Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Kirol Jardunaldiak >> Agenda >> 0000-00-00

EgunaTokiaNonOrduaKirola
K 00ZumaiaSurfa

Alex Uranga: “Belauneko lesioa sendatzea izan da nire lehentasuna”

Gorka Zabaleta. Kanariar Uharteetatik indarberrituta etorri da Alex Uranga (Zumaia, 1990), makulua eta belauneko minak erabat ahaztuta.

Duela urtebete belauneko lesioa izan zenuen. Zer gertatu zitzaizun?
Urte hasieran sumatu nuen eskuin belauna ez nuela ondo. Entrenamendu batean igarri nuen belauna atera bezala egin zitzaidala. Barne meniskoa zela esan zidan medikuak. Hasieran ez nuen ebakuntzarik egin nahi, baina ez zen beste erremediorik egon. Ebakuntza egin eta segituan errekuperatu nintzen.
Lau astera uretan nengoen berriro, eta Zirkuituko lehen bi probetan ondo ibili nintzen, Arican (Txile) batik bat [bosgarren egin zuen].

Baina lesioa ez zen hor amaitu, denboraldi amaieran berriro agertu zen…
Hala da, berriro arazo berbera, eta bigarrenean gainera itxura okerragoa zuen. Sintrako (Portugal) probaren ondoren izan zen. Zoritxarrez, han amaitu zen denboraldia niretzat, azken bi probak ezin izan nituen jokatu.

Eta horrek ezinegona eragin al zizun?
Inori ez zaio gustatzen sailkapenean postuak galtzea, baina min hartu nuenetik belauneko lesioa sendatzea izan da nire lehentasuna. Nire kezka izan da belauna ondo osatzea. Oraindik 25 urte dauzkat eta ez nuen bizitza osorako mugatuta gelditu nahi.

Eta erabat osatuta al dago belaun hori?
Zorionez bai. Bigarren aldi hartan lasaiago hartu nuen errekuperazioa. Bizikletan ordu asko egin ditut, belauna sendotzeko, eta lesioa gaindituta dago.

Iazko sailkapenean 18. amaitu zenuen, Top16tik kanpo. Horrek eraginik izango al du aurten Zirkuituan lehiatzeko orduan?
Printzipioz ez du inolako ondoriorik izango, normaltasunez lehiatzeko aukera izango dut. Aurten 30era zabaldu dute maila gorena eta hor goian izango naiz.

Baina Zirkuituko aurreneko proban, Hawaiin, ez zara izango. Zergatik? Beti izan da zure oso gogokoa…
Egia da, Hawaiiko proba oso berezia da guztiontzako. Aurreneko proba izaten da normalean eta han dagoen giroarekin, olatuekin, txapelketarekin erabat murgiltzen zara lehian urte osorako. Baina aurten ez joatea erabaki dut. Nahiago izan dut lau bat aste Kanariar Uharteetara joan, han ondo prestatu eta  bigarren probarako topera egotea.

Sailkapenerako ere puntu gutxiago emango ditu Hawaiik beste proba batzuk baino. Horrek zentzurik ba al du kirol ikuspegitik?
Gure iritziz hori ez da zuzena. Diru sarien kopuruaren arabera erabakitzen da proba bakoitzak zenbat puntu banatzen dituen, eta hori ez da egokiena munduko onena zein den erabakitzeko. Portugalgo metro erdiko olatu batek Hawaiiko Pipe-ak baino puntu gehiago ematea ez da bidezkoa.

Aurten bosgarren urtea duzu onenen artean. Nola ikusten duzu zure burua eta zer helburu dauzkazu?
Probetara noanean nire burua lasai ikusten dut, Zirkuitura eginda. Txapelketetan badakit zer egin behar dudan. Ez daukat hasiberriaren tentsio edo urduritasuna. Aurten berriro goian egon nahi dut. Bosgarren izan nintzen duela bi urte eta hori hobetzea da erronka.

Txapelketan zein dira faboritoak eta zein jarraitu beharreko izar berriak?
Txapelketa irabazteko hor egongo dira Jared Houston, Pierre-Louis Costes eta Amaury Lavernne; betikoak. Baina gazteak indartsu datoz: Ian Campbell (Hegoafrika), Socrates Santanas (Brasil), Tuner McDaniel (Hawaii)… Eta australiarrak ere bai. Dagoeneko Hawaiin daude, entrenatzen.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info