan egiten dut igeria, baina baita Orion ere. Autobuseko gidaria naiz eta Zumaiatik abiatuta hasten naiz lanean egunero. Askotan, laneguna bukatutakoan, zuzenean entrenatzera joaten naiz Oriora. Beraz, hori abantaila da niretzako, oso ezaguna baitut eremua.



Baina 24 orduz igeri egiteko ongi prestatuta egon behar da. Zer-nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Orain dela gutxi 6 orduko saio bat egin dut Tolosan bertan. Herenegun bi orduz aritu nintzen igerian, aurrekoan hiru edo lau... Ni autobus gidaria naiz eta hortik bizi naiz, eta lan txanden arabera moldatzen naiz, baldin eta ze ordutan dudan lana eta nola bukatzen dudan. Askotan atdedenik hartu gabe sartzen naiz uretara, baina badakit bestela ezinezkoa dela horrelako zeharkaldi bat aurrera eramatea.



Erronka guztiak bizkarrez igeri eginda osatzen dituzu. Erosoagoa delako?

Kasualitatez hasi nintzen igerian. Korrikalari oso ona nintzen, baina 23 urterekin utzi egin behar izan nuen gainkargagatik. garai hartan Lodosan bizi nintzen, eta goizetik gauera neoprenozko jantzi batetik Ebro ibaira sartu nintzen, 7.000 metro igerian egitera. Ideia aurreraka igerian egitea zen, baina neopreno hark ez zidan uzten, sekulako sufrimendua baizen, eta, erdi jolasean, bizkarrez egin nuen. Harrezkero, egin ditudan zeharkaldi guztiak bizkarrez osatu ditut. Baina kontuz ibili beharra dago ibaian: piraguatik lagundu behar zaituzte, gidatzeko eta edozein arrisku saihesteko.



Eta ahulaldiak zer?

Proba hasi aurretik ez dut pentsatzen 24 orduz uretan egongo naizenik. Jakin badakit, ordea, bizpahiru momentu kritiko izango ditudala. Jendeak uste du gauak direla okerrenak, baina ez da hala: gauez tenperatura jaisten da, eguzkiak ez dizu jotzen eta giroa ere lasaitu egiten da. Nire etsairik handiena nekea da, edo giharreak mintzea, eta ez dakizu noiz agertuko den. Badakit hori jasango dudala, logura ere izango dudala, eta horretarako prest egon behar duzu bai fisikoki bai psikologikoki. Esperientziak horri aurre egiten laguntzen dizu.



Larunbat arratsaldean hasi eta igande arratsaldean bukatuko duzu. Bitarte horretan hainbat jarduera antolatu dira, egitasmoa girotzeko.

Bazkaria, parrilada, oinezko martxa bat ere izango da, haurrentzako jolasak eta pailazoak... Oro har,  ekitaldi garrantzitsuena nire erronka izango da, eta horren inguruan antolatu dira beste saioak. Ospitalean izan nintzenean guztiz hunkituta atera nintzen, eta orain haien alde egingo dudan ahaleginak merezi izango du, zalantzarik gabe.  Gauza polita izango da eta espero dut jendeak ere egitasmoarekin bat egitea.



Uretara piratekin

Uztailak 11, larunbata
16:30. Carlos Peña igerilariaren irteera Arraunetxetik. 24 orduz ariko da igerian Oria ibaian.
16:30-19:30. Gaztelu puzgarriak haurrentzat, tailerrak, jolasak eta Ane Pirataren bisita, ikastolan. Borondatezko sarrera.
19:30. Hanburgesa parrilada, ikastolan.


Uztailak 12, igandea
10:30. Elkartasunezko martxa nordikoa; 8 kilometroko ibilbidea. Kanpinetik hasi eta herriko plazan bukatu. Izena irteera gunean eman daiteke.
13:30. Paella erraldoia herriko plazan.
16:30. Carlos Peña igerilariaren erronkaren bukaera, eta harrera herriko plazan. 

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info