Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Ainhoa Murua, triatleta

2015-07-29,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Datorren urteko Rioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko txartela du helburu kirolari zarauztarrak, eta horretan dabil biru-belarri. Igande honetan, Rion bertan izango du proba.


Asteburuan Rion duzu proba. Hain justu ere, hemendik urtebetera Olinpiar Jokoak jokatuko diren toki berean.
Datorren urteko Olinpiar Jokoen aurreko urteko test-a izango da. Jokoetako ibilbide  berdina izango da, eta, alde horretatik, proba garrantzitsua  izango da; batetik, ibilbidea ezagutzeko aukera izango dugulako eta, bestetik, beste probetan baino proba gehiago egongo direlako jokoan. Herrialde askok hautaketa proba gisara erabiltzen du hitzordu hau, eta maila handiko lasterketa izango dela aurreikusten dut.



Zer helbururekin zoaz?
Zirkuitu horretan lehiatuko garen lehen aldia izango dugu triatleta guztiok. Gainerako probekin alderatuta oso ezberdina da: oso gogorra da. Bizikletako zatiak %20ko maldak ditu, eta igeriketako irteera hondartzatik egingo dugu, olatu eta guzti. Parte hartzaile guztiok gaude ibilbidea ezagutzeko gogoz.



Maldatsua eta olatuekin. Zarauztarra izanik, zuretzako abantaila izan al daitezke baldintza horiek?
Ez dakit. Ikusi egin beharko dut nola moldatzen naizen. Jendea oso indartsu dabil, eta bereziki proba honetarako prestatu da, Jokoetako txartela bertan lor dezakeelako. Hasiera batean, ibilbidea ongi datorkit, baina lasterketa exijentea da, hango aldapak Zarauzko Triatloiko murruaren antzekoak baitira. Bertan ibili naiz gora eta behera entrenatzen. Bizikletako zatiak baldintzatuko du lasterketa. Azkarra baino gehiago, trinkotasun handikoa izango da. Esperientziak, beharbada, nire alde joka dezake kasu honetan.


Sailkapen orokorrean nola zaude kokatuta une honetan? Ziurtatuta al daukazu Olinpiar Jokoetarako txartela?
Ez, oraindik ez. Jokatu ditudan azken probetan emaitza txukunak lortu ditut, eta horrekin batera, puntu politak lortu ere bai. Oraindik denboraldia amaitu arte ezingo dut jakin txartela lortu dudan ala ez. Nire aurtengo helburua hori da, denboraldi amaierako txartela nireganatzea eta datorren urtea Jokoetarako lasai prestatzea. Lortuko ez ba­nu, datorren urteko maiatza bitartean batu beharko nituzke sailkatzeko behar diren puntuak. Denboraldia bukatu bitartean  proba dezente geratzen zaizkit oraindik, eta ea ongi ateratzen zaizkidan.  


Puntu kopuru jakin bat lortu behar duzula, alegia.
Bai, puntu kopuru jakin bat lortu behar dut, eta gero federazio bakoitzak bere irizpideak zehazten ditu. Munduko sailkapen orokorrean ongi kokatuta egon behar dugu parte hartze txartelak lortzeko, eta gero federazio bakoitzak erabakitzen du zein triatleta bidaltzen duen selekzioa ordezkatzera.



Baina bertan egoteko zailtasunik ez duzu izango, ezta?
Zailtasunak ikusten ditut, noski. Ez dut batere erraza. Lau neska gabiltza Espainiako taldean, eta gehienez ere hiru txartela lor ditzakegu, baina hiru lortzea oso zaila ikusten dut. Uste dut bi lortuko ditugula. Printzipioz, lau ordezkarien artean ni neu nago ondoen kokatuta, baina urria bitartean zazpi lehiaketa daude, eta azkenera arte gauzak ongi egin beharko ditut.


Duela bi astea hirugarren izan zinen Europako Txapelketan, Genevan. Podiumera igotzeak segurtasun∫ eta konfiantza handiagoa eman al dizu?
Bai, zalantzarik gabe. Europako Txapelketako ibilbidea ere oso gogorra izan zen, oso maldatsua.  Taldeburuan sartzeko aukera izan nuen, eta Londresko Olinpiar Jokoetako irabazle eta Europako Txapelketan garaile izan zen Nicola Spirigen erritmoari eusteko gai izan nintzen, azkenean hirugarren helmugaratuz. Hasiera batean, bizikletan indartsu samar nabil, baina ezin dut Rioko probarekin alderatu, bi proba ezberdin baitira. Azken bi astetan, bai Genevan bai Hamburgon, txukun aritu naiz lehiatzen, eta horrek segurtasun handia ematen dizu.


Bolada onean zaude orain, baina denboraldi hasieran lesio batekin ibili zinen. Guztiz osatuta al zaude?
Lesio batetik atera orduko beste lesio bat izan nuen: orpoan talagia bat. Mina arintzen joan zaidan arren, ez da guztiz desagertu, eta azken proba hauen ondoren, mina areagotu egin zait. Orain lesioa hartatzen aritu naiz, eta badirudi hobetu zaidala. Horregatik diot adi ibili behar dudala. Nahiz eta gauzak ongi atera zaizkidan, ongi zaindu behar dut hanka, oraindik lasterketa ugari geratzen zaizkidalako. Beldur gehien horrek ematen dit, lesioaren erruz geratu behar izate horrek, hain zuzen ere.


Adinean ere aurrera zoaz; 37 urte dituzu. Fisikoki maila profesionalean lehiatzea gero eta zailagoa egiten al zaizu?
Urte asko daramatzat, eta zorionez lesio gutxi izan ditut. 2012tik 2014ra arazoak izan ditut orpazurdarekin, eta lesio batek beste bat ekartzen du. Egia esan, azken bi urtetan eduki dut arazo gehien alde horretatik. Asko entrenatzeak arrisku hori dakar. Dena dela, ariketa fisikoei eta fisioterapeutari esker pixka bat kontrolatzen ari naiz. Azken finean, adinak ez du barkatzen, eta alde guztietako minak agertzen joaten dira pixkanaka, lehen ez nituenak. Baina, ea beste urtebetez irauten dudan.



Urtebete horrek esan nahi du Riora iristea, eta laugarrenez Olinpiar Jokoak jokatzea. Ez dago kirolari asko lau aldiz Jokoetan hartu duena parte.

Oso kirolari gutxi dira hainbeste Jokotan izan dena. Triatloi munduan izan dira lau aldiz lehiatutakoak, egun erretiratuta daudenak. Egia esan, ez da erraza horretara iristea. Lau urtean behin jokatzen dira, eta lau alditan jokatuz gero, urte asko dira maila horretan lehiatzen. Nik oraindik ez dut lortu, baina pauso batera nago.



Beste urtebete aipatu duzu. Zure kirol ibilbide profesionalari bukaerako epe bat jarri al diozu bada?
Une honetan, buru-belarri nago Rioko Olinpiar Jokoetan sailkatzeko helburuarekin, eta ez nago nire ibilbidearen amaieraz pentsatzen. Baina argi dut ez dudala beste ziklo bat osatuko Jokoen ondoren. Urte asko daramat, eta gero eta gehiago kostatzen zait. Gustura egiten dudan zerbait da, baina egunero-egunero ia egun osoz entrenatzen dut, eta azkenerako nekeza egiten da.



Asteburu honen ondoren, nola duzu egituratuta lehiaketen egutegia.
Rioko probaren ondoren, beste lau lasterketa ditut jarraian: hiru astetara Stockholm (Suedia); handik bi astera Edmonton (Kanada); handik beste bira Chicago (AEB); eta astebetera Cozumel (Mexiko). Denboraldi betean murgilduta nabil, eta batetik bestera nabil. Zarautzen astebete eman dut, baina hilabete etxetik kanpo ibili naiz, Europako Txapelketa dela Hamburgo dela.


Finkatutako helburua lortzeko ezinbestekoa izango da proba guztietan txukun aldera ibiltzea, ezta?
Garrantzitsua izango da aurrean ditudan proba horietan guztietan erregularra izatea. Lasterketaren batean emaitza honen bat lortuz gero, puntuazioak nabarmen egingo luke gora. Baina nire asmoa  probaz proba ahalik eta puntu gehien pilatzen joatea da Jokoetarako txartela lehenbailehen lortzeko.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info