Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Andrea Zaldua, eskubaloi jokalaria

2015-07-28,17:00:00

Aritz Mutiozabal. 19 urte bitarteko Europako Txapelketa jokatzen ari da Aialako jokalari zarauztarra Valentzian, Espainiako selekzioarekin. Taldea bigarren faserako sailkatu da.


Bigarren faserako sailkatu zarete, lehenengo ligaxkan bigarren postuan bukatu ondoren. Hasierako helburua beteta?
Bai, gure hasierako helburua hori zen. Duela bi urte, Poloniako jubenilen mailako Europako Txapelketan, antzeko egoeran izan ginen: Portugalek Errumaniari hiru golen aldearekin irabaziz gero, bigarren fasera sailkatuko ginen, baina lau goleko aldearekin irabazi zion, eta ezin izan genuen aurrera . Azkenean, hamahirugarren bukatu genuen. Beraz, bageneukan arantza kendu eta irabazteko gogoa.



Gaur helduko diozue bigarren faseko ligaxkari, zailtasun batekin; Norvegiaren aurkako porrota kontuan hartu dute sailkapenean.
Hala da, bai. Desabantaila horrekin ekingo diogu ligaxkari.  Gaur Hungariaren aurka neurtu beharko ditugu indarrak, eta bihar Suediaren aurka. Suedia, esaterako, duela bi urte txapelduna izan zen jubenilen mailako Europako Txapelketan. Hori horrela, ez da lan erraza izango. Dena dela, guztia emango dugu kantxan.



Multzo zailena tokatu zaizuela esan al daiteke?
Gure ustez, bai. Hasierako ligaxkan Norvegia, Portugal eta Bielorrusiaren aurka lehiatu gara, eta hor nahikoa erraz aritu gara, nahiz et norvegiarren aurka galdu. Espainiak etxean jokatzen zuenez, gure entrenatzaileak zein multzotan jokatu hautatzeko aukera izan zuen. Egia esan, aukeraketa ona egin zuen, baina Norvegia beti izan da talde sendoa eskubaloian.


Eta finalerdietara sailkatzeko aukerarik ba al duzue?
Jokalariok elkarren artean hitz egiten aritu gara, eta oso zaila ikusten dugu. Entrenatzailearekin eta talde teknikoarekin oraindik ez gara egon (elkarrizketa aurretik egina dago), eta ez dakigu haien iritzia zein den. Izan ere, jokalariok hoteletik ikusi genuen norvegiarren partida, entrenatzaile taldeak kantxatik jarraitu zuten bitartean.


Itxaropena ez da galdu behar.
Lehen postua lortzea ia ezinezkoa da, baina aurrean ditugun bi partidak irabazten saiatuko gara. Hungariaren aurka garaipena lor dezakegula uste dugu. Europako Txapelketaren aurretik torneo bat jokatu genuen, eta haien aurka aritu ginen. Partidako une batean hirugatik irabazten joan ginen, nahiz eta azkenean bostegatik galdu genuen. Baina haien aurka ahal dugula iruditzen zait. Suediaren aurka, aldiz, konplexuagoa izango da.


Dena dela, hasierako arantza hori kendu duzue. Edozer gertatuta ere lehen zortzi postuetan sailkatuko zarete.
Jakina, baina beti duzu txapeldun izateko gogo hori. Lehen fasea gainditu dugunez, datorren urteko Munduko Txapelketarako sailkatu gara, eta hori jada sari polita da; izan ere, iaz ez genuen bizipen hori gozatu ahal izan. Hasierako helburua  lehen zortzietan kokatu eta Mundialerako sailkatzea zen. Hori lortuta, ahal dugun egingo dugu ahalik eta ondoen bukatzeko.



Zure kasuan, ez duzu gehiegi jokatu. Taldea osatuta dago eta bertan tokia egitea nekeza da?
Bai. Gainera, nire postuan hiru jokalari gaude –Natalia Martinez, Patricia Descalzo eta hiru­rok­­–, eta oso sendoak dira. Niri konfiantza eta indarra falta zaizkit. Beharbada, dudana baino arego gehiago behar dut maila honetan jokatzeko.



Txapelketa aurretik bazenekien zein izango zen zure egoera taldean?
Banekien aipatutako bi jokalariak hasieratik jokatuko zutela partidetan. Orain arte ere ia inoiz ez naiz hasieratik atera kantxara. Igandeko partidan, adibidez, ez nuen jokatu, baina aulkitik animo ugari ematen nizkien taldekideei. Alde horretatik, behintzat, harro nago. Gainera, nazioarteko txapelketa hauek beti dira baliagarriak jokalari bezala hazteko eta esperientzia lortzeko.



Europako Txapelketa jokatzen ari zara, eta Munduko Txapelketarako txartela lortu berri duzue. Bestetik, Ohorezko Mailara igo zarete Aiala Zarautzekin. Urte biribila izaten ari al da aurtengoa ?
Niretzat, behintzat, urte ederra izaten ari da. Aialarekin bizitako  momentua ere sekulakoa izan zen, igora fasekoa batez ere.



Zu, ordea, Bera Bera taldeko jokalaria zara berez.
Iaz Bera Berak fitxatu ninduen eta berez talde donostiarreko jokalaria naiz. Aiala Zarautz taldean lagata jokatu dut aurreko denboraldian, eta aurten ere etxean  jokatuko dut. Bera Beran ere jokalari onak daude nire postuan, eta Zarautzen jokatzeko aukera gehiago dudanez, esperientzia hartu nahi dut goiko mailan. Nik 19 urte ditut oraintxe bertan, eta kantxa barruan minutuak izatea da komeni zaidana. Ondoren, ikusiko dugu Bera Beran jokatuko dudan.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info