Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Maider Collantes, Aiala Zarautz taldeko atezaina

2015-09-03,17:00:00

Derbi gipuzkoarrak emango dio hasiera Emakumezkoen Ohorezko Mailako denboraldiari: Aiala Zarautzek Bera Bera taldearen aurka jokatuko du larunbatean, 18:00etan, Donostiako Bidebieta kantxan. Liga hasiera zaila izango dute zarauztarrek, baina gogoz daudela adierazi du Maider Collantes Aialako atezainak. Mailari eustea da taldearen helburu nagusia, eta hori lortzen ahaleginduko dira.

Iritsi da goiko mailan debuta egiteko unea. Zer moduz aurkitzen da taldea?

Denboraldia hasteko gogoz gaude. Denboraldiaurrea ongi joan zaigu, nahiz eta Bera Beraren aurkako partida, hain justu, ez zitzaigun ongi atera. Dena dela, ilusioz gainezka gaude, presiorik gabe, eta etorriko zaigunari aurre egiteko prest, baita gozatzeko ere.


Ezberdina izango da ligako lehen partida?

Aurreko asteazkenean neurtu genituen indarrak, baina ez zen partida esanguratsua izan guretzako. Aurretik jokatu ditugunak hobeak izan dira. Baina aste osoa lanean daramagu Bera Beraren aurkako lehia prestatzen, eta gogoz hartuko dugu, ezer galtzeko ez dugulako.


Nola hari zarete bizitzen liga hasi aurreko egun hauek?

Jauzi handia da Ohorezko Mailan jokatzea, baina denboraldiaurreko sentsazioak onak izan dira eta datozen partidetan aurkariei lanak emango dizkiegula uste dugu. Norgehiagoka batzuk zailak izango dira, dudarik gabe, baina dugun guztia emango dugu. Gainera, etxean jokatzen dugunean, gure afizioaren babesarekin, ziur puntu bat edo beste geureganatuko dugula.


Etxeko partidak irabaztea izango al da mailari eusteko gakoa?

Hala da, bai. Etxeak altxor bat izan behar du, eta gero kanpoan ahal duguna egiten saiatuko gara. Bidaia luzeak egin beharko ditugu, eta guztiok lan egiten dugu, eta hori gogorra izango da guretzat. Animoz beteta gaude, ordea, eta talde polita osatu dugu denboraldiari aurre egiteko.


Egutegiari begiratuta, hasiera nahiko konplexua tokatu zaizue, ezta?

Iazko denboraldiko lehen zazpi sailkatuen aurka jokatu beharko dugu. Ez da hasiera erraza izango, baina jakin badakigu zer datorkigun gainera eta prest egon beharko dugu bukaerarako. Izan ere, bukaerako partida horietan jokatuko dugu ligan mantentzeko aukera. Burua oso argi izan behar dugu, eta entrenatzaile taldeak lan bikaina egin dute aurtengoari aurre egiteko.


Beti egon ohi da ezustekoa ematen duen talderen bat. Aiala Zarautz izango al da aurten?

Espero dugu baietz. Hori hala izan dadin nahiko genuke. Talde aurkariei errespetua sorrarazi nahi diegu Zarautzera jokatzera etortzen direnean. Borrokatu egingo dugu, eta ahal duguna lortu. Bestela, behintzat, gozatu egingo dugu; iaz ez baikenuen espero gorengo mailara iritsiko ginenik. Baina, printzipioz, mailan gelditzeko asmoarekin gatoz.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info