Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Imanol Lopez, zesta-punta jokalaria

2015-07-16,10:00:00

Gorka Zabaleta - Baleike.eus . Floridako (AEB) pilotalekuak izan dira aspaldiko urteotan zesta punta jokalari profesionalen ia helduleku bakarra, baina han ere egoera okertu egin da. Azken urtean, Zumaiara bueltatu dira Gotzon Enbil eta Iñaki Osa Goikoetxea; eta duela egun gutxi jokatu zuen Imanol Lopezek agurreko partida Miamin. Irailean Mexikora doala iragarri du. Bitartean, etxera bueltatu da, Zumaiara, aspaldiko oporraldi luzeenaz gozatzera.

 
Enbil eta Goikoetxea Zumaiara etorri dira bueltan, zuk Miami utzi duzu... Zer gertatu da azken urtean Floridako frontoietan?
Iaztik gauzak asko aldatu dira Ameriketan, eta okerrera gainera. Adibidez, Danian pilotalekua itxi dute hilabete batzutarako, eta ondorioz pilotari asko, tartean Enbil, bueltan etorri dira Euskal Herrira...

 
Baina pilotalekua betirako itxi dute edo berriro zabaltzeko asmoa al dute?
Badakizu kontu horiek nola izaten diren... Berriro zabaltzea nahiko nuke, denontzat izango litzateke ona; baina tartean interes asko daude, zesta punta arriskuan jartzen ari diren zenbait mugimendu ere bai.

 
Zer mugimendu?
Zesta puntak babes handia izan du orain arte lege aldetik. Kasinoentzat lizentzia lortzeko modu bat izan da zesta puntako frontoia martxan izatea. Baina lege hori aldatu nahi dute kasino jabeek beraiek, eta presio handia ari dira egiten Floridako parlamentuan. Kasinoek zama modura ikusten dute zesta punta, eta gainetik kendu nahi dute, nola edo hala. Parlamentuan egin den azken bozketan legea mantentzearen alde egin dute parlamentariek, baina abenduan berriro bozkatuko da. Azkenean, lehenago edo beranduago, lortuko dute kentzea.

 
Eta orduan zer gertatuko da zesta puntarekin?
Han kasinoei esker mantendu da gaur arte, eta babes hori galtzen bada ez du etorkizunik. Eta pena litzateke, oraindik ere leku oso egokia delako gazteentzat. Niretzat dagoeneko ez da erakargarria, baina ibilbide bat egin nahi duten gazteentzat bai. Zestan jokatuz soldata bat ateratzeko aukera daukazu, herrialde berri bat ezagutu, ingelesa ikasi, ikasketak egin...

 
Miamiko frontoian ere aldaketak izan dira. Iñaki Osa Goikoetxea Zumaiara bueltatu da, eta zeuk ere frontoia utzi duzu...
Baldintza ekonomikoak izugarri zorroztu dituzte. Soldatak berdindu dituzte, gehien kobratzen zutenei asko jaitsiz. Iñakik erabaki zuen baldintza haietan ez zegoela jarraitzeko prest eta Zumaiara bueltatu zen. Hori berak ere azaldu zuen bere garaian. Nik sentitu dut aro bat bukatu dela niretzat. Miamin 11 urte egin ditut, irabaz nitzakeen ia txapelketa guztia irabazi ditut, une ederrak bizi izan ditut, baina bide hura agortu dela sentitzen dut. Beste proiektu batzuk dauzkat orain buruan.

 
Mexikora zoazela iragarri duzu; zer asmo dituzu?
Nire bizitzako aro berri bat hasteko gogoz noa Mexikora. Miamira 20 urtekin iritsi nintzen eta han egin naiz pertsona heldua. Bizitzaz asko ikasi dut, goi mailako ikasketak egiteko aukera izan dut –enpresa kudeaketa– zesta puntan jokatzearekin batera, eta AEBetako nazionalitatea ere lortu dut. Orain 31 urte dauzkat, eta beste pauso bat eman nahi dut nire bizitzan. Mexikora noa, alde batetik ikasitakoa aplikatzera. Ostalaritzak eta gastronomiak asko erakartzen naute eta lagun batzuek mundu hori barrutik ezagutzeko aukera eman didate. Eta beste proiektu bat ere badaukat lagun batekin, eta hura martxan jarri nahi genuke.

 
Eta zesta punta?
Zesta punta ere bai, ez daukat lagatzeko asmorik. Mexiko DF-n frontoia irekitzeko asmoa dute, Gabonak aldera. Ikusiko dugu azkenean proiektua gauzatzen den, baina niri gustatuko litzaidake han jokatzea.

 
Mexikon lehen ere jokatu izan dituzu jaialdiak. Zer nolako esperientzia izan da?
Mexikon badaude beste pilotaleku batzuk. Acapulcon jokatu izan dut, eta oroitzapena oso ona da. Bi mila lagunen aurrean jokatu genuen eta gogoan daukat amaieran txalo zaparrada luzea eskaini zigutela.
 

Nazioarte mailako zirkuitu moduko bat antolatzeko asmoa ere ba omen dago...
Nazioarteko Federazioa dabil proiektu horrekin. Tenisean egiten denaren antzeko zerbait litzateke, zesta puntaren neurrira ekarrita. Frontoian egunero kinielak eskaintzen badituzu jarraitzaileak azkenean aspertu egiten dira; baina antolatzen baduzu mundu mailako zirkuitu bat, eta denen artean txapelketa bat, leku bakoitzean torneo bat jokatuz, beste erakargarritasun bat izan dezake.

 
Udan Euskal Herrian partidarik jokatzeko asmorik?
Ez, aurten erabateko oporrak hartu ditut. Irailean Mexikora joan arte oporrak, besterik ez.

 
Udan etorri zarenean eta pilotalekua oso aurreratuta dagoela ikustean, zer pentsatu duzu...
Pozgarria da ahalegina egin dela eta pilotalekua laster prest egongo dela ikustea. Egia da orain zesta puntak ez duela unerik onena bizi, baina garaiak alda daitezke. Gazteenentzat oso ona izango frontoia edukitzea, eta gu prest gaude laguntzeko.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info