Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Irakoitz Etxeberria, Orioko patroia

2015-07-31,10:00:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza . 2008an patroi onenaren saria jaso zuen, eta orain ere TKE Ligako Patroi Onenaren sailkapenean lehen postuan dago oriotarra. Taldea egiten ari den lana errepasatu du.


Patroi onenaren sailkapenean lehen postuan sailkatuta zaude. Ondo egindako lanaren fruitua dela iruditzen al zaizu?
Beti pozgarria izaten da sailkapenen batean lehen postuan izatea. Dena dela, patroi onena aukeratzeko erabiltzen dituzten irizpideak berezi samarrak dira; horregatik, nahiago dut entrenatzaileak eta arraunlariek esaten didatenarekin geratu. Entrenatzaileak lan txukuna egiten ari naizela esaten dit, eta arraunlariak oso gustura daude nire lanarekin. Hori da garrantzitsuena.

Zer hartzen dute kontuan patroi onena aukeratzerako orduan?
Ontzi guztietan GPS bat daramagu, eta epaileek kontuan hartzen dute traineruak ziaboga emateko behar duen denbora. Baliza baino 50 metro lehenago hasi, ziaboga eman eta hurrengo 50 metro arte; traineruak distantzia hori osatzeko behar duen denbora, alegia. Hiru balizetako denborak batzen dituzte, eta estropadan egin den denborarekin konparatzen dute. Koefiziente bat ateratzen da, eta hori zenbat eta txikiagoa izan, esan nahi du ziaboga ematen denbora gutxigo behar izan dela. Dena dela, erabiltzen duten formula kaltegarria izaten da txalupa azkarrentzat. Guretzat zailagoa da patroi onenaren sailkapenean puntuak ateratzea.

Orduan, zergatik zoaz sailkapeneko lehen postuan?
Bi estropada txar egin ditugu liga hasi zenetik. Baina, ziabogak azkar eman genituen, eta bi kasuetan hiru puntu eman zizkidaten. Dena dela, niretzat hori ez da patroi ona izatea. Garrantzitsuagoa da jakitea, estropada gehienetan hiru ziabogetako denborak batuta azkarrenak gu izan garela. Gustura nago ez lehen postuan nagoelako, denbora onak egiten ari garelako eta Orio aurten ziaboga oso onak ematen ari delako baizik.

Zer da zuretzat patroi ona izatea?
Mila faktorek eragiten dute, baina nire iritziz taldea motibatzeko gaitasuna izan behar du patroi batek. Desberdindu egin behar dira lemazaina eta patroia. Lemazaina txalupa zuzen eramaten duena da; patroiak liderra izan behar du. Estropadan zehar norabide egokia eramatea eta ziaboga azkar ematea garrantzitsua da, baina patroiak gai izan behar du arraunlariei sinestarazten hiru segundo atzetik joan arren irabazi dezaketela. Hori ez da ziabogetako denboretan ikusten, hori txalupa barruan ikusten da.

Izango dituzue moduak une kritikoetan arraunlari bakoitzaren onena ateratzeko, ezta?
Traineruko aita da patroia. Ni hiru seme-alaben aita naiz, eta askotan lan gehiago ematen didate arraunlariek etxekoek baino. Urte asko daramagu elkarrekin egunero entrenatzen, ondo ezagutzen dugu elkar, eta garrantzitsua da estropadetan arraunlarien %100 ateratzea. Badakit arraunlari bakoitza zerk motibatzen duen, aurpegira begiratuta zein dagoen urduri, norengan babestu naitekeen estropadako une zail batean erronka bota eta denen konplizitatea lortuz egoerari buelta emateko.

Nola ikusten duzu taldea?
Orion arrauna modu berezian bizi da, eta badirudi denboraldi ona egiteko banderak irabazi behar direla. Bandera bakarra irabazi dugu aurten, baina txalupa oso azkar dabil, eta emaitzak iristea espero dugu. Lehen zazpi estropadetan zorte txarra izan dugu kaleekin, eta agian guk ere ez genuen %100 emango. Azken hiru estropadetan erakusten ari gara gu ere hor gaudela, eta parekotasun handia dagoela taldeen artean. Lehen lau traineru punta-puntan ibiltzen ziren, gainontzekoengandik urrun. Diferentzia hori txikituz joango da, ikusi besterik ez dago San Juan eta San Pedro erakusten ari diren maila; eta galiziarrak ere oso gogor datoz.

Traineru estropaden maila goraka doa, beraz?
Arraunlariok ahal dugun guztia ematen dugu urtean zehar entrenamenduetan eta uda garaian estropadetan. Dena dela, zenbaitetan antolaketan akatsak izaten dira, eta TKE Ligan urtez urte gauzak hobetzen ari badira ere, oraindik gauza asko daude hobetzeko.

Asteburuan Espainiako Txapelketa jokatuko duzue. Astean zehar aipatu dute parte-hartzaileak osatu ezinik dabiltzala. Zer gertatzen da Espainiako Txapelketarekin?
Lehen Espainiako Txapelketan dirua jartzen zuten, baina orain ez da horrela. Denboraldia oso zorrotza da, estropada asko dira, eta egutegi estua dugu. Estropada bat kentzekotan Espainiako Txapelketara joateari uko egiten diote askok, bai baitakite diru sariak irabazteko aukera gutxi dutela, eta zenbaitetan gastu handia dela.

Zuk zer iritzi duzu?
Niri pena ematen didana da Euskadiko Txapelketari ez ematea merezi duen garrantzia. TKE Ligan euskaldunak gara indartsuenak, eta ez dut ulertzen zergatik jartzen duten Euskadiko Txapelketa asteazken arratsaldean. Asteburuan jokatzea merezi duela uste dut.

Zer moduz ikusten duzu Orioko nesken trainerua?
Urtetik urtera taldea egonkortzen ari da, eta lan txukuna egiten ari dira. Hemen sekreturik ez dago, emaitza onak lortzen ari dira lana gogor egiten ari direlako. Kontuan hartu behar da taldea sortu zutenean zenbait arraunlari inoiz arraunean ibili gabeak zirela. Arraunak kanpotik erraza ematen du, baina teknika asko eskatzen du, eta hori lortzeko denbora behar izaten da. Azken urteetan ikusi da nesken arrauna garrantzia hartzen ari dela, beraiek ere oso serio entrenatzen dute, eta ikuskizun polita eskaintzen ari zaizkigu asteburuero, traineruen artean lehia estua baitago.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info